Ainara Barba l borondatezko lankidea: “Venezuelan

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 14:04

Ainara Barbak 27 urte ditu eta Zamudion bizi da. Gaur egun hezitzailea da Mungiako haurtzaindegi batean, baina iazko udan langabezian egon zen. Beraz, beka bat eskatu zuen atzerrian borondatezko lankide aritzeko eta lortu egin zuen. Ainarak hiru hilabete eman zituen Venezuelan eta bere esperientziaren berri eman digu. Zelan sortu zen Venezuelara joateko aukera? 2013ko udan langabezian nengoela eskatu nuen Eusko Jaurlaritzako beka bat, Euskadiko Gazteak Lankidetzan, eta eman egin zidaten. Urtero 100 beka banatzen dira, baina 600-700 eskari jasotzen dituzte. Oso aukera ona da bekak dena ordaintzen dizulako: bidaia, lo egiteko lekua eta janaria. Eta zergatik Venezuela, bereziki? Egokitu zitzaidan, ezin duzu aukeratu ez norekin, ez non, ez zein proiektutara zoazen. Ni beste neska bi eta mutil batekin joan nintzen Caracas aldera. Egia esan, ez dut inoiz borondatezko lankidea izateko grina izan, baina aukera sortu zen eta aprobetxatu egin nuen. Bestalde, Zamudioko beste neska bat, Alaitz, bertan ibilia da eta oso erreferentzia onak eman zizkidan. Zer egin zenuen bertan? Venezuelan “Casas Hogares” izenekoetan bizi ginen. Bertan baliabiderik ez duten neska-mutilak bizi dira. Aterpetxeak bezalakoak dira. Etxean 24 ordu ematen genituen neska-mutilekin. Caracasen lau daude: bata neskentzat; eta beste hirurak, mutilentzat, adinka banaturik (7-12 urte, 12-18 urte eta 18 urtetik gora). Gu guztietan egon ginen. Zurekin egon ziren gazteen egoerak gogorra ematen du... Bai, bazen, baina guretzat hiru hilabete baino ez ziren izan. Azkenean, ohitu egiten zara eta gauza txar horiek apur bat alde batean uzten dituzu. Gainera, umeak dira eta beste era batean bizi dituzte horrelako kontuak. Nahiko zoriontsuak direla esango nuke. Zelan zen zure egun arrunt bat? Lagundu egiten genuen etxean. Etxea bikote batek zuzentzen du eta gainera sukaldaria ere badago. Gu gazteekin altxatzen ginen goizeko 5:30etan; gero, gosaria eta otoitzak; ondoren, eskolara joaten ginen neska-mutilekin; etxera itzultzen ginen eta bertan lagundu egiten genuen; 12:00etan umeen bila joaten ginen eskolara; geroago, bazkaria, otoitzak eta lo-kuluxka; arratsaldean, etxeko lanak egiten genituen haurrekin eta eurekin jolastu ere bai; gauean, afaria, otoitzak eta lo egitera joaten ginen. Zer izan zen gehien gustatu zitzaizuna? Eta gutxiena? Onena umeak izan ziren, ezagutu nuen jendea; gutxien gustatu zitzaidana, aldiz, euren bizi-erritmoa izan zen, hainbat aldiz entzun dugun Karibeko erritmo hori, oso geldoa. Askotan oso zorrotzak gara gu denborarekin, baina venezuelarrei, bost, zerbait bukatzen ez badute, hurrengo egunean bukatuko dute eta kito. Joera horrek iskanbilak sortu zituen gurekin. Baina oro har, jende alaia eta jatorra da. Zelangoa izan zen esperientzia? Errepikatzeko modukoa? Oso ona. Hemen ditugun gauzak baloratzen ikasten duzu: guk dena daukagu eta askotan kexatu egiten gara; eurek, aldiz, ez dute ezer eta oso ondo bizi dira. Oso pozik egon naiz eta orain beste era batean begiratzen diet hemen bizi diren etorkinei. Venezuelan hango lagunekin bizi nintzen, ezagutu egin nituen... Lehen aurreiritziak nituen atzerritarrekin, baina orain ez. Ea berriro itzuliko nintzatekeen? Bai, baina beka hori behin baino ezin dizute eman. Beste aukera batzuk bilatu ditut, baina bidaia ordaindu behar da eta dirutza da. Zelangoa da Venezuelaren egoera? Hugo Chavez dela-eta erabat aldatu omen zen herrialdea eta, 2013ko martxoan hil zenetik, badirudi egonkortasun politikorik ez dagoela... Zelan bizi dira venezuelarrak? Politika ez zait gehiegi interesatzen. Dena dela, politika kalean pil-pilean dagoen gaia da Venezuelan. Chavismoaren kontrakoak egon badaude, baina nik esango nuke gehiengoa erabat aldekoa dela. Bortizkeria omen da herrialdearen arazo nagusietako bat. Ados zaude? Han egon nintzen bitartean nik ez nuen bortizkeria handirik nabaritu kalean. Hiri handi guztietan gertatzen den moduan, auzo batzuetatik ibiltzea ez da komenigarria, baina denboraren poderioz hiria ezagutzen hasten zara eta bakarrik joan nintzen leku batzuetara. Behin baino gehiagotan bakarrik ere hartu nuen taxia gauez. Jendea jatorra da kalean harrapatzen baduzu eta helbideei buruz galdetzen badiozu. Oro har kaletik ondo zoaz, baina ez Bilbon bezain lasai, noski. Bertan “malandros” esaten zaie gaizkileei eta nik ikusi ditut dirua eskatzen autobusean-eta. Era berean, gauean tiroak egon zirela esan ziguten inoiz, eta ondorioz, norbait hil egin zela... Baina guk ez dugu inoiz problemarik izan. Denborarik izan duzu turismoa egiteko? Zer deritzozu Caracasi, eta oro har, Venezuelari? Bai, apur bat. Asteburuetan txangoak egiten genituen eta astebeteko oporrak ere izan genituen. Caracas itsusia eta handia da, jende pilo bat, jende gehiegi bizi da bertan, zazpi milioi lagun erroldan, gehi inguruko mendietan-eta bizi direnak eta erroldatuak ez direnak. Azkar bizi da Caracasen eta trafikoa oso handia da. Janaria erabat ezberdina da. Zelan moldatu zara? Apur bat berezia naiz jateko eta ez zitzaidan hango janaria gehiegi gustatu. Dirua baduzu, edozein gauza eros dezakezu, baina gu ez ginen dirudunak, eta esate baterako, hiru hilabeteak eman nituen arraina jan barik. Han batez ere arroza, pasta eta talo antzeko batzuk jaten dituzte. Zer deritzozu boluntariotzari? Ohiko joera da gaur egun? Gizartea nahiko berekoia da, ezta? Jende asko apuntatzen da, agian asko eta asko langabezian daudelako. Nire lagun bat ere Perun dago. Baina nik esango nuke jendeak joan nahi duela esperientzia bizitzeagatik, eta bide batez laguntzen badu, ba primeran.