Aspertzea

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 25a, 09:29

t: Bego Vicario

Gure garaira arte, aspertzearen esanahietako bat ausardia zen, hau da, aspertzen zenak ez zeukan ezer galtzeko, eta horrek ausart bilakatzen zuen. Gaur egun, konnotazio hori guztiz galdua du hitzak, eta zentzu ezkorra soilik gelditzen zaio, aspertzea gero eta txarragoa balitz bezala. Entretenimenduaren eta denbora-pasaren garai honetan, aspertzea debekatuta dago. Are gehiago, pentsatzen badugu ardura ekonomikoak edo sufrimenduak estututa dauden gizarteetan asperraldietarako astirik ere ez dela egoten, gurean, aldiz, horretarako denbora soberan daukagu, eta kanpoko estimuluz josi behar izaten dugu geure egunerokotasuna, hutsune horiek betetze aldera. Baina, zer gertatuko litzateke asperraldietarako esparru handiagoak utziko bagenitu? Pedante gelditzeko arriskuari aurre eginez, Kierkeegard filosofoaren aipamena egin nahi nuke, ironia eta argitasun kopuru berarekin, munduaren sortzea bera ere Jaungoikoaren asperraldiarekin lotzen baitzuen. Jaungoikoa aspertzen zenez, bada gizon-emakumeak sortu zituen. Beste zenbait alorretako jakintsuek ere honekin bat eginez, sortze prozesu eta prozedura mental interesgarrienekin lotzen dituzte asperraldiak. Gure senak zerbait egitera bultzatzen gaitu aspertzen hasten garenean, dela gure buruaren barruan ideiaren bat garatu, dela lagun batekin solasaldia egin, sorkuntza artistiko zein eguneroko eginkizuna bete, kuzinatu edo josi bezalakoak, kontua zerbait egitea izaten da. Oso posible da, beraz, ideia berri, argitsu, jator eta ausarta izatea aspertzen ari garen bitartean. Orduan, zergatik ixten dizkiogu ateak, zergatik egiten zaigu hain neketsu aspertzea? Ba, gure ausardi falta guztien atzean bezala, hemen ere beldurra izaten da arrazoi nagusia, pentsatzeari beldurra eta sortzeari beldurra, zer topatuko ote dugun buruaren barruan, itzelezko izua sortzen digu eta. XX. mendearen hasieran asmatu ziren, antza, lehenengo denbora-pasak, eta ordutik hona bide luzea egin dugu geure garuna distraitzeko saiatze horretan. Oraingo egunerokoan, denbora gehiago izaten gara kanpoko estimuluei erantzuten barrukoei men egiten baino. Ez dugu izaten bakarrizketa mentalerako abagunerik, eta gu geu izaten gara askotan besteen distrakzioa, hori guztiz ona balitz bezala. Baina ez al gabiltza bizitzarako lanabes pertsonal batzuk herdoiltzen uzten, ez erabiltzearen indarrez? Gure buruari, munduari eta lagunei erregalatzeko zenbat ideia eta eginkizun eder ari gara galtzen?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).