Kablerik gabeko Interneteko konexioa ez da, itxuraz, konpainiek saltzen diguten bezain fidagarria. Abiadura motelagoa da –interferentzia eta seinalearen galeraren ondorioz–, datuen segurtasuna ere txikiagoa da eta, gainera, uhin elektromagnetikoak igortzen ditu sistema horrek. Osasunaren Mundu Erakundeak eta ikertzaile ugarik aspalditik ohartarazi digute murriztu egin be-har dela uhin elektromagnetikoen igorpena, gizakion osasunarentzat kaltega-rria delako; batik bat, gaixo kroniko, adineko, emakume haurdun eta umeen-tzat. Uhinen eraginpean eten barik dauden pertsonei, azkenean, asaldatu egiten zaie sistema immunologikoa, eta hainbat patologia pairatzen dituzte sarritan, hala nola, buruko mina, bihotzaren taupaden igoera, azkura, suminkortasuna, loezina... Gainera, telekomunikazio-konpainien arteko lehia basatia tarteko dela, gero eta telefonia-antena gehiago landatzen ari dira nonahi, eskaerari erantzuteko aitzakiaz. Telefonia mugikorreko antenak herritarren osasunaren etsai amorratuak dira (frogatuta dago antenetatik oso hurbil bizi diren lagunek maiztasun handiagoz pairatzen dituztela bihotzekoak eta minbiziari lotutako gaixotasunak) herriko parke, ikastetxe, ospitale, nagusien etxe eta etxebizitzetatik hurbilegi kokatzen direnean.
Uhin-igorpena murrizteko auzian, Europako beste herrialde batzuek hartutako erabakiei jaramonik egin barik, aurreko legegintzaldiko Eusko Jaurlaritzak wifia ezarri zuen Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasgeletan, Eskola 2.0 programa dela medio. Hala, neska-mutilek ordenagailu eramangarria erabili ohi dute ikasteko eta Interneteko konexioan ez da kablerik erabiltzen, orduko agintarien iritziz, ikasle-irakasleentzat erosoagoa eta eraginkorragoa delako. Gaur egun, sistema horren aurkako ahots ugari daude, eta gero eta plataforma gehiago sortzen ari dira wifi bidezko konexioa eskoletatik kentzeko. Arartekoren 2013ko arazoko irizpen batek ere kable bidezko konexioaren alde egiten du, betiere eraginkorra bada eta ikastetxearen beharrizanei erantzuten badie (Lezoko eskola batean gertatu moduan).
Aurrekoa esanda, izenburuko galderaz hausnartzeko gonbita egin gura dizuet neska-mutilak eskola-sasoian dauzkazuen gurasooi: benetan uste duzue teknologia berrien aurrerapena gure seme-alaben osasuna baino garrantzitsuagoa dela?