Emakume zintzoen arteko kirola

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:43

Errugbiagaz lehenengo hartuemona institutuan euki eben, batxilergoko I. mailan egozala. Maialen Mungiako Errugbi Taldeko berbaldi batera joan zan eta han esandakoa interesgarria iruditu jakon. Saiatzera animau zan, nahiz eta amak disgustu txiki bat hartu eban. “Bera futbol jokalaria izan zan”. Amaia gimnasia eskolan euki eban kirol honen barri eta itzel gustau jakon. “Banekian Maialen aurreko ikasturtean hasia zala errugbian eta beragaz egin neban berba. Alkarregaz hasi ginan entrenamentuetara joaten”. Maialen Cristobal Royo eta Amaia Tomas Gastañaga. Sondikoztar honeek biek 19 urte dabez, Uribealdea Errugby nesken taldearen jokalariak dira eta mele jokatzen dabe 2. lerroan. Errugbizale amorratuak dira. Zergaitik? Arrazoi asko emon dabez. “Partida amaitu ostean, leher eginda zagozan arren, zure onena emon dozula jakitearen sentsazinoa oso atsegina da”. “Balioak irakasten deutsuz: konpromisoa, diziplina, adiskidetasuna, joko garbia, zure kideakazko zein arerioakazko eta arbitroagazko begirunea ...”. “Hobeto egiten joaten zara eta autoestimua handitzen jatzu...”. Bata bestearen atzetik ibili dira berbetan. Baina batez be jokalarien artean dagoan laguntasuna azpimarratu dabe. “Oso giro ederra dogu jokalarion artean, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Izan be, baten bategaz feeling txarra badozu, hori ez da onuragarria partidari begira”. Eta zelaitik kanpo egiten dan 3. denporea be aitatu deuskue, jakina. “Etxean jokatzen dauanak beti prestaten dau zerbait beste taldeko jokalariakaz partekatzeko. Guk zer jan eta zer edan ipinten dogu eta aukera bat da zelaian arerio izan dozuzanakaz barre batzuk egiteko. Asko estimaten dogu hori: zelaian alkarren aurka ibili gara, gure gogo eta indar osoz, baina partidaren ostean, alkarregaz gagoz, berba egiten, nasaitasun osoz...”. Horregaitik hain zuzen be dinoe errugbia “gizon zintzoen” arteko kirola dala; “emakume zintzoen” artekoa, gure kasuan. Lesinoak Kirolaren alde txarragaitik galdetu deutsegu eta aho batez erantzun dabe: lesinoak. “Hareetako batzuk ezin diralako saihestu”. Halan, zantiratuak ohikoak izaten dira, eta batzuetan arazo larriagoak egoten dira. “Bota basan trabatu jatan behin. Arerio batek lurrera bota ninduan eta ondorioa zantiratu bat eta Akiles tendoiko tendinitisa izan zan. Luzaroan egon naz entrenau barik”, kontau deusku Maialenek. “Niri sorbalda dislokau jatan entrenamentu baten. Baina entrenamentuakaz jarraitu neban. Bera bakarrik itzuli zan bere onera”, esan dau Amaiak. Kirol “apur bat basatia” emoten dauala komentau deutsegu eta baietz, kirol gogorra dala adierazo deuskue, baina entrenamentuetan plakaketak zelan egin eta zelan jaso ikasten dabela, lurrera jausten... eta azkenean ez dala hainbesterako. “Indarra baino, teknikea da inportanteena. Teknika ona dauan jokalariak hobeto jokatzen dau eta gauza da berak baino indar handiagoa dabenak menderatzeko”. Uribealde taldea Hego Euskal Herriko ligan dabil eta aurtengo denporaldia azkenaurrekoa amaitu dau. “Aurten Durangoko neskakaz batu gara, talde biek jokalarien beharra euki dogulako, eta oso gitxitan entrenau dogu alkarregaz. Halanda