Kristorena prestatu zidaten lagunek atzerrira joan aurretik. Asteburua Donostian, lagun minez inguratuta. Baina Espainiako kamiseta domekara arte janztea, ihes egiteagatik ordaindu beharreko zigorra!
Etxetik atera ginen, hirugarren tragoa taberna batean hartzeko asmoz, baina ezin. Gazte pare batek taberna uzteko gonbitea egin zidan, eurek lagunduko zidatela bestela. Nire lagunek, txantxa bat besterik ez zela; hala ere, txantxak ez zien graziarik egiten, antza. Kanpora irten nintzen, baina eztabaidak jarraitu zuen nire lagunen, aurreko bien eta hurbildutako beste biren artean. Etxera joatea erabaki genuen arte.
Liskarra gau horretako eta hurrengo egunetako mintzagaia izan zen. Tabernako batek esandakoari bueltaka ibili nintzen: “Atzerritarra edo espainiarra bazina, tira, baina hemengoa izanik, badakizu probokazio bat dela”.
Gure herrian euskaldunak, espainiarrak eta neurri ezberdinetan bata eta bestea sentitzen diren banakoak bizi dira. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa izan beharko luke herri honek, baina gutariko bakoitzak bere sentipenak zeintzuk diren askatasun osoz azaleratzeko eskubidea bermatzea behar-beharrezkoa da bide horretan. Eskubideen urraketez betetako iraganaldi bat aldarrikatzen dute batzuek zein besteek, arrazoizko aldarrikapenak direla esatera ausartuko nintzateke. Borreroak milaka aurpegi dituen heinean, baditu egiak beste hainbeste.
Atzerritar batek kamiseta hori eramatea onartzeko gai gara, espainiar batek eramatea ulertzen dugu, baina ez euskaldun batek eramatea. Gauza batean ados nago gazte harekin: batzuek probokazio bat bezala hartuko zutela. Txantxa bat zen, baina ez du zertan izan. “Abertzale izan ezkero gaur, gauden denok anai”, dio kantak, baina atzokoak urrun. Iraganaldiko etsaiak mahai berdinean esertzeko ordua da.
Holakoetan zaila da esaten, klase politikoaren eta gizartearen artean, zeinek bultzatu behar duen zein. Baina askori gustatu edo ez, geu gara euskal herritarrak, geu guztiok. Horregatik ez genituzke norbere helburuak abiapuntutzat hartu behar, ez batzuek, ez besteek. Taberna hartatik aldentzen ari ginela beste koadrilako bi eztabaidatzen ari ziren gertatutakoaz. Ez da nahikoa, baina, beharbada, momentu honetan behar duguna. Apurka-apurka.