Irailaren hasieran jakin genduan pirata informatiko batek argitaratu ebazala neska ospetsu batzuen argazki pribaduak. Besteak beste, Kate Upton modeloak, Rihanna kantariak, eta Jennifer Lawrence eta Kirsten Dunst aktoreek jasan eben erasoa. Neskak biluzik agertzen dira argazkietan, baita bainujantzia edo barruko erropa jantzita be. Gainera, urriaren 30etik aurrera XVALA artista anonimoak ikusgai jarriko ditu argazkiok Floridako (EEBB) galeria baten, teknologia barriek dakarzan arriskuen barri emoteko atxakia erabilita.
Teknologia barriek hainbat onura ekarri deuskue, bai, baina alde iluna be badabe. Gure datuak eta argazkiak edonoren eskura jarten doguz Interneten bidez eta horreek babesteko, pasahitzak doguz. Gaur egun, pasahitzak erasoen kontrako defentsa bakarra dogu, XXI. mendeko lubakiak dira, nolabait esanda. Zenbat eta seguruagoa, orduan eta sakonagoa eta zabalagoa izango da gure lubakia. 2012an zerrenda bat argitaratu zan eta bertan gehien erabilten ziran 25 kakorik desegokienak batu ziran. Hona hemen adibide batzuk: password, password1, iloveyou, football, master, jesus...
Internautaren Segurtasunaren Bulegoak (OSI) ohar batzuk zabaldu ditu, pasahitz egoki eta seguruak aukeratzeko. Lehenik eta behin pasahitza sekretua izan behar da, eta erabiltzaile bakar batek erabili behar dau. Batzuetan, adinbakoek edo bikoteek pasahitzak konpartitzen ditue eta haserratzen badira, batak eskura eukiko ditu bestearen datuak. Gainera, zerbitzu bakotxean gako ezbardin bat erabili behar dogu: bata, posta elektronikoko konturako; beste bat, Facebook-erako; beste bat foroetan sartzeko...
Era berean, pasahitza sendoa izan behar da, hau da, segurua. Horretarako, OSIren arabera, zortzi karakterek baino gehiagok osatu behar dabe pasahitza, eta horretan letra larriak, xeheak eta zenbakiak buztartzen badira, askoz hobeto. Esate baterako, ez geunkez alkarren segidako zenbakiak (12345) edo datak (1986-12-5) erabili beharko, ezta izen bereziak (Jon Ander) edo mugikorren zenbakiak (655923871) be. Pasahitza noizean behin aldatzea be gomendagarria da.
Kontuan euki behar dogu pasahitzak asmatzeko programak egon badagozala, eta gurea oso sinplea bada, edozein piratak erraz gaindituko dau gure lubakia. Ildo beretik, eskura ditugu pasahitzak kudeatzeko programak eta bertan gorde ahal doguz gure kakoak.
Gomendioak
–Pasahitza sekretua. Erabiltzaile bakar batek erabili behar dau.
–Pasahitza sendoa. Behintzat zortzi karaktereko pasahitzak gomendatzen dira, eta letra larriak, xeheak eta zenbakiak buztartzen badira, askoz hobeto.
–Ez erabili pasahitza bera zerbitzu guztietan (posta elektronikoan, gizarte sareetan...).
–Noizean behin aldatu pasahitza.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).