Denporak aurrera egiten dau, gelditu barik. Eta konturatu orduko mende erdia pasau da. Halan gertatu jake Txuma Olagüe Sondikako talde koraleko kideei, izan be aurten 50 urte bete dira ahots bajuen taldea sortu zanetik. Karmelo Gastañagak eta Juantxu Yebrak, presidenteak eta korukideak hurrenez hurren, hasiera-hasieratik daroe bertan eta taldearen gorabeheren barri emon deuskue. Hareekaz batera, Andoni Azkorra egon da, gaur egun taldearen idazkaria dana.
Azaldu deuskuen moduan, taldea 1964. urtean sortu zan Txuma Olagüeren ekimenez. “Musikazale amorratua zan, eta garai hatan abade ebilen Sondikan”. Emakumezkoek eta gizonezkoek osatutako parrokia-taldea eratu zan, mezatan abesten ebana, baina talde horretako gizonak hasi ziran guztiek batera egiten ebezan entseguen ostean lotzen, saioak beren kabuz be egiteko. Eta ondoren, tabernara, gogoz entseatutako abestiak praktikan ipinteko. Ahots bajuen taldea halantxe sortu zan. “Hogei lagun ginan. Batez be mezatan abesten genduan domeketan, antolatzen zan kultura-ekitaldiren baten, alboko herrietako eleizetan hara joateko gonbitea egiten baeuskuen...”.
Txuma Venezuelara joan zan misionari 1968. urtean eta taldearen ardurea Jesús Llonak hartu eban. Eta haren ostean, Antolín Zarragak, taldearen zuzendaria izan zanak, harik eta hori 1972. urtean desagertu zan arte. “Mezea esateko modua aldatu zan. Herritarrek mezatan gehiago parte hartzeko eskatzen hasi ziran, han abestu eien, eta taldea bertan behera itxi genduan”. Baina hori arrazoi nagusia izan bazan be, ez zan bakarra izan. “Ezkontzen hasi ginan, seme-alabak izaten... eta batzuk herritik kanpo joan ziran biziten. Halanda be, batzuk jarraitu genduan tabernan alkartzen eta abesten. Sondika herri kantaria izan da beti”.
Isiltasuneko hiru hamarkaden ostean, Txuma Olagüe ahots bajuen taldea barriro osatu zan 2003. urtean. Baina eratze-prozesu hori ulertzeko, Txuma misinoetatik itzuli zan garaira egingo dogu atzera. Ahots mistoen taldea 1988. urtean eratu zan barriro, bere zuzendaritzapean. Abadea zazpi urte beranduago hil zan eta taldekideak Txuma Olagüeren oroimenezko kontzertua hasi ziran antolatzen. “Talde mistoan, ahots bajuen taldea osatu genduan kideetariko batzuk be bagengozan, eta akordau jakun 2003. urteko emonaldirako barriro alkartu eta abestiren bat abestu geinkela. Emonaldia amaitu eta ahots mistoen abesbatzaren zuzendariak, Paula Pérezek, esan euskun tamalgarria zala taldeak ez jarraitzea. Eta beno, hemen gagoz”.
Festara
Hasierako taldekideei kide barriak alkartu eta 25 gizonezkok osatutako taldea dira gaur egun. Zuzendaria aurrera jarraitzera animau ebazan emakumea da: Paula Pérez. Bizkaiko Abesbatzen Elkartean (BAE) dagoz federauta eta lau hitzordu garrantzitsutan hartzen dabe parte urtean zehar: Begoñan egiten dan Bizkaiko Abesbatzen Astean, Udabarriko Kontzertuetan, Txuma Olagüeren oroimenezko jaialdian eta Txorierriko Gabon-kanten jaialdian. Horrezaz gainera, herri batetik edo bestetik deitzen badeutsee, bada, hara be joaten dira. “Guk ez dogu musika arloko ikasketarik. Belarriz abesten dogu, entseguetan ikasi doguna... Baina esan beharra dago asko hobetu dogula hasi ginanetik. Ohiko euskal abestiak a besten doguz, habanerak, kantu lirikoren bat, operaren bategaz be ausartu gara... Euskeraz abesten dogu, katalanez, ingelesez, alemanez, italieraz... gure erara, noski”.
