Lezamako gazteria, pausu bat aurrera

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 6a, 11:30
Urriaren 25ean Txorierriko Gazte Topaketea egin zan lehenengo aldiz Lezaman, eta anfitrioi hango gazte asanbladea ibili zan. Lezamako Gazte Asanbladea orain dala gitxi sortu da herriko gazteek daukiezan beharrizanei eta kezkei erantzuna emoteko asmoz. Horretarako, autogestinoa eta alkarlana erabiliko dabez. Hamar gaztek osatzen dabe Lezamako Gazte Asanbladea gaur egun, “baina gura dauanak baditu ateak zabalik, bere ideak, nahiak, kezkak... gugaz batera lantzeko”. Azaldu deuskuen moduan, udan hasi ziran alkartzen, herrian gazte mobimendu baten beharra ikusten ebelako, “kultura, aisialdi, kirol... arloan. Horreei ikuspuntu barritzaile eta fresko bat emoteko”. Besteak beste, bardintasuna, lana, etxebizitzea, euskerea, gazteen arteko harremanak eta auzolana apuntau dabez beren bide-orrian. Eratze-prozesuan, Txorierriko gainontzeko gazte asanbladen laguntzea euki dabe. “Herrian ez daukagu adin ezbardinetako gazteak batzeko tokirik, ezta ohiturarik ez”, aitatu dabe. “Horren adierazgarria da 17 urteko gazte batek gitxitan daukala harreman zuzenik 23 urteko bategaz. Gainera, herri txikia garan heinean, batzeko eta alkar ezagutzeko premia ikusten dogu. Horregaitik Lezamako gazteok alkarregaz parte hartu geinken ekintzak eroan gura geunkez aurrera”. Horri lotuta, gazte askok herrian zer egiterik ez dagoan ustea daukiela esan deuskue, eta herri handiagoetara edo Bilbora joaten dirala. “Baina gazteontzako eskaintzea guk geuk antolatu eta gestionau daikegula konturatu gara, ha geure esperientziatik sortu, gurean bizitasun gaztea berbizteko”. Bestalde, herriko beste alkarteek egiten daben moduan, Lezaman antolatzen diran ekitaldiei beren “ikuspuntu freskoa” be gehitzea gustauko litxakie. Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren alde lan egitea be badaukie helburu. “Gizartean eta gazteon artean be jarrera matxistak hartzen doguz konturatu barik. Portaera txikiak eta ia ikusezinak dira normalean, baina borrokatu beharrekoak. Guk jarrera feminista eta parekidea daukagu bardintasunerako bidean”. “Arditxuak” ez dirala dinote, dagona hartu eta men egiten dabenetarikoak. Beren interesak parrandan urtetatik eta edatetik baino haratago doazala. “Jarrera kritikoa daukagu Lezaman, Euskal Herrian zein munduan gertatzen diran egoeren aurrean. Eta, ahal dogun heinean, era aktibo baten inplikauko gara gure ingurua hobetzeko”. Euskerearen erabileraz be badabilz kezkatuta, Lezama herri euskalduna izan arren eta gehienek euskeraz badakie be, gazteen artean euskera gitxi entzuten dalako. “Hizkuntzea gogoan daukagu uneoro; gure bilerak, esate baterako, euskera hutsean egiten dogu. Euskerearen aldeko ekintza zuzenak edo egitasmoak aurrera eroateko asmoa be daukagu”. Inplikazinoa eta gogoa Beren beharra aurrera aterateko, erremintatzat autogestinoa eta alkarlana erabiliko dabezala esan deuskue. Halan, ez dabe ekonomikoki eta ideologikoki inori lotuta egon gura eta horregaitik ez dabe laguntza ekonomikorik eskatzen.“Horrek dakarren antolakuntza eta idea askatasunagaz”, azpimarratu dabe. “Ez gagoz inongo botere politikoren interesen menpean eta gure onerako dana zer dan guk geuk ezagutzen dogu. Gainera, martxan ipiniko doguzan egitasmoek ez daukie diru-kopuru handien beharrik; trukean, inplikazino pertsonala eta gogoa eskatzen dabe”. Beraz, alkarlana joten dabe garrantzitsutzat. “Gazteon artekoa, herritarron artekoa eta, noski, herriko alkarteen arteko alkarlana eta harreman estua”. Hasibarriak dira, baina hainbat proiektu daukiez buruan. Euskerearen Astearen haritik, esate baterako, ume, gazte zein helduei zuzendutako ekintzaren bat prestauko dabe, eta Gabon zahar herrikoia antolatzeko asmoa daukie. “Datorren urtearen hasierari begira, hilabete internazionalista bat egin gura dogu. Aurrerapen moduan, esan daikegu gatazkan dagozan herrialdeetako hizlariak, musikariak, sukaldariak... Lezamara ekarriko doguzala, beren kulturaren zati bat hurbildu daiguen”. Lezamako Gazte Asanbladea ez da talde ez estatikoa, ez itxia; jente eta idea ezbardinetara zabalik dagoan egitasmo dinamikoa baizik. “Astero biltzen gara eta gugaz harremanetan jarteko hurbiltzea baino ez dago. Gainera, gizarte-sareen bitartez edo e-mailez edonork jo daike gugana”. Urtean zehar, ekintza anitzak antolatzeko asmoa daukie, asanbladako gazteei ez ezik herriko gainontzeko gazteei, umeei eta helduei be zuzenduta egongo diranak, halan nola dantza ikastaroren bat, liburuen aurkezpenak, kirol lehiaketak edo kontzertuak. Lezaman, beraz, badago beste eragile bat, herriari ekarpen handia egingo deutsona, ziur asko. “Gazte Asanblada batek beste gazte batzuakaz ibilteko aukerea emoten deusku gazteoi, gure gogoa, eretxia eta jarrerea zuzenean adierazoteko aukerea, bitartekari barik. Kirol, kultura edo beste arlo batzuetako ekintzak antolatzeko ahalmena emoten deusku, konpromisoak gure gain hartuz”. Facebook: Lezamako Gazte Asanblada @LezamakoGA lezamakogazteasanblada@gmail.com Gazte topaketea Txorierriko I. Gazte Topaketak 150 lagun inguru batu zituan Lezaman. “Ez genduan horrelako erantzunik espero, ezta hainbeste eredu ezbardinetako lagunak batzea be. Horregaitik bagagoz oso pozik”. Inguruko herrietako gazteek bat egin eben lezamarrakaz eta egun osoan zehar giro aparta egon zen herrian: trikipoteoa, bazkaria, antzerkia, olinpiadak, musikea... “Helburua Txorierriko gazteak bildu eta gure arteko harremana sendotzea izan zan. Beste gazte topaketa batzuetan heziketea edo kultura izan daitekez helburuak, baina oraingo honetan ezinbestekotzat joten genduan adin eta joera ezbardinetako lagunek alkarregaz disfrutatzeko egun bat eskaintzea”. Lezamako Gazte Asanbladak lehenengo pausua emon dau eta harrerea itzela izan da. Zalantza barik, halan jarraituko dabe, pausuak aurrera emoten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).