Euskera alkarteen brindisa

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 14:19

Argazkiak: Pil Pilean aldizkaria, TopaEguna Soraluzen

“Ein daigun topa” lelotzat daukala, TopaEguna urriaren 11n izango da Derion. Aukera bikaina izango da euskaltzaleen arteko loturea sendotzeko eta beste alkarte batzuen esperientzia ezagutzeko. Tximintx euskera alkartea ibiliko da anfitrioi. TopaEguna Euskal Herriko Euskera Alkarteen Eguna da, eta aurtengoa egiten dan hirugarren aldia izango da. “Urtean zehar egiten dogun beharra guztion artean partekatzeko eguna da, alkar ezagutzeko eguna, eta, zelan ez, alkarregaz euskeraz eta euskeratik ondo paseteko eguna”, azaldu deuskue Tximintx alkartetik. Jaieguna alkargune, indargune, trukegune eta ikasgune bihurtzeko asmoa be badabe. Horretarako, eta ekitaldi ludikoez gainera, euskaltzaleen mobimentuaren baitako hainbat esperientzia trukatzeko aukerea egongo da, eta beste herri mobimentu batzuen ikuspegia ezagutuko da. Gazte euskaltzaleen arteko gogoetek be beren lekua eukiko dabe egitasmoan. Tximintx alkarteak eta Topaguneak –Euskal Herriko Euskera Alkarteen Federazinoa- daukie TopaEgunaren koordinazino orokorraren ardurea. Halanda be, antolatze-beharretan Derioko beste hainbat alkarte eta Txorierriko eta inguruko herrietako beste euskera alkarteak be badabilz. “Berrehun persona inguru ibiliko gara egun horretan auzolanean”. Topaguneak urtarrilean egin eutsien Tximintxekoei Euskera Alkarteen Eguna antolatzeko proposamena. Hori onartu eta herriko eragileengana zein Txorierriko gainontzeko euskera alkarteetara jo eben egitasmoa diseineteko. Baita inguruko herrietako alkarteetara be: Erandioko Berbots, Basauriko Euskarabila, Bilboko Zenbat Gara, Mungiako Txokolo eta Getxoko Egizu eta Bizarra Lepoan. TopaEgunaren aurreko edizinoa antolatu dauan eta hurrengo urtean antolatuko dauan alkarteek be egin dabe ekarpena. “Izan be, Tximintxekook ez dogu uste TopaEguna gurea danik, eskualde osokoa baizik. Lehenengoz egingo da Bizkaian eta pentsaten dogu Bizkaiko alkarte askok badaukiela zer esan. Egia da Topagunekoak eta Tximintxekoak izan garala prozesuaren gidariak eta guri tokau jakula erabagi batzuk hartzea, baina eguna alkarlanaren frutua da”. Balorau Derioztarren eretxiz, oraindino badago euskera alkarteen lana baloreteko beharra. “Alkarteok komunidadea egiten dogu gure herrietan, komunikabideen bidez, aisialdiaren bidez, kulturgintzaren bidez, berbalagunen bidez... Eta beharrezkoa da lan hori aitortu eta eraginkorrago egitea”. TopaEgunak egingo dituan ekarpen artean, alkarteen arteko ezagutzea areagotzeko baliagarria dala aitatu dabe, eta, ahal dan neurrian, alkarregaz beharrean ibiltzeko aukerea emongo dauala. Era berean, euskeraz eta euskeratik ondo paseteko eguna izango da. “Deriori eta Tximintx alkarteari berari be egin deutso ekarpena: umegunea egiteko, esate baterako,17 derioztar gazte batzea lortu dogu, beste herrietako esperientzietatik edaten gabilz, gure alkartea sendotu egin da...”. TopaEguna Soraluzen izan zan igaz eta haraino 1.000 lagun inguru hurbildu ziran. Derion zifra horretatik gertu egotea espero dabe. “Merezi dau urriaren 11n Deriora etortzea. Ikasteko aukerea egongo da, beste herri batzuetan egiten dana ezagutu, jenteagaz gozau, garagardao artisaua eta Txorierriko txakolina edan, parrandea egin... Kontzertuak egongo dira, ekitaldi hunkigarriak... Zer gehiago behar da Deriora etortzeko?”