Gazteak, baserrira bueltan

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 22a, 09:46

t: Gaizka Eguzkitza

Hainbat aldiz entzun dugu gazteek baserritik ihes egiten dutela eta hirira joaten direla lan egitera. Garai batean horrela izan zen, ziur asko, baina gaur egun kontrako joera dago Txorierrin: gazteek hiriko lana utzi eta ortuan hasten dira lanean. Hona hemen adibide bi: Ander Lasa, Lezaman; eta Rakel Cordoba de Samaniego eta Nagore Arroitajauregi, Larrabetzun. Haiek bailarako betiko muin nekazaria berreskuratzen dute. Ander 11 urte zituela ailegatu zen Lezamara. Gurasoak hiriarekin zebiltzan nazkatuta eta baserri bat erosi zuten Txorierrin. “Lorategiko landare-mintegia jarri zuten martxan. Nik laguntu egiten nien, eta 18 urterekin hasi nintzen eurekin lanean”. Hala ere, 26 urte zituela Arte Ederrak ikastea erabaki zuen eta karrera bukatu zuenean, umea izan zuen. Beraz, lana topatu behar izan zuen. Hasieran, lantegi batean ibili zen lan-baldintza eskasekin. “Krisia etorri zitzaigun eta ni kaleratzear zeudenean, Laurentzi Hormaetxea nekazariak eskaini zidan berarekin lan egitea. Eta onartu egin nuen”. Horrela heldu zen Ander baserrira. Lezamarrak ez zuen aurreikusita, baina aukera sortu zen eta aprobetxatu egin zuen. “Oro har pozik nago. Lana oso gogorra da eta apur bat idealizatuta dago. Esate baterako, estresa egon badago. Izan ere, besteak beste eguraldia ez dago zure menpe, eta horrek hondatu ahal du zure lana. Baserritar batek esan zidan lan honetan burugogorra izan behar dela. Hau da, uholdea badator, hurrengo egunean berriro erein, eta hurrengoan berriro, eta hurrengoan berriro... Beraz, naturaren erritmora egokituta bizi gara. Eta hori gogorra bezain polita da”. Horrek esan nahi du naturak ere jartzen duela ordutegia, edo hobeto esanda, ordutegirik eza. “Ez dago ordutegi finkorik: uda sasoirik emankorrena da eta argia dagoenean aprobetxatu behar duzu. Eta horregatik egiten dugu lan gehiago udan neguan baino. Udan agian 12 ordu eta neguan, lau. Eta barazkiek ura behar dutenean, ura eman behar diezu, asteburua izan ala ez”. Anderrek urtebete daroa baserrian eta mendizaleek esaten duten moduan, oraindik kanpamendu nagusian dagoela esan digu txantxetan. Baserrian lan egitea gogorra da, bai horixe, baina alde onak ere baditu. “Ez dugu nagusirik eta zure kabuz egin ahal duzu lan, hots, zeuk jartzen dituzu baldintzak. Eta zure lanaren alde borrokatzen baduzu, zeure alde baino ez duzu egiten, ez lantegi edo nagusi baten alde, eta horrek indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko”. Anderrek eta Laurentzik barazkiak ekoizten dituzte modu garbian, hau da, ez dute inolako produktu kimikorik erabiltzen. Barazkiak Lezamako erosleei zuzenean saltzen dizkiete, bitartekaririk gabe. Neguan kontserbak ere egiten dituzte: piperrak, tomateak... “Astero sasoiko produktuek osatutako saskiak prestatzen dizkiegu bezeroei. Geuk jartzen dugu prezioa, eta erosleak benetan produktuak balio duena ordaintzen du. Harremana zuzena da eta horrek onura pilo bat ekartzen ditu natura, kultura eta gizarte mailan: energia aurrezten dugu, ingurugirorako ere hobea da, bertoko ekonomia sustatzen dugu...”. Guztira 20 saski banatzen dituzte astean. Krisia egon badago, noski, baina Anderren ustez, eurek agerian uzten dute aurrera ateratzea posiblea dela. “Ez dut neure burua adibidetzat hartu nahi, baina egia da, lurretik bizi ahal da. Egia esan, hasiera batean oso gogorra da zerotik hasten bazara, baserria eta ortua hornitu eta prestatu behar dituzulako: negutegia, lurra, tresnak... Niretzat, adibidez, hori erraza izan zen Laurentzik dena atonduta zuelako”. Begirunea lurrari Nagore Arroitajauregik 32 urte ditu eta Santurtzin jaio arren, Algortan bizi zen gaztetan. “Aitak ortua zuen Barakaldon eta ahal nuenean, hara joaten nintzen. Bertan pozik ibiltzen nintzen”. Nagore kirol monitore