AprendeTEA elkartea: “Dibertsitatea aberasgarria d

Aikor aldizkaria 2014ko api. 29a, 11:08
Argazkiak: Monika Nadal
Derioko Kultur Birika urdinez argiztatu zen apirilaren 2an. Autismoaz Gogoeta Egiteko Nazioarteko Eguna izan zen bertan, eta egun horretan ere AprendeTEA elkartea aurkeztu zen jendaurrean. Victoria Palomo elkartearen presidentea da; eta Maria Isabel Picado, idazkaria. Martxan jarri duten egitasmo honen berri eman digute, iIlusio handiz. AprendeTEA autismoa edo Asperger duten umeen familiei zuzendutako elkartea da. Elkarteek zein gurasoek gure umeak aurrera ateratzen batzen ditugu indarrak: eskolatze-prozesuan lagunduz, unibertsitatera joan ahal direnekin lan eginez, lana topatzen lagunduz, etxebizitza... Hau da, gizarteratzen laguntzen diegu. Gurasook koterapeutak izango gara bizitza osoan zehar, eta askotan ikusten dugu ez dakigula zelan egin aurre egunerokotasunean sortzen diren egoerei; ez dugula gure umeekin lan egiten duten terapeuten heziketa; eta ez dakigula eurak erabiltzen duten lengoaia. Elkartearen helburuetariko bat hutsune hori betetzea da, eta gurasooi falta zaigun prestakuntza eman. Horretarako, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak... antolatuko ditugu. Beste helburu bat aisialdia familian ematea da. Elkarteek umeak asteburuetan hartzeko aukera ematen digute, guk atsedena hartzeko eta gainontzeko seme-alabei denbora eskaini ahal izateko. Eskertzekoa da, baina guk gure seme-alaba guztiekin nahi dugu aisialdia, aisialdi egokitu bat izan. Gure familia horrelakoa delako, eta horrela atera behar dugulako aurrera. Burua apurtu behar da horretarako, gauzak ondo antolatu... baina egin daiteke. Gainera, gurasoentzat oso mesedegarria da antzeko arazoak dituzten beste guraso batzuekin egotea, baliabideak badaude eta lan egiten bada, zoriontsu izan ahal dela ikustea. Familiak harremanetan egoteak indartsuago egiten gaitu, ez dugula lotsa eduki behar ohartarazten gaitu, harrotasuna baizik. Ezberdinak gara, baina esperientzia aberasgarria da. Ulertzen ez zaituztela sentitzen duzue? Bai. Gure umeek ez daramate minusbaliotasuna aurpegian, baina kasuaren arabera, badituzte portaerak ohikoak ez direnak. Hala, hitz egin beharrean oihu txikiak egiten dituzte; jarrera errepikakorrak dituzte; sentikortasun handia diote zaratari, argiei, autoen klaxonei, sirenei; edo ez dute hitz egiten, edo oso berritsuak dira... Mundua eraso handi bat bezala hartzen dute, eta gehiago ezin dutenean, ahal duten moduan erantzuten dute. Horrek arbuioa sortzen du jendearengan eta askotan goitik begiratzen dizute: “Hori mizke hazitako umea da, nahi duena egiten du”. Eta bestalde, gurasoak ere bagoaz gure bizitza sozialari pixkanaka-pixkanaka uko egiten. Jatetxe batera joaten bagara, ez dakigulako zer istilu sortuko duten; senideren baten etxera joaten bagara, ez dutelako jakingo gainontzeko umeekin jolasten eta, ziur asko, zerbait apurtuko dutelako... Hitz gogorra da arbuioa. Are gehiago, Asperger duten ume askok bulling-a pairatzen dute eskolan. Ume hauek iseka guztien helburu dira, ez dituztelako beren ikaskideen keinuak eta jarrerak ulertzen, interesatzen zaienari buruz asko dakitenez, askojakintzat har ditzaketelako gainontzekoek, edo irakasleari ere zuzendu ahal diotelako... Gainera, ume hauek ez dute gertatzen zaiena kontatzeko beharrik, eta, beraz, ez dute ezer esango pairatzen duten erasoari buruz. Oso inportantea da irakasleak adi egotea, zoritxarreko amaierarik ez egoteko, Salamancan joan den hilabetean gertatu zen moduan. Asperger zuen nerabe batek bere buruaz beste egin zuen. Horregatik da inportantea gizartea sentsibilizatzea, elkartearen eginkizuna ere badena. Dibertsitate funtzionalari lotuta dauden arbuioa eta ulertezintasuna ezjakintasunagatik sortzen dira. Dibertsitatea ona eta aberasgarria dela irakatsi behar diogu gizarteari, gure onena atera eta pertsona hobeak egiten gaituelako. Era berean, hitzak zaintzea ere ondo legoke. “Hori autista dela” esan beharrean, konnotazio negatiboa dena, “Hori autismoa duen pertsona bat da” esatea. Munduan bizi izateko modu berezi bat da, eta egunero borrokatzen dute aurrera egiteko. Autismo elkarteen Espainiako Federazioak adierazpen bat egin zuen apirilaren 2ren haritik. Han, eta gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, autismoa duten pertsonek langile moduan dituzten bertuteak batu zituzten. Besteak beste, oso pertsona fidagarriak dira, oso literalak direnez ez dutelako gezurra ulertzen; ondo moldatzen dira errutinara; asko dakite espezializatuta dauden arloari buruz; oso onak dira datuak sartzen, muntaketa-kateetan, liburutegietan lanean...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).