. Eta euskaltzaleak egitasmoagaz bat egitera animeteko hain zuzen be, bideo bat grabau dabe. Bideoa Topagunaren webgunean eta YouTuben dago ikusgai: Ein daigun topa. Erein Irrintzilariek eta dantzariek harrerea egingo deutsee bisitariei goizean. Gura dauanak “Berbak erein” ekitaldian hartu ahalko dau parte. “Hamabost urte barru euskerearen egoerea zelangoa izango dan pentsau eta hori orri baten idazteko eskatuko da. Orriak gutun-azaletan sartu eta kutxa baten barruan lurperatuko dira Kultur Birika ondoan. Kutxea 15 urte barru aterako dogu lurpetik eta gutunak irakurriko ditugu. Orduan ikusiko dogu zelango uztea emon daben erein doguzan berbek”. Trukegunea goizerako antolatu diran ekintzarik garrantzitsuenetariko bat da. Goizeko 10:30etik aurrera egingo da Kultur Birikan eta bederatzi alkartek azalduko dabe bertan euren esperientzia. Alkarteak Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik be etorriko dira. Hizpide finantzazioa hobetzeko ekimenak, bazkideak inpliketeko ekimenak, kulturgintzea, aisialdia... eukiko dabez. Euskera alkarteko gazte talde batzuek be egingo dabe topaketea eta Aztarnak proiektua aurkeztuko da. “Beste alkarteetatik ikasteko asko dogun heinean, beste mobimendu batzuetatik be badogu zer ikasi; feminismotik, tartean. Aztarnak proiektuaren bidez feminismoak zenbait herritan itxi dituan aztarnak batzen dabilz eta pentsetan dogu euskaltzaleen mobimentutik be aurrera eroan ahal doguzala antzeko proiektuak”. Bilboko kanposantuan dagoan ondare arkitektonikoa handia da, baina ez oso ezaguna, beharbada. Anfitrioiek bisita gidatua antolatu dabe hara, gura dauanak bertan dagoan aberastasuna ezagutu daian. “Ekintzea berbalagunei begira antolatu da; halanda be, edonork dauka hurbiltzea”. Goizean zehar beste ekitaldi batzuk egongo dira: txakolin-dastatzea, batukadea, kilikiak... eta Boga garagardao artisaua aurkeztuko da. Umeei zuzendutako gune bat be atonduko da. Umegunean ondo pasatako ekintza sorta zabala topauko dabe txikienek: jolasak, murala pintetea, ginkana, arpegia pintetea... Gindak Eguerdian alkar ezagutzea bultzatzen jarraituko dabe. Herriko frontoian egingo dan bazkaria aukera parebakoa izango da parte-hartzaileek alkar hobeto ezagutu daien. Bazkalostean kultur gindak, hau da, ordu erdiko kultur ekitalditxoak izango dira: bertsolariak, kantariak, txisteak... “Ekitaldi nagusia ondoren egingo dogu. Sorpresa bat izango da eta aurreratu ahal doguna da ikusgarria izango dala. Ekitaldian be jakinarazoko dogu datorren urtean zein alkartek antolatuko dauan TopaEguna”. Hori ezagutarazo eta eguneko zatirik ludikoenari emongo deutsie hasierea. “Umeentzako ekitaldiak egongo dira, erromeria, Zizka-mizka Derioko taldearen eta Gibelurdinek Algortako taldearen saioak... Txosna be ipiniko da”. Urriaren 11 egun bizia izango da Derion, beraz. Hara hurbiltzea ez da plan makala. TopaEgunaren aurtengo edizinoaren leloak dinoan moduan, Ein daigun topa! Euskaltzaleon alde, auzolanaren alde eta mobimentuaren alde. Egitaraua 10:30: Harrera. Berbak erein. 11:00: Esperientzien trukegunea. Euskaltzale gazteen topaldia. Umegunea. 11:30: Kale animazinoa. 12:00: Txango gidatua kanposantutik. 12:30: “Aztarnak” feminismotik ikasten. Kantujirea. 13:00: Batukadea + Kilikiak. Txakolina dastatzea. 14:00: Larrain dantzea. 14:30: Bazkaria. 16:30: Bazkalosteko kultur gindak. Irrien lagunak. 18:00: Ekitaldia. Puzgarriak. 18:30: Erromeria: Fan&Go. Elektrotxarangea. 20:00: Zizka-mizkak eta Gibelurdinek. Guneak: Kultur Birika, Herrigunea eta frontoiak. Antolatzaileak: Tximintx eta Topagunea Babesleak: Derioko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.