Beren kontzertuetara sondikoztar asko azaltzen dira, publiko leiala dabe, eta kanpora ateraten diranean, hareekaz batera be joaten dira. “Giro berezia sortzen da. Emonaldien ostean be bai. Kopauan, esate baterako, lehenengoak gara abesten. Burura jatorkun lehen abestia, kantetan gehien gustaten jatana Festara da. Baina zuzendariari ez jako asko gustetan zelan egiten dogun... Bere ustez, ondoen egiten dogun abestia Elurra mara-mara da”. Berba onak baino ez daukiez zuzendariarentzat. “Pazientzia handikoa da, ez da haserratzen eta bikain zuzentzen gaitu. Badaki non egiten dogun huts eta lagundu egiten deusku zuzentzen. Emonaldien ostean berba gozoak esaten deuskuz beti, eta zerbait kritikau behar badau, hori beste momentu baten egiten dau”.
BBK-k lehiaketa bat antolatu ebala kontau euskuen, eta parte-hartzaileek Schubert konpositorearen Ave Maria piezaren bersino bat egin behar ebela. Hiru sari emon ziran. Taldearen zuzendaria, Paula, epaimahaikideetariko bat izan zan eta gainontzekoek galdetu eutsien ea ausartuko litzateken hirugarren saria eskuratu eban bersinoa Sondikako talde koralagaz abestera. Baietz erantzun eutsen. “Egilea gu abesten ikustera etorri zan eta asko gustau jakon; sorpresa ederra hartu eban. Egia esateko, bersinorik gatxena zan eta oso ondo atera jakun”.
Entseguak Santa Kurtzeko ermitan egiten dabez, astean bitan. “Baina hotz handia egiten dau neguan eta Udalak baimena emon deusku sasioi horretan entseguak Kultur Etxean egiteko”. Ordubete eta erdiko entseguak dira eta, esan deuskuenaren arabera, kideak oso serioak dira eta hara guztiak azaltzen dira gehienetan. “Batzuk 80 urtetik gorakoak dira eta gazteenak, hogeta hamar eta piku urte ditue. Kezkatzen gaitu ordezkoaren gaiak. Ez dakigu orain gagozanak faltaten garanean taldea ez ete dan desagertuko... Ez da erraza jente barria, eta batez be gazteak, erakartea”.
Udalak diru-laguntza bat emoten deutse eta kideek kuota bat be ipinten dabe, zuzendariari ordaindu eta gainontzeko gastuei aurre egin ahal izateko. “Lehen, urteeraren bat egin behar bagendu, BAEk autobusa ipinten euskun, baina murrizketak egon dira eta orain autobusa geuk ordaindu behar dogu, edo autoz joan”.
Begoña
Bizkaian eta Bizkaitik kanpo ibili dira kantaten; Haro edo Villarcayon, esate baterako. Eta gustauko litxakie kanpora gehiagotan ateratea, baina gatxa ikusten dabe oztopo ekonomikoagaitik eta denpora ezagaitik. Behin Naviako abesbatzea konbidatu eben herrira eta harridurea sortu jaken Sondikan hain talde ona egoalako. “Izan be, nahiko ondo egiten dogu. Sei talde koral onenen artean gagozala esango geunke. Bestalde, behin Ohioko abesbatza bat be etorri zan Sondikara. Euskal Herritik egozan biran eta konbidatu genduazan”. Eta zein da eszenatokirik onena abesteko? “Ba, Begoñako basilikea. Jentetza handia batzen da bertan”.
Urteurrenaren haritik, ekitaldi bat egin eben Santa Kurtzeko jaietan eta Santa Zeziliari begira musika-emonaldia eskiniko dabe Danok bat Portugaleteko otxoteagaz. “Txorierriko Gabon-kanten jaialdiari be Sondikan emongo deutsagu amaierea”.
Talde koralean musika-zaletasunagaitik dagoz, abestea izugarri atsegin dabelako. Terapia egiteko modua be badala aitatu deuskue, kezkak-eta tarte baten ahazteko. Gainontzekoek beren beharra baloraten dabela sentiduten dabe eta horregaitik eskerrak emoten deutseez publikoari, herritarrei, Udalari, txorierritarrei eta hareekaz era baten edo bestean alkarlanean dabilzan guztiei. Halan, bada, jarraituko dabe Sondikan musikea, kultura eta ohiturea lantzen. Hori mende bat bete arte izango ahal da!