Fikziozko gudaria, ezusteko aktorea

Aikor aldizkaria 2014ko urr. 9a, 13:56

Aketza Alberdi Beaskoetxea lezamarrak Chema Salcedo Peruko kazetariak zuzendutako Aita dokumentalean hartu zuen parte. Salcedoren aita, José Salcedo Molinuevo, Irrintzi batailoiko gudaria izan zen Gerra Zibilean eta perutarrak haren historia jaso du lan horretan. Dokumentala egin baino lehen, Aketzari ez zitzaion ezta burutik pasatu ere aktorea izateko aukera. “Inoiz ez!”. Hogeita bi urte ditu eta metal-eraikuntzei buruzko goi mailako ikastaro bat egiten dabil. “Eta etorkizunean horretan aritzea espero dut”. Aita dokumentalerako castingaren berri anaiaren bidez eduki zuen. Kartela bidali eta esan zion han agertzen zen mutilaren antza zuen 18 urtetik 25 urtera bitarteko pertsona baten bila zebiltzala. Baldintzak betetzen zituela eta, beraz, anima zedila castingean parte hartzera. “Ados, esan nion nik, baina baldintza batekin: zuk ere hartu behar duzu parte. Baietz esan zidan… Baina gero enteratu nintzen ez zuela argazkirik bidali. Kabroia! (kar, kar)”. Castinga online izan zen. Amak argazki-booka egin zion Aketzari eta argazkiak emailez bidali zizkioten Chemari. “Aktorea hartzeko ardura berak eta bere senideek eduki zuten. Neu hartu ninduten, José Salcedoren antz handia dudalako. Zer etorri zitzaidan burura ni aukeratu nindutela esan zidatenean? Ba… pentsa ezazue!”. Chema Salcedo urtarrilean etorri zen Bizkaira eszena batzuk grabatzera, baina Aketzak martxoko filmatzean hartu zuten parte. “Egun batean egin genuen dena. Goizean, Eibarren grabatu genuen, Akondia mendian. Handik Artxandara joan ginen, “La huella” gudarien oroimenezko eskultura inguruan grabatzera… Pozas kalera jaitsi ginen gero, eta azkenik, San Mamesera. Oso goiz hasi eta oso berandu amaitu genuen”. Salcedo eta musika arduraduna izan ezik, filmatze-ekipoko kide guztiak bertokoak ziren eta Aketza haiekin ibili zen pertsonaia prestatzen. “Arropa erosi genuen: milarraiazko prakak, albarkak… Hori martitzen batean izan zen eta Chema barikuan ailegatu zen. Komentatu genuen gauzak zelan egin eta gidoia eman zidaten… Ama maitea! pentsatu nuen nik”. Eta, gainera, aurre egin behar izan zion aktoreak prest egon behar diren betebeharrari: pertsonaiaren karakterizazioari. “Chemak traba bi baino ez zituen ikusi: alde batetik, ilea luzeegi nuen; eta bestetik, bere aitak begi argiak zituen, nik, ordea, ilunak. Ez kezkatzeko esan nion, ilea moztu behar banu, moztuko nuela, eta lentillak ere ipiniko nituela. Grabazioa hurrengo egunean zen, beraz, ile-apaindegiz ile-apaindegi ibili nintzen, horietako batean ilea moztu zidaten arte. Bitartean, lentillak erostera joan ziren ekipoko batzuk”. Oso profesionala da Aketza, duda barik. Gidoia etxean ikasi eta hurrengo egunean, goiz-goiz abiatu Eibarrera. Hotza galanta eta arazotxo teknikoak. “Lehenengo aldia zen lentillak ipintzen nituena. Furgoneta barruan nengoen, lentillak ipintzen saiatzen, negar batean… Lurrera erortzen zitzaizkidan… Zikinkeriaz bete ziren… Chemak esan zidan berriro ez saiatzeko, baina nik erantzun nion lortuko nuela, ezinbestez… Eta lortu nuen, bai, ordubete eta erdi pasatu ostean! (kar, kar)”. Aberasgarria Azaldu digun moduan, ez daki ezer aktorea izateari buruz, ez du baliabiderik horretarako, eta esan behar zuena askotan ahazten zitzaion. “Baina ez zen ezer gertatzen: grabazioa eten, errepikatu eta konponduta!”. Lotsa ere pasatu zuen, Pozas kalean gehienbat. “Eibarren ez ninduen inork ezagutzen; Bilbon, aldiz, beste kontu bat izan zen. Anaiaren lagunekin egin nuen topo… Bestalde, kalean topatzen nituen pertsonekin hitz egin behar nuen, baina kamara eta fokua ikusten zituztenean, alde egiten zuten!”. Aita dokumentalak José Salcedo Molinuevo gudariaren historia azaltzen du. Salcedok 1951. urtean emigratu zuen bere familiarekin Andeetako herrira, bere semeak, Chemak, bost urte zituela. “Aitaren historia amets baten bidez kontatzen du eta han aitarekin batera bizitzea gustatuko zatekeen momentuak azaltzen ditu: gerra, Athleticen partida bat… Dokumentala apur bat arraroa da, baina oso ondo egon zen”. Egindako lanarekin pozik dagoela esan digu, eta dokumentalaren estreinaldian, bere burua pantailan ikusi zuenean, lotsa sentitu zuela. Oso jende interesgarria eta jatorra ezagutu du eta asko ikasi ere egin du. “Adibidez, Eibarren grabatu genuenean, bertako historian adituak diren lagun batzuekin egon ginen, eta azalpenak eman zizkiguten mendian zeuden lubakiei buruz, morteroei buruz, herriko arma-industriari buruz…”. Estreinaldian ere oso momentu hunkigarriak bizi izan zituzten. “Etorri ziren batzuk gerra garaian bizi ziren eta beste askoren senideak frontean izan ziren. Ezagunak, bizipenak… zituzten komunean”. Hasieran esan bezala, Aketzak ez du aktorea izateko asmorik, baina, hala ere, ez litzaioke inporta esperientzia errepikatzea, “oso aberasgarria izan delako eta halako aukerarik ez dagoelako egunero”. Beraz, batek daki pantailan berriro ikusiko dugun.