Ander Aurre, gimnasta: “Salto egiten duzunean, ez

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 24a, 09:23

Kalean saltoak egitea gustatzen zitzaion, eta jolasa zena kirol eta pasio bilakatu da. Ander Aurre sondikoztarrak 19 urte ditu, eta zazpi daramatza gogor entrenatzen tranpolinean. Oraindik ez du lortu, baina dominaren bat irabaztea du helburu. Zelan hasi zinen gimnasian? Betidanik izan naiz kirolaria. Txikitan, denetarik egiten nuen: futbola, pilota... Gainera, saltoka ibiltzen nintzen kaletik, bankuetatik, hormetatik... Interneten bideoak ikusi nituen eta oso ikusgarria iruditu zitzaizkidan. Izekok esan zidan Bilbon gimnasia eta saltoak egiten zirela, eta hara joan nintzen. Garai hartan, 12 urte nituen. Izugarri gustatu zitzaidan, eta orain ere gustatzen zait. Bizkaian horrelakorik egiten den leku bakarra da. Gimnasiaz aparte, boxeoan eta krav maga defentsa pertsonalean ere aritzen naiz. Eta zergatik erakartzen zaituzte saltoek? Heziketa etengabea eta amaiezina delako. Beharbada, horixe gertatu zitzaidan beste kirol batzuetan. Gogor entrenatu arren, aurrerapena eten egiten zen, eta aspertu egiten nintzen. Hala ere, salto egiten duzunean, aurrerapenak ez du mugarik, ez diozu hobetzeari uzten. Eta beti saiatzen naiz gauza berriak egiten. Gimnasia oso kirol polita da, eta animatu nahi dut jendea gimnasian aritzera. Kirol horrek gorputzaren gaineko kontrola eta koordinazioa irakasten dizkizu. Dirudien bezain gogorra da? Tira, kirol gogorra da, futbola baino gogorragoa, esate baterako, baina nire maila ez da Olinpiadetako gimnastena bezain handia. Eta nire mailan edozeinek egin dezake. Nik ordu biko saioak egiten ditut hiru-lau aldiz astean. Entrenamenduetan ariketa fisikoa egiten dut batez ere denboraldi aurrean. Hori oso gogorra da, bai. Baina denboraldian zehar entrenamenduak batez ere teknikoak dira: saltoak egiten, dakizkidan elementuak hobetzen, gauza berriak asmatzen... Gutxieneko kirola da zurea. Nolako baliabideak dituzue? Gutxieneko kirola da, bai, baina gero eta jende gehiago dator. Saltoka klubeko kidea naiz eta nirekin batera 8-10 lagun daude. Gainera, 60 ume ere badaude. Normalean Bilbon entrenatzen dugu, eta noizbait Gasteizera joaten gara. Tamalez, gure materiala ez da oso ona, eta batzuetan arazoak izaten ditugu behar bezala entrenatzeko. Moldatu egiten gara, baina tira... Aurten minitramp bikoitz berri bat erosi dugu, eta egokia da, baina ez dugu lekurik tumbling-a behar bezala egiteko, leku gutxi dugulako. Horregatik, espero dut udan Galiziara joatea, bertan entrenatzera. Oso harreman ona dugu eurekin, eta eurek oso material egokia dute. Zailtasunak zailtasun, txapelketetan hartzen duzu parte. Nolako emaitzak lortu dituzu? Euskadin oso gutxi dira gure moduko gimnastak, eta horregatik hartzen dugu guk parte beti Estatuko txapelketan. Baina kanpoan guk baino baliabide gehiago dituzte eta normalean guk baino emaitza hobeak lortzen dituzte. Era berean, legeak mugak jartzen dizkigu harrobia lantzeko, 12 urte baino gazteagoak diren umeek ezin dutelako txapelketetan parte hartu. Hori Estatuko beste tokietan ez da gertatzen. Nola ikusten duzu etorkizuna? Nolako helburuak jartzen dizkiozu zeure buruari? Baikorra naiz. Alde batetik, truku izugarriak egiteko gauza izatea dut helburu; bestetik, dominaren bat lortzea gustatuko litzaidake. Horretarako, gogor-gogor entrenatzen jarraitu beharko dut, baina uste dut hori lortzeko aukera dudala. Azken txapelketan, esate baterako, zorte txarra izan nuen orkatilan min hartu nuelako. Nire ustez, banuen maila nahikoa finalean egoteko, baina ezin izan nintzen behar bezala aritu. Tranpolina Tranpolina ez da jarduera olinpikoa eta horrek kentzen dio ospea, ziurrenik. Guztira, hiru modalitate daude: tumbling-a, minitramp bikoitza eta ohe elastikoa. Anderrek lehenengo biak egiten ditu. “Tumbling-ean 25 metro luzeko pista batean zortzi akrobazia (elementu esaten zaie) egin behar ditut; minitramp bikoitza izenekoan salto eta akrobazia bi egin behar ditut ohe elastiko txiki baten gainean”. Bai, Ander kirolari lotuta bizi da. Kiroleko goi mailako zikloa dabil ikasten eta datorren urtean bukatuko du. “Hasiera batean Soin Hezkuntza ikasi nahi nuen, baina urte gehiegi dira eta lana topatzea ez da batere erraza, beraz, ez dut hori egiteko gogorik. Ikasten bukatzen dudanean, nire kabuz bilatuko dut lana. Proposamena egingo dut ahal dudan lekuetan minitramp bikoitza eskolak emateko”.