Telebistak modak zabaltzen ditu, eta horri esker aretoko edo kirol dantzak daude pil-pilean azken bolada honetan. Agian horregatik hasi ziren dantzatzen Sara eta Mikel derioztar gazteak. Gaur egun lehiaketetan hartzen dute parte Estatu osoan zehar, eta Espainiako lehenengoak dira beren mailan.
“Guretzat dantza ez da soilik zaletasuna. Ogibidea denik ere ez nuke esango, behintzat oraindik, baina dantza bada zaletasuna baino askoz gehiago”, esan digu Mikel Eguiak. Derioztarra gaztea da, 19 urte ditu, eta dantzatzeaz gain, Kazetaritza ikasten du Leioan. Sara Macarrilla adin berekoa da eta Administrazio eta Finantza goi-mailako heziketa zikloa ikasten dabil. Beraz, etorkizuna bermatuta dute, dantza haien lanbide bihurtzea lortzen ez badute.
Baina ziur asko lortu egingo dute. Izan ere, bikote derioztarrak ordu asko ematen du dantza egiten. “Astelehenetan eskola teknikoa egiten dugu maisuarekin Bilbon. Gainera, hilean behin beste irakasle bat etortzen da Bartzelonatik eta eskola ematen digu. Asteazkenetan ordubete ematen dugu elkarrekin dantzatzen Kultur Birikan, eta ostegunetan, ordu eta erdi. Ostiraletan, lan fisikoari ekiten diogu hiru orduz, pistan erritmoari eutsi ahal izateko: korrika egin, pilatesa, dantzak....”, aipatu du Sarak.
Eta denbora ez ezik, dirutza ere inbertitzen dute. “Gutxi gorabehera 2.500 euro gastatzen dugu urtean: bidaiak, hotelak eta txapelketetan izena ematea ordaindu behar ditugu. Eta horri janzkera gaineratu behar diozu”. Bartzelonako diseinatzaile batek ospe handia du dantzarien artean eta soineko bat egingo dio Sarari. Derioztarrak 840 euro ordaindu behar izango du horren truke. “Eta maila altuenetan, garestiagoak dira”, dio Sarak. “Jantzi bakarra da, eta hori ordaindu egin behar da. Niri bodya 350 euro kostatuko zait, eta prakak, 250”, esan du Mikelek.
Janzkera oso garrantzitsua da aretoko dantzetan. Neskek soineko eta zapata bereziak behar dituzte dantza latindarretarako, eta dantza estandarretarako beste batzuk. Mutilen janzkera ere aldatu egiten da, baina ez hainbeste. “Epai-mahaiak oso zorrotzak dira eta dantza aztertzeaz gain, arauak daude janzkerari dagokionez. Esate baterako, beheko mailetan neskek bizkarra estali behar dute eta gona beti belauneraino ailegatu behar da. Hasiberrien mailetan eskotea ere ezin da irekiegia izan”.
Baina arropa baino askoz inportanteagoa da dantzarien maila, noski. Eta ez bakarrik teknika, adierazten duten sentimendua ere bai. “Mikel eta biok txikitatik ezagutzen dugu elkar eta horrek konplizitate eta konfiantza handia ematen digu. Dantzariak baino, ematen du neska- eta mutil-laguna garela (kar, kar)”. “Bai, momentu guztietan jakin behar dugu besteak zer pentsatzen duen eta zer egingo duen. Dantzari bakarra izango bagina moduan aritu behar dugu. Beste dantzari batzuk gu baino teknikoagoak dira, baina guk hobeto ezagutzen dugu elkar eta hori dantza egitean islatzen dugu. Epai-mahaikideek horrelako gauzak hartzen dituzte kontuan. Irakasle guztiek esaten digute bikote ederra osatzen dugula”, aipatu du Mikelek.
Sarak eta Mikelek ia bost urte daramatzate elkarrekin dantza egiten. Beste dantzari batekin aritzeak alde onak eta txarrak ekartzen ditu. Onuragarria da kideari laguntza eta babesa ematen diozulako; eta kaltegarria, bataren akatsek bestearen jarduera oztopatzen dutelako. Gainera, elkarrekin dantza egiteko, orduak eta orduak behar dira, sinkronizazioa lantzeko. Sararen ustez, bakarrik dantza egitea errazagoa da. “Zerbait oker egiten baduzu, horrek eragina izango du zure bikotearengan eta berak ere txarto egingo du”.