be, ondo joan da eta partida asko ondo jokatu doguz. Datorren denporaldiari begira, hareekaz jarraitzeko asmoa dogu, ea alkarregaz entrenamentu gehiago egin ahal dogun, zure kidea ezagutzea oso inportantea dalako”. Aurreko denporaldian, barriz, bigarrenak lotu ziran. “Ligan sei talde gagoz eta nahiko maila antzekoa dogu”. Bizia Oro har, alde handia dago emakumezkoen eta gizonezkoen kirolen artean, bai ikuspegi ekonomikotik, bai ikuspegi mediatikotik. Maialenek eta Amaiak ez dabe nabaritu generoari lotutako diskriminaziorik beren klubean. “Dirua hiru zati bardinetan banatzen da: bata, mutilentzat; beste bat, neskentzat; eta hirugarrena, eskolarako”. Hedabideek mutilei “kasu apur bat gehiago” egiten badeutsee be, gakoa kirol motan dagoala aitatu deuskue. “Bizkain, esate baterako, futbola da kirol nagusia. Hernanin, ordez, nesken taldea sortu eben orain dala hiru urte eta lehenengo mailan dagoz gaur egun. Ba, Hernaniko herritar guztiek badakie han errugbiko nesken taldea dagoala eta lagun asko joaten dira partidetara”. Gure nesken partidetan lagun gitxi batzen dira, tamalez. Eta merezi dau hareen zelairaino hurbiltzea, benetan joko bizia, kalidadezkoa eta interesgarria eskaintzen dabelako. Hedabideek errugbiaren alde gehiago egitea gustauko litxakie, “gure ahalegina alperrik da, jenteak telebistan futbola baino ez badau ikusten”. Datorren denporaldia urrian hasiko da, baina udan lagunarteko partidak eta seven torneoak jokatuko dira. Maialen eta Amaia be zelaian egongo dira, daukien onena emoten eta kirolaz eta lagunez disfrutaten. Bi jokalari, bi adiskide Amaia eta Maialen bata bestearen ondoan jokatzen dabe, eta, euren esanetan, oso ondo moldatzen dira alkarregaz. Neskak gehien sufritzen daben meleen postuan jokatzen dabe. “Amaia jokalari ona da. Gauzak egin behar badira, egin egiten dauz: dana emoten dau. Laguntzarik behar badozu, ondoan dozu, eta hobetzen laguntzen deutsu”. “Maialen be ondo dabil mele postuan, eta beti akatsak zuzendu eta hobetzeko prest azaltzen da”. Halanda be, asmo ezbardinak dabez euren kirol ibilpideari jagokonez. “Nik jarraitu gura dot jokalari moduan hobetzen, eta Euskal Selekzinoan jokatzea lortu be bai”, azaldu deusku Amaiak. Eta egia esateko, Euskal Selekzinotik birritan deitu deutsie hareekaz batera entreneteko. “Entrenamentuak zorrotzagoak dira eta garrantzia handia emoten jako teknikari. Nik 10-12 neskagaz entreneteko ohiturea dot, gehienez 20 neskagaz Durangokoakaz batzen garenean, baina Selekzinoan 40 neska inguru alkartzen gara. Eta hareetako batzuek eskarmentu handia dabe errugbian, Espainiako Selekzinoan dabilz... eta momentuoro dagoz zuri zuzentzen. Oso ezbardina da”. Amaiak ikus-entzunezkoak ikasiko ditu datorren ikasturtean eta kirola eta klaseak buztartzen ahalegunduko da. “Baita taldea desagertu ez daiten be”. Maialen Irakasle-eskolan hasiko da aurten. “Nik badakit konpromiso bat dodala taldeagaz, eta entrenetera joaten naz eta ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen naz. Baina errugbia zaletasuna da niretzat eta ez dot asmo handirik; nik ez dot Euskadiko Selekzinoan jolastea helburutzat. Dana dan, neu be ahaleginduko naz ahal dodan neurrian ikasketak eta kirola buztartzen”.