ibili zen lanean, baina naturarako grinak basoko teknikariko ikasketak egitera eraman zuen. “Hirian jaio naiz, baina mendian bizi nahi izan dut beti”. Gaur egun Larrabetzun bizi da, Bizkargi mendirako bidean, ia-ia tontorrean. Leku polita eta aldapatsua bezain isolatuta. Natura basati-basatia. Nagorerekin batera Rakel Cordoba de Samaniegok bizi eta lan egiten du. Rakelek 30 urte ditu eta arabar Errioxakoa da. “Hamazortzi urte nituela Bilbora etorri nintzen diseinu grafikoa ikastera. Gurasoak nekazariak dira eta txikitatik beti ibili naiz ortuan. Bikotea hemengoa da eta etxea erosi behar genuenean, argi nuen baserria nahi nuela. Eta Larrabetzun topatu genuen”. Nagorek eta Rakelek gaztetan ezagutu zuten elkar. Bizitza era antzeko batean ikusten dute biek. “Lehen osasuntsu elikatzen ginen eta begirune handiagoa genion lurrari. Hori guztia galdu egin da eta guk hori guztia, hain zuzen ere, berreskuratu nahi dugu. Nire ustez, bizitzeko erarik osasuntsuena geurea da. Hirian estres handiegia dago”, esan digu Nagorek. “Gure ustez, gaur egungo gizarte-eredua ez da jasangarria. Behar duguna baino askoz gehiago kontsumitzen dugu”, aipatu du Rakelek. Nagore eta Rakel iaz hasi ziren barazkiak ereiten eta zelan ez, era ekologikoan egiten dute. Neskek sasoiko produktuek osatutako saskiak prestatzen dituzte ere, eta Larrabetzun banatzen dituzte. “Familiak elikatzeak izugarrizko garrantzia du guretzat. Ahalik eta ondoen egin nahi dugu eta oso arduratsu sentitzen gara. Alde batetik, lagun batzuek guk eskaintzen dieguna jango dutelako; eta bestetik, beste nekazarien lanaren ordezkariak garelako, hau da, txarto egiten badugu, jendeak uste izango du besteek ere txarto egiten dutela”. Larrabetzuartuak Neskak ez dira larrabetzuarrak, baina primeran egokitu dira herrira. “Hasieran, ezagutzen ez gintuztenez, mesfidantzaz begiratzen ziguten, esaten zuten kinkiak ginela... (kar, kar). Beraz, askaria prestatu genuen eta auzokide guztiak gonbidatu genituen. Gehienak etorri egin ziren, eta handik aurrera harrera zoragarria egin ziguten. Era berean, Gurpide baserritar eta kontsumitzaileen elkartean sartu ginen eta eurek ere primeran hartu gintuzten. Aholkularitza eta laguntasuna ematen digute. Izugarri gustatzen zaigu Larrabetzu: herri txikia da, baina oso parte-hartzailea”. Neskak hasi berriak dira eta, ondorioz, akatsak egiten dituzte. “Iaz leka pilo bat ekoiztu genuen eta ez genekien zer egin haiekin. Azkenean Bilbora joan ginen eta jatetxeetatik ibili ginen saltzen (kar, kar)”. Era berean, baserria eta ortua atontzen dabiltza. “Negutegia duela gutxi egin dugu; negutegira doan bidea konpondu behar dugu lokatzez beteta dagoelako; tresna batzuk ez ditugu; ez dugu tresnak gordetzeko etxolarik; konposta egiteko lekurik ez dugu; eta aldi berean baserria bera, gure etxea, berritzen gabiltza”. Lana gogorra da, argi dago. “Ezin zenbatu zenbat ordu ematen dugun egunero-egunero! Baldintzak ere ez dira batere onak. Hala ere, niretzat bulegoan zortzi orduan ibiltzea askoz gogorragoa da. Gainera, baserritar lan egiteak alde onak ere baditu: niri lanak lasaitasuna ekartzen dit, ez daukat ugazabarik, eta pozik nago, neuk ekoizten dudana jaten dudalako, osasuntsu”, esan digu Nagorek. Baserrian baliabideak urriak dira eta neskek ezin dute inbertsio handirik egin. Baina horrela nahi izan dute: “Beste ekoizpen mota bat, zuzenagoa, lokalagoa. Oso erraza da supermerkatura joatea eta bertan barazkiak erostea. Baina hain merke erosten badugu, horrek esan nahi du nonbait norbaitek oso lan-baldintza txarrak dituela. Gure ekoizteko erari esker, harreman zuzena daukagu bezeroekin: saskiak etxez etxe banatzen ditugu, eta hori dela-eta lotura sortzen duzu eurekin. Gonbidatu egiten zaituzte, familia ezagutzen duzu... Polita da”. Informazio gehiago: Olabarriko baratza: 639 225 054 / 649 455 579 Gurpide elkartea: www.gurpide.org