Zuek lerro hauek irakurtzen dituzuenerako, Iker munduko beste aldean izango da, Tonga herrialdean, Ozeanian. Han sei hilabete emango ditu, artxipelagora hurbiltzen diren turistei esperientzia zoragarri bat izaten laguntzen: baleekin igeri egitea.
Zein motatako baleak dira?
Xibarta baleak dira. Arrek 12 metroko luzera ere eduki dezakete; eta emeek, 15 metrokoa. Kumeak hiruzpalau metro luze dira hasieran, eta Tonga uzten dutenean, hau da, Antartikora joaten direnean, bost edo sei metro luze izan dezakete. Hogeita bost eta 40 tona bitarteko pisua izan dezakete. Baleak urtero itzultzen dira aurreko urtean egon diren diren lekura; Tongara, gure kasuan. Eta hori arrazoi birengatik egiten dute.
Zeintzuk dira?
Kumedun daudenak kumea bertan izateko itzultzen dira Tongara; eta kumedun ez daudenak, kumedun gelditzeko. Normalean, ekainaren amaieran azaltzen dira Tongan eta lehenengo alde egiten dutenak, abuztu aldean, arrekin egon ostean, kumedun gelditu diren emeak dira. Kumea eduki dutenak azkenak dira alde egiten. Izan ere, Antartidarako bidea oso luzea da, eta itxaron behar dute kumeek bidaia egiteko nahikoa indar izan arte. Irailaren erdialdean edo amaieran uzten dute artxipelagoa.
Iaz instruktore ibili zinen bertan, aurten ere bai. Zelan hurbiltzen zarete baleengana?
Haiengandik gehienez 50 metrora hurbiltzen gara itsasontziarekin, eta uzten badigute, laukoteka sartzen gara uretara, haiekin batera igeri egitera.
Zein distantziara?
Baleengandik bost metrora egiten dugu igerian. Denboraldiaren hasieran zaila da haiekin igeri egitea, kumeak oso txikiak direnez amek babesten dituztelako. Baina, hilabete bat edo hilabete bat eta erdi dutenean, haiek hurbiltzen dira zuregana, oso kuriosoak direlako. Hori bai, debekatuta dago baleak ukitzea.
Arriskutsua ematen du, bada?
Bizitzaren edozein esparrutan gertatzen den moduan, istripuak egon daitezke, baina ez nuke esango egon direnak ere asko izan direnik. Dena dela, baleak saltoka badaude edo arriskutsua izan daitekeela ikusten badugu, ez gara uretara sartzen. Baleak oso animalia adiskidetsuak dira eta gustura ez badaude, alde egiten dute eta kito. Egia da oso handiak direla, oso buztan handia dutela, eta zugana hurbiltzen direnean pentsa daiteke jo egingo zaituztela. Baina azken momentuan bira egiten dute eta ez da ezer gertatzen. Nahiz eta animalia astunak direla iruditu, mugimendu bat egiten duten bakoitzean distantzia handia egiten dute.
Zer sentitzen da baleen ondoan egonda?
Batzuei adrenalina igotzen zaie; nik lasaitasuna sentitzen dut haiekin igeri egiten dudanean.
Beste ikuspuntu bat ere izango duzu haiei buruz... Ikuspuntu berezi bat.
Bai. Askotan izaten duzu ama eta kumearen arteko harremana zelakoa den ikusteko aukera. Amak kumeari zelan laguntzen dion, azalera igotzen arnasa har dezan; kumeak amaren gainean zelan hegal biak ipintzen dituen eta muturra hartzen dion... Eta begiak ikusten dizkiezu. Beren begiek futbol-baloi baten tamaina dute eta haiengandik hurbil zarenean, zelan begiratzen dizuten nabaritzen duzu...
Lehen aipatu duzu baleak urtero itzultzen direla Tongara. Asko dira?
Zaila da kopurua zehaztea. Baleek zati zuri bat daukate atzeko hegalaren azpiko aldean, eta han tanto beltz batzuk. Tanto horiek patroi bat osatzen dute eta laguntzen digute bale bat bestearengandik ezberdintzen, non egon diren jakiten, aurreko urteetan ere Tongan egon diren... Argazkiak egiten saiatzen gara, haien gaineko informazioa edukitzeko. Kopurua zehaztea zaila dela esan dudan arren, aipatu beharra dago gero eta gehiago direla. Baleen % 80 galdu zen Hegoaldeko Ozeano Barean, jateko harrapatzen zituztelako, baina orain dela 25 urte debekatu zen baleak harrapatzea, eta gero eta gehiago dago.
Esperientzia berriro izateko irrikan
Iker Algortakoa da, baina lotura estua du Txorierrirekin, asteburuetan Larrabetzuko taberna batean egiten duelako lan. Sukaldaritza irakaslea da, eta sukaldari eta zerbitzari ere badabil lanean. Baita urpekaritza irakasle ere. “Urpekaritzan saiatu nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Asko ikasi nuen, eta, irakastea ere asko gustatzen zaidanez, urpekaritza irakasle egitea erabaki nuen orain dela urte eta erdi”.
Iaz Tongara lan egitera joateko aukera suertatu zitzaion, eta han urpekaritza irakasle eta turistak baleekin igeri egitera eramaten ibili zen. Aurten baleekin bakarrik ibiliko da.
Esperientzia zoragarri bat bizi izan zuen eta hura berriro izateko irrikan dago. Iker egongo den artxipelagoak 5.000 biztanle baino ez ditu, eta bera biziko den irlak, zazpi kilometroko luzera. “Oso irla txikia da, taberna bakarra eta bost denda dituena, eta bizikleta bat leku batetik bestera ibiltzeko. Baina niri gustatzen zait halako lekuetan egotea. Hondartzak ere ez dira munduko politenak izango, beharbada, baina bakarrik zaude bertan eta nik horri ematen diot garrantzia”. Aurten tifoi bat egon da han, eta ez daki zehatz-mehatz zer topatuko duen irlara ailegatzen denean. Tongan abendura arte egongo da. Negua izango da bertan, baina tenperatura 18 eta 29 gradu artean ibiliko da. Eta Ikerrek xibarta baleekin egingo du igerian. Ez da plan txarra.
Gaztea eta ...