Josu Ariztegi l Urtz taldeko bateria-jolea eta aho

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:57

t: Gaizka Eguzkitza / a: Urtz

Urtz taldea itzuli egin da, eta jatorrizko kideek –Xabier Camarero, Asier Arozena, Víctor García Arguelles eta Josu Ariztegi– Astiro diskoa grabatu dute. Izenburuaz gainera, bizitza-filosofia da gipuzkoarrentzat. Txorierritarrok zuzenean entzuteko aukera izan genuen Zamudioko Pazko jaietan. Zelan sentitu zarete berriro martxan? Momentuz aurreikuspen guztiak gainditzen gabiltza. Urtebete pasatu da taldea berriro martxan jarri genuenetik, eta tarte honetan bideoklipa grabatu dugu (aurreko etapan egin ez genuena), kontzertu piloa ematen gabiltza... Oso pozik gaude. Zergatik erabaki zenuten uztea? Bizitzan momentuak daude, eta garai hartan umeak izaten hasi ginen taldekideok. Normalean zaila da lana eta taldea uztartzea, eta are zailagoa da seme-alabak hezi behar badituzu. Momentu polita zen uzteko, taldea arrakastatsua zelako. Horregatik utzi genuen eta horregatik ere, hain zuzen, itzuli gara: umeak nagusiagoak dira eta askatasun gehiago ematen dute. Zelan erabaki zenuten berriro martxan jartzea? Ia nahi gabe itzuli gara. Victor hasierako baxu-jolea izan zen lehena taldea uzten, eta hala ere, musikari lotuta jarraitu zuen. Berak entseatzen zuen lokalean lekua zegoela esan zigun eta hara joaten hasi ginen, musikarako grina asetzeagatik. Eta bat-batean jatorrizko Urtz taldeko lau kideak batu ginen eta hor piztu ziren garai bateko oroitzapenak, denborak aurrera egin ez balu moduan. Handik gutxira Xabik esan zigun diskoa grabatzeko aukera zegoela, eta hementxe gaude. Zer egin duzue azken 10 urteotan? Lan egin, haurrak zaindu, bidaiatu... Gure adineko jendeak egiten duena (kar, kar...). Batzuek jarraitu egin dute jotzen eta kantak egiten etxean, eta horri esker diskoa hain denbora tarte txikian ateratzeko gauza izan gara. Nik bateria saldu nuen taldea desagertu zenean, etxean gordetzeko handiegia zelako, eta iaz gitarra ikasten hasi nintzen. Baina orain bateriarekin nabil berriro. Talde berbera da, baina aldi berean berria ere izango da, ezta? Bai, berberak gara, baina hamar urte zaharragoak: esperientziak izan ditugu tarte honetan, bizitza beste ikuspuntu batetik ikusten dugu... Denboraren eragina ikaragarri nabaritzen dugu kontzertuak bizitzeko eran: lehen saio piloa eskaintzen genituen eta askoz arduragabeagoak ginen; orain, aldiz, momentu guztiak gozatzen ditugu. Nolakoa da Astiro zuen azken diskoa? Zerikusia dauka aurreko lanekin. Egia esan, beti egin zait oso zail geure estiloa katalogatzea. Taldea sortu genuenetik, zorionez ala zoritxarrez, aukera izan dugu guk geuk nahi genuena grabatzeko, eta tankera desberdinetako abestiak daude gure diskoetan. Disko honetan Kubako perkusionista baten laguntza izan dugu kanta batzuetan, eta berak hauxe esan zigun: “Esango balidate kantak talde ezberdinetakoak direla, sinetsi egingo nuke”. Aniztasuna da Urtz taldearen ezaugarri nagusia: ez dugu heavya egiten, ezta popa ere... Denetarik egiten dugu eta horrek aberastasuna ematen digu. Disko berriak aurrekoek egin duten bideari jarraitu egin dio, baina, era berean, soinua eguneratu egin dugu eta hamar urte hauetan entzun dugun musikaren eragina du, noski. Diskoak Astiro du izena. Zergatik Astiro? Izena bizitza dastatzeko filosofiarekin dator bat. Gaur egun dena doa oso azkar: Internet, lan egiteko erritmoak, musika kontsumitzeko era... Ez ditugu momentuak dastatzen. Guk astiro bizi nahi dugu, edo behintzat astiroago. Eta orain zer? Zer duzue buruan etorkizunari begira? Auskalo! Guk taldea osatu genuen musika gustatzen zitzaigulako eta gustura genbiltzalako. Eta orain batu gara berriro, azken kontzertua eman genuenetik 10 urte pasatu diren aitzakia aprobetxatuz. Momentuz diskoa plazaratu dugu eta kontzertuak ematen gabiltza. Momentuaz gozatzen gabiltza, epe luzerako planik egin gabe. Eta musikarako goseari eusten diogun bitartean, aurrera jarraituko dugu. Zazpi disko Urtz taldea 1988an sortu zen. Pasaian entseatzen hasi ziren eta rock, pop eta heavy metalaren osagaiak hartu zituzten. Guztira, zazpi disko argitaratu dituzte: Ekaitzaren garrasia (1992), Hautsa astinduz (1994); Hain urrun (1996); Lur gazian ametsak ereinez (1998); Aingeru (2001); Azken Eguna (2003) eta Astiro (2013).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).