Amaia Ginea, kirolaria: “Txakurra gurago dot gizak

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 25a, 09:25

Ez da lehenengo aldia Amaia Ginea dakargula geure orrialdeetara, baina merezi dau. Izan be, larrabetzuarra kirolari amorratua da eta pelotan, triatloian eta futbolean ibili ostean, bikejoringean hasi da lehiatzen. Eta emaitza ederrak lortu ditu, Estaduko txapelduna da-eta. Kirol honetan bere pasino biak buztartzen ditu: kirola eta txakurrak. Beti kirolari lotuta, ezta? Beti izan naz kirolari amorratua. Eskupelotan txikitan hasi nintzan jokatzen. Hamalau urte nituala itxi behar izan neutsan, adin horretatik gorako neskentzat ez dagoalako txapelketarik. Gero triatloian hasi nintzan, baina min hartu neban eta horri be itxi behar izan neutsan. Eta futbolari ekin neutsan. Zortzi urtean ibili nintzan jokalari, beste bat entrenatzaile, eta azkenik mushingean sartu nintzan. Zergaitik aldaketea? Bakarrik taldean baino erosoago sentiduten naz lehian, oso lehiakorra nazalako. Batzuetan, taldeko kiroletan taldekide batzuek ez dabe behar beste emoten, eta nik ezin dot hori onartu. Eta kanikrossean hasi zinan... Bai, orain dala hiru urte kanikrossa ikusi neban telebistan, eta erakargarria iruditu jatan. Kirola berez mushinga da, baina hainbat mota ditu, eta euretako bat da kanikrossa. Ni hori egiten hasi nintzan, baina beste korrikalarien txakurrak gertuegi egozan, eta nire animalia urduri jarten zan. Beraz, bikejoringa, hau da, bizikletaz egitea erabagi neban. Egia esan, bizikletaz korrikaz baino politagoa iruditzen jat, teknikoagoa dalako eta esfortzu fisiko gitxiago eskatzen deustalako. Azken bost hilabeteotan, bizikletaz ibilten naz. Orain dala gitxi hasi zara, baina txapelketetan lortu dozuzan emaitzak parebakoak dira, ezta? Bai. Aurten Euskal Herriko zein Espainiako txapelketak irabazi dodaz. Gainera, Espainiako Kopan (bost lasterketak osatutako txapelketa) be nagusitu naz. Lehiaketetan Iñaki Lejarreta txirrindularia daukat gogoan. Nire mutilaren koadrilakoa izan zan eta auto batek harrapauta hil zan. Emaitzek apur bat harritu nabe. Nik primeran pasetan dot kanikrossean, eta oso motibauta nago: garaipenak lortu dodaz, izugarri lagundu deusten lagunak ezagutu dodaz... Oso ilusionauta nago eta ilusinoagaz dana lortzen da. Eta zein da hurrengo urratsa? Urrian, Europako txapelketara joango naz, Frantziara. Estatuan oso denpora gitxi daroe txapelketak antolatzen, eta ez dago eskarmentu handirik, baina adituek esan deuste banazala Europa mailan lehian sartzeko gauza. Eta saiatuko naz. Eta gero Munduko Txapelketara be joango naz. Ea zer gertatzen dan... Mundua ezagutuko dot behintzat (kar, kar...). Ikastera joango naz. Kirol honetan ez zagoz bakarrik. Aurkeztuko deuskuzu txakurra? Oker dau izena, eta artzain txakurra da. Esaten da txakurra gizakion lagunik onena dala, eta ni ados nago. Nik txakurra ala gizakia aukeratu behar badot, zalantza barik egingo neuke txakurraren alde: ez dabe inoiz huts egiten, beragaz dozun alkartasunak ez dau parekorik... Txikitan txakur bi hil jatazan eta ez neban gehiagorik gura, oso txarto pasau nebalako. Baina orain dala hiru urte lagunek Oker ekarri eusten eta poz-pozik nabil. Artzain txakurra ez da kanikrossa egiteko errazarik aproposena, eta horregaitik beste txakurkume bat hartu dot, alaskanoa dana, hau da, husky eta brako errazen gurutzaketa. Emaitza ule gitxi daukan txakur indartsu eta azkarra da. Xirak 11 hilabete ditu eta apurka-apurka hezten nabil nigaz txapelketetan parte hartzeko. Oker urduria da eta ez jako beste txakurrakaz ibiltea gustetan; Xira, aldiz, lasaiagoa da eta aukera handiagoa emoten deust etorkizunean mushingeko beste modalitateetan aritzeko, halan gura izanez gero. Esate baterako, patinean ibilteko txakur bi behar dira eta agian neureak erabili ahal ditut. Non eta zelan entrenaten dozu? Ez dogu entrenamentu berezirik egiten. Mendira joaten gara, eta kitu. Gehiago entrenau beharko neuke, baina tira... Europa eta Munduko txapelketetan ondo aritu gura badot, gogorrago entrenau beharko dot. Batzuetan bakarrik ibilten naz, baina besteetan, lagunakaz. Face­booken bidez harremanetan nago lagunakaz-eta, eta Aritz eta Naiara ezagutu nebazan bertan. Biak alkarregaz bizi dira Larrabetzun, eta eurek be mushingean ibilten dira. Eta askotan alkarregaz joaten gara entrenatera. Naiaragaz batera erakustaldia egin neban orain dala aste batzuk Larrabetzun. Erraza da txakurra eta bizikleta aldi berean menperatzea? Ez, bape ez. Eta neska gitxik egiten dogu. Arriskutsua da, menditik erori ahal zaralako. Horregaitik, neskek kanikrossa gurago dabe. Baina gero eta gehiago gara (kar, kar...). Mushinga Txakurrek bultzatutako lerak erabilten zituen Eskandinaviako biztanleek, edurretan azkar ibilteko. Denporearen poderioz, bizimodua kirol bihurtu zan eta mushinga jaio zan. Kirolagaz batera hainbat mota sortu ziran: zortzi txakurrek bultzatutako lau gurpileko ibilgailua; lau txakurrek bultzatutako hiru gurpileko ibilgailua; txakur bik bultzatutako patina; bikejoring edo txakur batek bultzatutako bizikleta; eta kanikrossa edo txakur batek bultzatutako korrikalaria. Kirolariek 6-8 kilometroko lasterketei egin behar deutsee aurre, eta kirola neguan baino ez da egiten. “Txakurrek ezin dabe korrika egin 16 gradu baino gehiago badago; bestela, beroegi dira”, azaldu deusku Amaiak. Kirol honen mailarik handiena, noski, Iparraldean dago, Norvegia, Finlandia edo Suedian, eta era berean, Estatuan; batez be, Katalunian eta Galizian.