Etxe bat, Aikor! bat. Halan irakurri eitekean Lagatzu Eguna-Euskal Jaian, Zamudioko eskola zaharraren aurrekaldeetariko baten altzau zan muralean. Orain dala hilabete batzuk jakinarazo genduan moduan, krisi ekonomikoaren eraginez, aldizkaria oso egoera larrian dago, eta, neurriak hartu badira be, ez dakigu egoera horri noiz arte eutsi ahalko deutsagun. Testuinguru honetan, Lagatzu euskera alkarteak erabagi eban aurtengo jaialdian aldizkariaren egoeraren barri emon eta herritarrak harekiko sentikor bihurtu. Euskera alkarteko kideakaz batera herriko beste eragileak ibili ziran beharrean eta guztien artean ekintza zoragarriak asmau ebezan.
Ekainaren 28an, jentetza handia batu zan Zamudioko eskola zaharrean, umeak, gazteak zein helduak. Guztiak, mural erraldoi baten inguruan. Parte-hartzaile bakotxak esku bat ipini eban muralean. Kolore askotako eskuak izan ziran, berdeak, moreak, larrosak, laranjak, urdinak, marroiak... Eta guztien artean oso mural koloretsu eta dotorea osatu eben. Mural horretan esku handi bat be baegoan eta haren barruan “Etxe bat, Aikor! bat” irakurri eitekean. Esaldi hori bazkidetza kanpainari jagoko, izan be, kanpainaren helburuetariko bat Txorierriko etxe bakotxean aikor!lagun bat egotea da. Aikor! aldizkariaren ikurra dan txoria be ipini zan muralean, eta beste esaldi bat, adorea emoteko: “Etorkizuna gure eskuetan dago”. Murala amaitu eta oso momentu hunkigarria eta berezia bizi genduan ha altzau eta eskolako aurrekaldeetariko baten zabaldu zanean. Guztiok pozik egindako beharragaz.
Eta eskolatik Leizaola Lehendakari plazara arte umeek eta helduek suge erraldoi bat osatu eben, eta, umeak lurrean, nagusiak mahaietan, Euskara da Euskal Herri cup songa egin eben. Horretarako, aldizkariari laguntzeko atera diran edalontziak erabili ebezan. Barriro erabilteko edalontziak dira eta Txorierriko herrietako eta auzoetako jaietan ipiniko dira salgai. Beraz, adi egon eta hartu zurea!
Aitatutakoak ez ziran goizean egon ziran ekitaldi bakarrak. Azokea be egin zan eta Lagatzuko produktuez, gaztaiaz, txakolinaz eta ogiaz gainera, edalontziak be ipini ziran salgai eta bazkideak egiteko lekua atondu zan. Era berean, kale-jira-bira-dantza-poteoa izan zan eta dantzariek eta musikariek ikuskizun bikaina eskini eben: musikariek balkoietan jo, eta dantzariak plazan dantzatu.
Eskola zaharrean batu ginan barriro. Han ipinitako karpan ia 600 lagun alkartu ginan herri bazkarian parte hartzeko prest. Bazkaldu baino lehen, Lagatzuko kideek aldizkariaren egoerea azaldu eben eta jentea animau eben aikor!lagun egitera. Berbek helburua bete eben, hainbat lagunek mahaietan itxitako bazkidetza-orriak beteta itzuli ebezan-eta. Era berean, ekainaren 28an Gay Harrotasunaren Eguna izan zan, eta anfitrioiek keinua egin eutsien gayekiko, lesbianekiko, bisexualekiko eta transexualekiko tolerantzia eta begirunea aldarrikatzen dauan egunari be bai. Eta bapo eta goxo bazkaldu ostean, eszenatokira igon ziran Taberna Ibiltaria taldeko kideak eta herriko alkarteko kideak abestera eta arratsaldea girotzera. Erromeria Trikizio taldearen esku izan zen. Umeentzako jolasak be egon ziran.
Aurreko urteetan bezala, txosna bat ipini zan eta barra barruan egon ziranek behar handia euki eben arratsalde osoan zehar. Aurten txosnan batu dan dirua Aikor! aldizkariari emon deutsie eta jarrera bihotz-zabal hori zamudioztarrei ez ezik Txorierriko herrietariko bakotxetik txosnan txandea egitera etorri ziran lagunei be eskertu behar deutsegu. Guztien laguntzea ezinbestekoa izan zalako beharra aurrera atera ahal izateko eta egun horretarako ipinitako helburuak bete ahal izateko.
Eta halan harrapau ginduzan gauak, lagun eta kopa artean, abesten, dantzatzen, berbetan, barreka... Parrandeagaz jarraitzeko gogoa genduala. Eta halan egin genduan, bakotxak bere erritmora eta indarrek itxi arte. Egun ederra pasa genduan Zamudion, euskerearen eta Aikor! aldizkariaren alde. Egunaren laburpena you tuben ikus daikezue: Lagatzu Eguna 2014.
Zamudion moduan, gainontzeko herrietan be ekimenak egiten dabilz aldizkariaren burujaubetasuna eta jarraipena bermatzeko. Indarrak bazkidetza kanpainearen inguruan batu dira eta hori haize alde dabil. Aikor!lagun barriak dagoz herri guztietan eta auzoko eta herrietako jaietan mahaiak ipini dira aldizkariaren egoerea azaldu eta bazkideak egiteko. Edalontziak be saldu dira Zamudioko, Sondikako eta Goitioltzako jaietan. Goitioltzan, adibidez, ia 300 edalontzi saldu ziran eta, horrezaz gainera, jai-batzordeak izandako irabazien zati bat emon deutso aldizkariari. Lauroetako jai-batzordeak adierazo deuskun bezala, hareek be jaietan batuko daben diruaren zati bat emongo deutsie aldizkariari. Hegalariak Sondikako areto-futbol taldeak be edalontziak erosi deuskuez aldizkariari ekonomikoki laguntzeko.
Larrabetzuko jaietan be salgai ipiniko dira edalontziak eta Altzora Sondikako euskera alkarteak Altzora Egunean batzen dauan dirua Aikor! aldizkariari emongo deutso. Ekitaldia irailaren 20an izango da. Horreei guztiei, lehengo bazkideei zein bazkide barriei eta beharra era anonimo eta desinteresau baten egiten zabilzenoi, batzarretara ideia barriak eta urtenbideak ekarri deuskuzuezanoi, mila esker bihotz-bihotzez.
Gai nagusia