Lehengo hilabetean, lagun batek iritzi-artikulu bat argitaratu zuen Durangon aldizkari digitalean, hurrengo egunean egingo genuen kantu-poteoari sona eman nahian. Lehenik eta behin, egin zuen publizitateagatik eskerrak eman nahi nizkioke. Hala ere, artikulua idazteko erabili zuen aitzakia bueltaka eduki dut gogoan, eta horren gaineko hausnarketa bat egin behar nuela iruditu zait, neure burua bere egoera berean ikusi baitut behin baino gehiagotan.
Artikuluan, Eperrak abestia birjintasunaren laudorioa zela zioen, eta hurrengo eguneko kantu-poteoan ez zuela kantatuko. Bere arrazoiak izango zituen horrela jokatzeko eta erabakia guztiz errespetagarria iruditzen zait, gainera ados nago berarekin birjintasunaren kontu horri dagokionez, baina uste dut askotan ahazten dugula memoria historikoa zer den, eta gutako bakoitzak erabat barneratuta dugula. Azken urteotan, Guda Zibileko hildakoak direla-eta bueltaka darabilzkigun hitzak dira, eta nagusiki horrekin lotzen ditugu; nik beste zentzu batean erabili nahi ditut.
Memoria historikoak niretzat zentzurik badu, nor naizen / nortzuk garen ulertzearena da, eta kantua dut hori egiteko modurik hurbilena. Abestiak herri jakituriaren eta ondare kulturalaren parte handi bat dira, zer izan garen eta zer garen erakusten digutenak, gure memoria historikoarenak, hain zuzen. Euskaldunok esklabo-tratulariak izan gara, intsumisoak, pedofiloak, abertzaleak, ateoak, mendekuzaleak, puritanoak, bakezaleak, erromantikoak, sexistak, mozkortiak, diruzale amorratuak, biktimak eta borreroak. Are gehiago, esango nuke pertsonaia horiek guztiak gure bizitzaren momenturen batean antzeztu ditugula, nahiz eta hori onartzea beti atsegina ez den. Gure kontzientziaren alde ilunenean bada ere, denok daramatzagu pertsonaia horiek barruan. Ageri-agerian, batzuetan; ezkutatu guran, beste batzuetan. Zailtasuna, nire ustez, hori ikusi eta onartzean datza, eta horretarako umiltasun handia behar da.
Oztopoak oztopo, badago gure artean ariketa hori egiten diharduena. Uxue Alberdik, esaterako, “…konplize ditut eta maite ditut denak…” kantatzen dio emakumeari. Hara heltzea bai dela marka. Nik nahi nuke egun batean, gure artean, umiltasunaren eta jakituriaren utopia hori bizi…