Martxoaren 17an, Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren eta Auzitegi Goreneko (BJKO) presidenteak hau esan eban alkarrizketa baten: “zeren epailea egurragaz eta zanoriagaz kontrolaten baita”.
Epaileen alkarteetariko bi sutsu agertu ziran esandakoaren kontra. Jueces para la democracia alkartekoek halan erantzun eben: “Bere ikuspuntuagaz bat datozanei zanoria eskaintzen deutse, saria edo izendapena; legitimoki beste pentsaera bat daukienei, barriz, egurraz jazarten jake”. Era berean, Fancisco de Vitoria alkartekoek hau esan eben: “Lesmesek zama daroen astoak legez trataten dauz epaileak”.
Lesmes igaz aukeratu eben BJKOren presidente, erakundearen 20 botoetatik 16 alde euki zituala. Komunikabideek “alde kontserbadorearen ordezkaria” moduan aurkeztu eben, eta alderdi batzuek bere hautaketa adostu ebela iragarri eben, nahiz eta hori BJKOren kideen betebehar esklusiboa izan. Baina esandakoa ez da bape harrigarria, parlamentariek botoen hiru bostena lortuta BJKOren kideak aukeratzen dabezalako. Bestalde, Manuel Ruiz de Lara magistraduak hau idatzi eban artikulu baten abenduan, BJKOren 12 kideren hautaketaren haritik: “Kide barrietariko batzuek harreman bereziak daukiez, familiarrak barne, Estaduko goi karguetan dagozanakaz edo egon diranakaz”.
Lesmes Aznarren gobernuko Justizia Ministerioaren zuzendari orokorra izan zen zortzi urtean. Sortu alderdiari Partidu Politikoen Erregistroan sartzea ukatu eutsan epaiaren txostengilea izan zan, eta orain dala gitxi Garbiñe Biurruni debekau eutsan Foru Sozialean parte hartzea. Berak, ostera, ez dau inongo oztoporik FAESen hitzaldietan (PPko erakunde ideologikoan) parte hartzeko.
Beraz, ez da harritzekoa Europako Kontsejuaren Ustelkeriaren Kontrako Taldeak Espainiako BJKOren independentzia zalantzan jartzea, eta, hori aldatzeko, 2015erako bete behar diran hainbat aholku emon izana. Ezta 2013an World Economic Forumak, independentzia judizialari lotutako mundu mailako sailkapenean, Espainia 72. postuan kokatzea be, Bostwana, Rwanda, Costa Rica, Malasia, Ghana, Txina eta Zambiaren atzetik eta Iranen parean.
Egia esan, guztiok dakigu podere politikoaren eta judizialaren artean ez dagoala independentziarik; teoria ofiziala zabaltzen dauan zuzenbidean oso adituak diranek izan ezik, antza.