Roberto Tananta, Amazoniako lagun euskalduna: “Ind

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 22a, 10:16
t: Gaizka Eguzkitza
Amazonia urrun dago eta Brasilekin lotzen dugu, baina planetaren birika hainbat herritatik zabaltzen da. Horietako bat Peru da, eta hangoa da, hain zuzen ere, Roberto Tananta. Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Roberto gonbidatu zuen bere herriari buruz hitz egitera. Hitzaldia euskara hutsean egin zuen, baita elkarrizketa ere. Zer egiten du Amazoniako indigena batek Basaurin? Nire neskalaguna Basaurikoa da eta bera lankide boluntario zebilela ezagutu nuen Kolonbian. 2005ean esan zidan film bat egiteko behar nindutela, eta hona etorri nintzen. Filma grabatzea bukatu genuenean, bisa agortu zitzaidan eta etxera itzuli behar izan nuen. Hala ere, 2007an Euskal Herrian bizi izatea erabaki nuen. Izan ere, neskaren herria eta hizkuntza ezagutu nahi nituen, berak nireak ezagutzen zituen moduan. Oporretan-eta saiatzen naiz Perura itzultzen. Eta euskara ikasi zenuen... Bai. Nire itxurak baldintzatzen nau Euskal Herrian, baina euskara dakidanez, jendea beti laguntzeko prest agertzen da. Txillardegik idatzi zuen euskalduna euskara duena dela, eta gaur egun ni ere sentitzen naiz euskaldun. Hitz egiteko orduan, akatsak egiten ditut, baina berdin dit, ez dut lotsarik. Nire ama-hizkuntza ere oso zaila da ikasten. Zamudiora etorri zara, zure herriari buruz hitz egitera. Azalduko diguzu zein den indigenen egoera? Indigenok nortasunaren bila gabiltza: esate baterako, geure buruari galdetzen diogu gure abizenak nondik datozen. Hori duela 10 urte pentsaezina zen. Ez da urrats handia, baina tira... Lotsa erabat galtzen dugunean eta nortasuna argi dugunean, lurra defendatzea da hurrengo pausua. Nire aititek esaten zuen gure herria gure hizkuntza dela. Tupi guarani familiakoak Hegoamerika osoan gaude, Paraguaitik Boliviara. Noraino heltzen dira gure lurrak, ba? Bolivian ofizialtzat hartu dute geure hizkuntza. Perun, aldiz, gazteek ez dakite, ikastera behartzen ez badituzu; eta nagusiak, dakitenak, ez dira hitz egitera ausartzen lotsatzen direlako. Perukoentzat Amazonia ortua da, eta handik ateratzen dituzte egurra, petrolioa, ura... Peruko gobernuak indigenekin hitz egiten du, eta hori lehen ez zen gertatzen... Lehen indigenok ez genekien zeintzuk ziren geure eskubideak. Gaur egun, bai, ordea. Beraz, legediari jarraituz borrokatzeko aukera dugu. Hori ez zaio Peruko gobernuari batere gustatzen. Peruko gobernua eta indigenen arteko gatazka lehen Perun bertan baino ez zen ezagutzen, baina gaur egun, Interneti esker, mundu mailara zabaldu da, eta ospe txarra ekarri dio Peruko gobernuari. Ondorioz, gobernuak gurekin hitz egiteko jarrera adierazten du, ateak zabaldu dizkigute. Gu beti egon gara hitz egiteko prest, geure lurra, geure ura, geure egurra delako. Bestalde, momentu honetan gure hizkuntzak du lehentasuna. Aldaketa eskoletan gertatu behar da. Peruko Amazoniako eskolek gure hizkuntza irakatsi beharko lukete, eta oso gutxik egiten dute, eta ez ofizialki, gainera. Aurreko presidentea, Alan Garcia, oso txarra izan omen zen indigenentzat. Gaur egungoa, Ollanta Humala, hobea da? Ez pentsa. Ondo hasi zen, baina urrats gehiago eman behar ditu. Gaur egun ez digu indigenoi jaramonik egiten. Nolako etorkizuna ikusten diezu indigenei? Onena izatea espero dut. Gustatuko litzaidake aitite hemen egotea, berak egoera ikusteko. Gaur egun, askoz politagoa da. Jendearen jarrera itzela da, eta gure eskubideak defendatzeko zenbait koordinakunde sortu dira. Nik hizkuntzaren aldeko plataforma bat sortu nahi dut. Erabateko artista Roberto Tananta duela 25 urte jaio zen San Pedro de Tipisca herrian, Peruko Amazonian. Gaur egun herria ez da existitzen, Marañon ibaiaren emaria handitu zenean, desagerrarazi egin zuelako. Roberto kukuma etniakoa da, tupi guarani familiakoa. Basauriko laguna erabateko artista da: aktorea, musikaria, argazkilaria... Hainbat filmetan hartu du parte: besteak beste, Arcadia, Sukalde kontuak eta Dragoien ehiztaria. Gainera, telesaioak, bideoklipak eta laburmetraiak ere egin ditu. Era berean, Dangiliske musika taldearekin jotzen du herriko erromerietan. “Denetarik egiten dut, edozein egoeratatik bizirik ateratzen den horietakoa naiz. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dut hemen eta musika edo pelikulak egiteaz gain, kartelak, bideoklipak eta argazkiak ere egiten ditut”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).