Josune Montón, aktorea: “Nire pertsonaia oso gordi

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 25a, 09:31

Donostiako aktoreak King Kong neska bakarrizketa aurkeztu zigun Zamudion Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik. Ikuskizuna Virginie Despentes-en King Kong Teoria liburuaren hitzaurrean dago oinarrituta, eta Iñaki Segurolak egin du itzulpena. Lagatzu Zamudio euskara elkarteak antolatu zuen ekitaldia. Zergatik neska basatia? Despentesen liburua irakurri nuen, eta pentsatu nuen hitzaurreak bazituela, bere tonuagatik, antzerkian egiteko aukerak. Martxoaren 8a dela-eta, zerbait prestatzeko eskatu zidaten herrian, eta haren irakurketa dramatizatua egin nuen. Baliagarria zela ikusi, eta pertsonaia landu nuen. Bestalde, oso gai interesgarria iruditu zitzaidan eta inportantetzat jo nuen han azaltzen diren ideiak zabaltzea. Izan ere, nik beti eman diot garrantzia mezuari, eszenatokian esaten ari naizenari. Gizartean ezarritako emakume ereduari buruz hausnartzen duzu bakarrizketan: etxekoandre ona, baina ez neskame; seduktorea, baina ez puta; langilea, baina bere gizonaren lana zapuztu barik... Eta horretarako, deserosotasuna sor dezakeen pertsonaia bat darabilzu. Zelako harrera du? Oso ona normalean; jendea gustura gelditzen da. Egia da hasieran apur bat shock dela, eszenatokira oso pertsonaia deseroso bat ateratzen dudalako, pixka bat makarroia, eta fisikoki ere oso okerra eta desegokia dena. Baina berehala harrapatzen da haria, eta jendeak barre egiten du, bere umore-puntua ere baduelako. Mezuarekin ere egoten dira ados, eta bat egiten dute planteatzen den emakumeen zerrendako batekin edo batekin baino gehiagorekin. Nondik atera da pertsonaia makarroi hori? Liburuan atal bi bereiz daitezke: alde batetik, hitzaurrea; eta bestetik, egileak kontatzen dituen bere bizitzako hiru momentu. Bere buruari buruz ere hitz egiten du eta, besteak beste, apur bat friki dela dio. Nire pertsonaia sortzeko erreferentzia bila nenbilela, liburuan zioen horretan oinarritu nintzen. Eta tonuan ere bai. Baina makarroia baino gehiago, nik oso pertsonaia gordina dela esango nuke, errealitatea gordina den modu berean. Oso aldaketa gutxi dago liburuaren hitzaurrearen eta zure bakarrizketaren artean. Egileak dio lehen aipatutako eredutik kanpo dauden emakumeentzat idazten duela: itsusientzat, histerikoentzat, kamioilarientzat..., eta zuk ere horientzat hitz egiten duzu. Eredu horren barruan daudenentzat edo egon nahi dutenentzat ere bai? Baina kontua da ez dagoela inor eredu horren barruan, ez dela existitzen. Ikuskizunean diot ondo iruditzen zaidala halako emakumeak egotea, politak, gazteak..., baina ni ez naizela halakoa; ni emakumetasunaren proletarioa naizela. Hala ere, geroago aipatzen dut eredu hori ez dela existitzen, ez dagoela eredu hori betetzen duen emakumerik. Ezinezkoa delako hain perfektua izatea. Eta gizonentzat? Gizonentzat ere bai, gizonak ere beren eredutik kanpo daudelako. Guztiok sentitzen dugu dagokigun ereduaren karga. Modu batean jokatu behar dugula uste dugu, baina azkenean beste modu batean jokatzen dugu. Sexu ereduak oso nabarmenak dira. Umeek, esate baterako, txiki-txikitatik dakite neskatoei zein kolore gustatzen zaien, eta zein, mutikoei. Eta nik ez dut uste hori genetikoa denik; hori ikasten dutena da, txiki-txikitatik ikusten dutelako. Oso barneratuta dauzkagu guztiok eredu horiek: gizonezkoek eurenak, eta emakumezkook geureak. Eta gizonezkoek gureak, eta guk haienak ere. Badakigu zelan izan behar den bestea, baina azkenean inor ez da eredu horiek dioten bezalakoa. Zein da emakumearen papera antzerki munduan? Egia da gauzak aldatzen ari direla, eta gero eta emakume gehiago ikusten dela lanean; eta oso era pertsonalean, gainera. Hala ere, orokorrean, nik ikusten dut oinarrian emakume asko eta asko daudela, oinarri hori aurrera eramaten, baina azkenean nagusitzen dela zeri ematen zaion balioa. Alde batetik, beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, emakumeak berak ez dio garrantzirik ematen bere buruari; eta bestetik, mundu sozialak ere ez du baloratzen. Gizonezkoen lanari emakumezkoenari baino balio handiagoa ematen zaio, gauza interesgarriagoak esaten omen dituztelako edo ez dakit nik zergatik... Eta balio hori eman zaienez, askotan gizonezkoenak dira jorratzen diren gaiak, eta emakumezkook apur bat atzerago gelditzen gara. Dena dela, gainerako arloetan bezala, mundua aldatzen denean aldatuko da antzerkigintzan ere balioaren kontua. Hau da, oso barneratuta daukagun zerbait da eta pertsonengan gertatu behar da aldaketa, eta pertsonengandik lanbidera pasatu. Emakumeok gertu dauzkagun erreferente asko emakumezkoak izan arren, historikoki eduki ditugun gehienak edo ia guztiak gizonezkoak izan dira. Antzerkigintzaren kasuan ere badago erreferente femeninoak sortzeko beharrik? Lehen esan dudan bezala, hori pixkanaka-pixkanaka ari da gertatzen. Eta gero badago merkatu bat Martxoaren 8aren eta Azaroaren 25aren inguruan, eredu horiek sortzeko aukera ematen duena. Baina nik uste dut erreferente horiek ezin direla modu artifizialean sortu. Nik interesatzen zaizkidan egileak edo sortzaileak ditut erreferentetzat antzerkigintzan, eta emakumezkoak izateagatik ez zaizkit gehiago edo gutxiago interesatzen. Haien lana nigana ailegatzen delako interesatzen zaizkit. Aktorea Josune Gorostegui Montónek (Donostia, 1970) hogei urte baino gehiago daramatza antzerki munduari lotuta. Estatu mailako zein nazioarteko birak egin ditu eta bakarrik zein beste konpainiekin aritu da; haien artean Legaleón eta Trapu zaharra antzerki taldeak azpimarra daitezke. Antzerki ikastaroak ere eman ditu. 2009. urtean Teatro Que Madura sortu zuen Laura López aktorearekin.