Aurten, November Festa antolatu da lehen aldiz Zamudioko azokan. Saltxitxak, txerri-ukondoa eta Alemaniako garagardo mota asko dastatzeko aukera izan zuten bisitariek. Enrique Thatek antolatu zuen festa, eta haren iritzia jaso dugu.
Zelan Zamudion?
Zerbait berria zen herrian, eta oso pozik irten ginen guztiok. Jende asko etorri zen, eta eraman genuen jenero guztia agortu zen. Deitzen badigute, datorren urtean ere egongo gara Zamudion.
Zein izan zen arrakastatsuena: garagardoa ala janaria?
Biak. Azken batean, edaten baduzu, jan egingo duzu. Garagardo mota batzuk ekarri genituen: gari-garagardoa, beltza, horia, gorria... Oktoberfest bier da bereziena; hura Munichen bertan eskaintzen dute Alemaniako Urriko Azokan. Garagardo hori geuk baino ez dugu ekartzen Bizkaira. Dena dela, batez ere garagardo horia eta saltxitxa zuriak hartu zituen jendeak Zamudion.
Zuen saltxitxak bereziak omen dira. Zelan egiten dituzue?
Familiak hiru belaunaldi daramatza txerrikia egiten. Hemengo enpresa handiek antzeko era batean egiten dituzte saltxitxak; hau da, prestakin berezi bat erabiltzen dute. Guk, aldiz, espeziak nahasten ditugu, eta hor dago gakoa. Oro har, Alemanian egiten dituzten moduan egiten ditugu, baina hemengo gustura apur bat egokituak. Esate baterako, guk berakatza erabiltzen dugu, hemengoei gustatzen zaielako.
Garagardoaren Azoka urrian egiten da Alemanian. Gaur egun, Bizkaian ere antolatzen dira azoka alemaniar pilo bat, ezta?
Bai, modan jarri dira. Gu 1992an hasi ginen azokekin. “Azokak kristoren arrakasta badu Alemanian, zergatik ez hemen?”, pentsatu genuen. Azken batean, zer da Urriko Azoka, ba? Musika talde bat erdian, eta inguruan, eserleku luzeetan jesarrita, jendea abesten, edaten eta jaten. Horrek funtzionatu egin behar du Euskal Herrian”. Guztioi gustatzen zaizkigu saltxitxa eta garagardo on bat. Merkea eta goxoa da, eta gainera, tripa betetzen du.
Familiak ia 100 urte daroa Euskal Herrian, baina ez duzue nortasun alemaniarra galdu... Zuek zer zarete, euskaldunak ala alemaniarrak?
Kar, kar. Ez dakit. Egia esan, hemen bizi eta lan egiten dut, beraz, nolabait aukeratu egin dut, baina Alemania ere izugarri gustatzen zait. Niri hemen Alemania defendatzea gustatzen zait, eta Alemanian, Euskal Herria. Nire lanak hori egiteko aukera ematen dit, baina horregatik izango ez balitz ere, berdin-berdin egingo nuke. Gu lau anai-arreba gara eta Alemanian ikasi dugu guztiok ogibidea, Oihan Beltzean. Bertan beti tratatu gaituzte primeran. Duisburgo aldean senideak ditugu. Gaur egun, urtean hiru aldiz joaten naiz Alemaniara.
Oso ezberdinak gara euskaldunak eta alemaniarrak?
Ez pentsa! Nik Oihan Beltza ezagutzen dut batez ere, eta nik esango nuke nahiko antzekoa dela. Itsasorik ez du, baina baso berdeez josita dago, Euskal Herria bezala. Eta hango jendea ere oso harro dago bere lurrarekin, oso sustrai sakonak ditu herrian, hemen gertatzen den moduan. Gastronomiari dagokionez, euskal sukaldaritza munduko onenetarikoa da, hemen denetarik dagoelako, eta gainera, oso goxo dago dena: okela, arraina, barazkiak... Euskal Herriko edozein tokitan ondo jaten da. Alemanian, aldiz, ez dute itsasoari lotutako ohitura gastronomikorik. Hala ere, okela zoragarria da: txerria, ehizakia... Esaten da Alemanian saltxitxak eta txerri-ukondoa baino ez dituztela jaten, baina hori ez da egia, beste gauza asko eskaintzen dituztelako. Gaur egun, Alemanian ere oso ondo jaten da.
Bilbon oso ezagunak zarete...
Bai. Ni naiz familiaren irudia, nolabait esanda. Normalean, ni saltxitxak egiten ibiltzen naiz, baina, egia esateko, gustatzen zait jendearekin harremanetan egotea. Nik primeran pasatzen dut, eta gainera, ona da negoziorako. Nik beti esaten dut gauzak disfrutatu egin behar direla. Bizitzako esparru guztietan, ilusioz eta poztasunez ibili behar da; horrela, gauzak hobeto aterako dira.
Topa Bilbori!
Enriqueren aitita 1918an heldu zen Bilbora. Bertan taberna alemaniar txiki bat ireki zuen, eta ondoren, 1922an, lehenengo txarkuteria. Geroago, beste txarkuteria bat zabaldu zuen. Familiak haren lekukoa jaso zuen eta txerrikia alemaniar erara egiten jarraitzen du. Haren produktuak Bilbon duten txarkuterian zein supermerkatu batzuetan eros daitezke.
Thatetarrak oso ezagunak dira Bilbon, batez ere 1999an taberna ireki zutenetik, Ein Prosit Bilbao, topa Bilbori. Taberna alemaniar estiloan diseinatuta dago. “Gure produktuak saltzeko beste era bat da taberna”, azaldu digu Enriquek. Thatetarrak oso futbolzaleak dira eta Gerd Muller eta Daniel Ruiz Bazán Dani, Municheko Bayern taldeko eta Athleticeko futbolari mitikoak, omentzen dituen lagunarteko taldea sortu zuten tabernan.
Gurean izan da