1.000 baietz!

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 28a, 09:29

Ia 13 urte bete dira TOTOAN Txorie­rriko Euskara Elkarteen Federazioak Aikor! aldizkariaren lehen alea kaleratu zuenetik. Hamabi urte, inguruko albisteak eta pertsonaiak zuoi hilero-hilero hurbiltzen, doan; euskara sustatzen eta erdaldun asko ere euskal mundura erakartzen; eta geure dendariei beren jarduera zabaltzeko euskarri bat eskaintzen. Gure herriak izugarri aldatu dira 13 urtean. Eta Aikor! aldizkariak ere haiekin batera egin du aurrera. Hala, orri-kopurua eta tirada handitu egin dira: 20 orritik 40 orrira eta 4.000 aletik 7.000 alera, hurrenez hurren; eta zuri-beltzetik kolorera pasatu da. Aikor! aldizkaria gure bailaran erabat errotuta dagoen komunikabidea da gaur egun. Aztiker enpresak 2008. urtean egindako ikerketak argi adierazi zuen: Aikor! aldizkaria Txorierrin gehien irakurtzen den komunikabidea da. Baina hori guztia ez da egun batetik bestera etorri, ahalegin handia egin baita. TOTOANEk hiru langile hartu zituen al­dizkaria egiteko: publizitate-saltzaile bat eta kazetari bi. Diru-iturri nagusi bi eduki ditugu inprentatik eratorriko gastuak eta langileon soldatak ordaintzeko. Garrantzitsuena publizitatearen bidez lor­tu dugu; eta gainontzekoa erakunde pu­blikoetatik jaso dugu: Eusko Jaurlaritza, Biz­kaiko Foru Aldundia eta Txorierriko Zer­bitzuen Mankomunitatea. Dena dela, hasieratik ikusi genuen al­dizkaria ez zela produktu errentagarria. Aipatutako diru-iturrien bidez lortutako finantzazioa ez zen nahikoa ez proiektua aurrera ateratzeko, ez langileei soldata eta lanaldi duin bat eskaintzeko. Diru-iturri berri bat lortzeko asmoz, egitasmo berri biri ekin genien: Aikor!lagun kanpaina eta Lan Txorierri enpresa urtekaria. Etxean, produktu bera Euskara elkarteetako kideen ahalegina 122 aikor!lagun lortzea izan zen. Baina indarrak, batez ere, Lan Txorierri urtekarian batu genituen. TOTOAN federazioak beste langile bat kontratatu zuen, eta lehen alea 2006. urtean kaleratu genuen. Horrezaz gainera, beste lan batzuk egin ditugu denboraldi honetan, hala nola futbol liburuak eta beste erakundeetarako aldizkariak. Eta horrela lortu dugu Aikor! hilero-hilero zuen etxean egotea eta langileok lan baldintza egokiak izatea. Era berean, Txorierriko Mankomunitatearekin batera Berbalagun egitasmoa jarri ge­nuen martxan, eta beste langile bat kontratatu zen horretarako. Aikor! ez da irla bat gaur egungo testuinguru ekonomikoan. Inguruko denden eta enpresen irabaziak murrizten joan di­ren heinean, guk ere galera garrantzitsuak ikusi ditugu publizitate arloan, Aikor! aldizkarian zein Lan Txorierri urtekarian. Gainera, erakunde publikoetatik jasotzen ditugun diru-laguntzak ere gero eta mu­rritzagoak dira. Egoera bereziki joan den urtean gordindu zen, eta bost langileetariko laurengan dauka eragina. Zenbakiak egin ostean, tristuraz ohartu ginen ez genuela nahikoa diru aldizkari bat argitaratzeak dakartzan gastuei aurre egiteko. Irtenbideak aztertu eta soldata eta lanaldia murriztea erabaki ge­nuen lau langileok. Baina zuek etxean pro­duktu bera jasotzen jarraitu duzue, erabakiak aldizkarian ahalik eta eragin gu­txien izatea hartu genuelako helburu. Txorierritarron alde Hobera ordez, txarrera egin du egoerak. Publizitatetik datozen diru-sarrerek beherantz jarraitzen dute, eta aurten lau langileok berriro murriztu behar izan ditugu gure lan baldintzak. Dato­rren urterako egindako aurreikuspena ez da itxaropentsuagoa izan, eta, egia esan behar bada, ez dakigu egoerari noiz arte eutsi ahalko diogun. Baina ziur gaude guztion artean egoera aldatu eta Aikor! aldizkaria hilero argitaratzen jarraitzeko gai izango garena. Hala, datozen hilabeteotan beste bultzada bat emango diogu Aikor!lagun kanpainari. Orotara 1.000 bazkide behar ditugu aldizkariaren ja­rraipena eta burujabetasuna bermatzeko. Urtean 30 euroko kuota ipini dugu; hala ere, zuek egiten duzuen edozein ekarpena ongi etorria izango da, 10, 20, 40 edo 50 eurokoa bada ere. Kopurua, zeuek erabaki! Aikor!lagun kanpaina “1.000 baietz” lelopean eramango dugu aurrera. Eta Txorierri 20.000 biztanle dituen es­kualdea dela kontuan hartuta, erronka betetzea espero dugu: gaur egun ditugun 122 bazkideak gehi 878 lagun berri. Beraz, animo txorierritarrak! Aikor! aldizkariaren bazkide egitea, Txorierriko euskara hutsezko komunikabide bakarraren biziraupena bermatzea da; hau da, txorierritarron alde egitea. Zelan egin Postaz: Aikor!lagun fitxa(*) bete eta bidali: Aresti, 2 behea 48170 – Zamudio e-postaz: aikortxori@aikor.com helbidera telefonoz: 94 452 34 47 688 86 41 35 Ahoz: Zure herriko euskara elkarteko kideren bati esan (*) Fitxa aldizkarian bertan eta erakundeetan, liburutegietan, komertzioetan... utziko ditugun diptikoetan topatuko duzue.