Giza gazteluak

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 14:45

Margeners de Guissona taldea

Larrabetzuko Andra Mari jaietan ekitaldi bitxi bat ikusteko aukera izan genuen. Margeners de Guissona Lleidako taldeak castellak, hots, giza gazteluak osatu zituen bertan. Ikusleok primeran pasatu genuen, eta eurek ere bai. Hain gustura ibili ziren, ezen hona berriro itzultzeko asmoa adierazi baitzuten. “Katalunian 20-25 ekitaldi egiten ditugu urtean, baina horietaz aparte, kanpora joatea ere gustatzen zaigu. Horrela, esperientzia berriak bizitzeko aukera dugu, eta geure kideen arteko batasuna sustatu ahal dugu. Gainera, Kataluniatik kanpo ez dute castellak ikusteko ohiturarik, eta normalean jendea aho bete hortz gelditzen da. Mallorcan edo Kantabrian ibiliak gara eta aurten argi genuen Euskal Herrira etorri nahi genuela. Beraz, datak aukeratu genituen eta gutuna bidali genien hainbat udali geure jardueraren berri emateko. Eta erantzun zigun lehenengoa Larrabetzukoa izan zen. Eta ez genuen gehiagorik bilatu”. Albert Rocaren hitzak dira. Albert Lleidako Guissona herrian dagoen castellerren (gazteluak osatzen dutenak) taldeko presidentea da; Margeners de Guissona taldeko presidentea, hain zuzen ere. Larrabetzuko saioaz gain, Ondarroan aritzeko aukera ere sortu zitzaien azken momentuan, eta kataluniarrek ez zuten aukera alferrik galdu nahi izan. “Abuztuaren 15ean, Ondarroan ibili ginen eta egun berean, gauean, Larrabetzura ailegatu ginen. Hurrengo egunean, goizean, castellen inguruko tailerra egin genuen, eta arratsaldean, gure erakustaldia. Guztira lauzpabost gaztelu ezberdin egin genituen Txorierrin”. Margeners de Guissona taldea 2007an sortu zen. Gaur egun, 130-140 kide inguruk osatzen dute taldea, baina Larrabetzura 100 lagun baino ez ziren etorri. Lleidako lagunek primeran pasatu zuten Euskal Herrian. “Esperientzia izugarri polita izan zen: primeran eman ziguten jaten eta, oro har, ondo baino hobeto tratatu gintuzten herrian. Herrikoei berriro eman nahi dizkiegu eskerrak gurekin hain ondo jokatu izanagatik. Era berean, Larrabetzukoek oso erantzun ona izan zuten. Hasiera batean beldur zioten gazteluetako kideak erortzeari, eta harridura adierazi zuten, baina hori normala da; gu ere harritu ginen aizkolarien erakustaldia ikusi genuenean. Ekitaldiaren ostean mila galdera egin zizkiguten gure jarduerari buruz. Primeran pasatu genuen eta egunen batean itzuliko gara, bai horixe!”. Euren jarduera erakusteaz gain, herriko jaietan murgiltzeko aukera izan zuten, eta bertan ere pasatu zuten primeran. “Batzuek ordu txikietara arte eman zuten jaietan. Larrabetzu herri txikia da, baina kristoren giroa dago. Herri osoak hartzen du parte. Zoragarria da. Batzuok, Larrabetzun gelditu beharrean, Bilboko Aste Nagusira joateko asmoa genuen, baina eguerdirako giro atsegina ikusi genuenean, Larrabetzun gelditzea erabaki genuen. Eta ziur nago bete-betean asmatu genuela”. Elkartasuna Castellen leloa “indarra, oreka, ausardia eta sena” da. Ezaugarri horiek guztiak beharrezkoak dira gazteluak egiteko, baina haiei elkartasuna edo laguntasuna gaineratu ahal zaie. Izan ere, askotan taldeko kideek ez ezik beste lagun batzuek ere hartzen dute parte erakustaldietan. “Normalean hiru talde aritzen dira elkarrekin eta askotan elkarri laguntzen diote. Batek gaztelua egiten duenean, besteek gazteluaren oinarria finkatzen laguntzen dute. Ez da lehiaketa, bakoitzak ahalik eta ondoen egin nahi du, eta horretarako laguntza behar badu, ez da ezer gertatzen. Askotan ikusleek ere hartzen dute parte eta gazteluari eusten laguntzen dute, Larrabetzun gertatu zen moduan”. Castellak Gazteluak azken hiru mendeotan egin dira Katalunian. Hasiera batean, Tarragonako herrietan egiten ziren, baina denboraren poderioz Katalunia osotik, Rossellótik (Frantzia) eta Balear Uharteetatik zabaldu zen ohitura, batez ere XX. mendean. Gaur egun, lotura estua dute herriko jaiekin. 2010eko azaroaren 16an, Unesco erakundeak Gizateriaren Ondare Kultural eta Immaterial izendatu zituen Kataluniako giza gazteluak. Gazteluak osatzen dituztenak castellerrak dira, eta haiek colla castellera-etan, hau da, taldeetan batzen dira gazteluak egiteko. Gaztelua egiteko hainbat lagunek hartzen dute parte: umeak, nagusiak, gizonezkoak, emakumezkoak... Askotan lagunek, senideek, zaletuek eta ikusleek ere laguntzen dute gaztelua osatzen. Taldeek gogor entrenatzen dute urtean zehar, gazteluak ahalik eta ederren egiteko. Ematen du arriskutsua dela, baina, Alberten esanetan, bereziki zaintzen da segurtasuna. Hala, azken 300 urteotan hiru lagun baino ez dira hil. Azken heriotza 2006an gertatu zen eta handik aurrera kaskoa jantzi behar dute umeek.