Hastapenak
Amak Bilboko akademia batera eraman zuen Sara zortzi urte zituenan. “Nik aretoko dantzak egin nahi nituen, baina bikoterik topatu ez zidatenez, funkya dantzatzen hasi nintzen, bakarrik. Baina mutil bat aurkitu zidatenean, funkya utzi eta areto dantzei ekin nien”. Era berean, Mikel 14 urte zituela hasi zen dantzatzen. “Izekoa ikustera joan nintzen dantza akademiara, amarekin. Eta azkenean amak eta biok izena eman genuen akademian. Hasieran berarekin egiten nuen dantza, baina gero pentsatu genuen hobe zela nire adineko neska batekin aritzea eta, zorionez, Sararekin hasi nintzen”.
Oso lehiakortzat hartzen dute euren burua. Beraz, ez da harritzekoa lehiaketetan parte hartzea. “Erakustaldiak egiten hasi ginen akademian-eta, baina irakasleak txapelketetan parte-hartzera animatu gintuen. Lehenengo saioetan lehenengo postuetan bukatu genuen, eta horrek aurrera egiteko indarra eman zigun, baina gero konturatu ginen ez zela hain erraza, eta gogor lan egin behar zela lehiaketak irabazteko”.
Azken urteotan Estatu osotik ibili da Derioko bikotea dantza egiten. Urtean Espainiako hiru txapelketa nagusi egiten dira: dantza estandarrak, dantza latindarrak eta dantza mota biak uztartzen dituena. Eta hara joateko, dantzariek urte osoan zehar antolatzen diren gainontzeko lehiaketetan lortu behar dituzte puntuak. “Puntuen arabera sailkapenak egiten dira eta horrek presioa suposatzen du”, dio Sarak. Era berean, dantzarien trebetasunaren arabera, mailak daude. “Altuena Nazioarteko A da, eta baxuena, F. Gu D mailan gaude dantza estandarretan, eta sailkapen horretan lehenengoak gara Estatuan. Lehen, dantza latindarren sailkapenean ere baginen lehenengoak, baina aurrera egin dugu eta gaur egun C mailan gaude”.
A maila
“A mailara ailegatzea dugu helburu, eta hori lortu arte ez diogu dantza egiteari utziko, eta uste dugu xedea bost urte barru-edo lortu ahal izango dugula. Handik aurrera ikusiko dugu zer egiten dugun. Oso lagun gutxi bizi dira dantzatik, eta dantzarien karrera laburra izaten da normalean. Dantzatzeari uzten diotenean, dantzariak maisu aritzen dira. Akademia zabaltzea ere balegoke ondo, baita epai-mahaikidea izatea ere. Ez dakigu...”. Egia esateko, irakasle izateko aukera uste baino lehenago etorri zaie, Derioko Kultur Birikan eskolak ematen hasiko baitira. “Oso pozik gaude: alde batetik, dantza gazteen artean zabaltzeko aukera izango dugulako; eta bestetik, diru apur bat lortuko dugulako dantzak ekartzen dituen gastuak ordaintzeko”.
Esaten da euskaldunok ez dugula erritmorik. Sarak eta Mikelek agerian uzten dute hori ez dela beti egia. “Nire lagun batzuek oso txarto dantzatzen dute, baina akademiara joan ez direlako, ez euskaldunak izateagatik. Nik gogor egin dut lan eta, orain, gero eta hobeto egiten dut, baina orduak eta orduak ematen ditudalako. Dantza egitea gogokoa bada, edonoren eskura dago”. Derioko bikotea motibatuta dago. Bai, prest daude hurrengo dantzarako.
Kirol dantza
Kirol dantzak bi mailatan sailkatzen dira: estandarrak, hau da bals ingelesa, bals vienarra, tangoa, slow foxa eta quick stepa; eta latindarrak, hots, sanba, txa-txa-txa, rumba-boleroa, pasodoblea eta jive edo rock&rolla. Guztira, 10 dantza menperatu behar dituzte dantzariek. Estandarrak oso teknikoak eta zorrotzak dira; latindarrek, ordez, indarra eta sentimendua adierazten dute. Gazteei sanba eta tangoa gustatzen zaizkie bereziki. “Sanba aktiboena da eta figurak oso politak dira”.
Euskal Herrian Sara eta Mikel bezalako beste 14 bikote baino ez daude, eta federaziorik ez dago. Estatuko elitea Mediterraneo aldean dago, eta Espainiako Federazioaz gain, Aragoin, Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentzian badute lurraldeko federazio bana. “Lehiaketak astebururo-astebururo daude, eta guk hilean behin hartzen dugu parte, gertuen daudenetan batez ere; bestela, dirutza da. Lehiaketetan, 10 minutuko saio bi egiten ditugu: batean dantza latindarrak dantzatzen ditugu; eta bestean, dantza estandarrak”.
Gai nagusia