Mikel García Aurrekoetxea, eskalatzailea: Horman g

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 21a, 15:38

Mikel García sondikoztarrak 17 urte ditu eta Batxilergoa ikasten dabil Derioko institutuan. Bere adineko gazte arrunt bat ematen du, baina Mikel eskalatzaile trebea dugu. Iaz, txapeldunordea izan zen Euskadiko Txapelketan, eta munduko hormarik zailenak gainditzea da bere ametsa. “Anaiaren bitartez sartu nintzen eskalada munduan. Hark 19 urte zituen orduan, eta nik, 13, eta berarekin eta bere lagunekin eskalatzera joateko esan zidan, Leioako kiroldegira. Hasiera batean, hilabetean behin joaten nintzen, baina gaur egun astean hiru edo lautan. Lau urte pasa dira eskalada egiten hasi nintzenetik. Anaiak utzi egin du eta haren lagunak zirenak neureak dira orain (kar, kar)”. Eskaladak izugarri erakartzen du Mikel. “Alde batetik, horman gora zabiltzala duzun sentsazioak ez du parekorik; bestetik, beste kiroletan gertatzen ez den moduan, ez duzu beste inoren kontra jokatzen, zeure buruaren kontra baizik, eta hori oso zirraragarria da”. Mikeli natura, mendia eta altuera gustatzen zaizkio. Ez da harritzekoa, beraz, eskalatzailea izatea. Kirol arruntek, pilota edo futbola, ez dute sondikoztarra erakartzen. Eskaladaz gain, slackline ere egiten du, hau da, orekari eustea arbola bitatik lotutako soka elastiko baten gainean. “Ahal dudanean, zinta hartu, eta parkera joaten naiz praktikatzera”. Erortzeko beldurrik ez du gazte honek. “Eskalada jendeak uste duen baino askoz seguruagoa da: gauzak ondo egiten badira, ez dago arriskurik. Nik ez dut inoiz istripurik izan”. Mikel García batez ere azken bi urteotan murgildu da eskaladan. “Astean zehar, rokodromoan entrenatzen dugu, eta asteburuetan kanpora joaten gara, naturak eskaintzen dituen hormetara”. Autoaren arabera. “Autoz joaten bagara, Gaubea, Araban, eta Galdames gustatzen zaizkigu. Bestela, Baltzolara, Dimara joaten gara, baina ia ordu bi ematen ditugu garraiobide publikoetan haraino heltzeko. Gidabaimena ateratzeko irrikan nago! (kar, kar)”. Leku berriak deskubritzea izugarri gustatzen zaio eta ezagutu duen azkena Rodellar harana da, Huescan. “Leku zoragarria da eskalatzeko: haranaren erditik ibaia doa, eta inguruan, hainbat horma ikaragarri. Egun osoa eman genuen eskalatzen eta gero errekan freskatu ginen”. Munduan hainbat leku eder daude eskalatzeko, baina eskaladaren gunea Yosemite parkea da, Kalifornian, Estatu Batuetan. “Hara joatea itzela izango litzateke. Entzun dudanaren arabera, Alpeak ere ez dira makalak, hormak oso luzeak baitira”. Mikelek ametsetan jarraitu du. “Niri Pou anaiek egiten dutena egitea gustatuko litzaidake. Horiek mundu osotik bidaiatzen dira eta hormarik zailenei egiten diete aurre. Baina horretarako munduko onenetariko bat izan behar zara eta nik ez daukat hain maila altua”. Mikel ez da izango munduko eskalatzailerik onenetakoa, baliteke, baina sondikoztarra ez da atzean geratzen. Esate baterako, iaz Euskadiko Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen 18 urtez azpiko kategorian. “Lagunekin joan nintzen esperientzia bizitzera eta ondo pasatzera, beste asmorik gabe. Oso pozik bukatu genuen txapelketa, ez genuelako espero hain emaitza ona lortzea. Euskadin eskalada egiten dugunak nahiko gazteak gara eta batzuek oso maila ona dute. Esate baterako, Mikel Linazisorok 14 urte baino ez ditu, eta zortzigarrena izan zen Munduko Gazte Txapelketan”. 7C+ Mikelek lehiakide indartsuak ditu, baina horma da berari interesatzen zaion gauza bakarra. “Lehen, garrantzia ematen nien txapelketei, baina orain, egia esateko, horma zailak gainditzea baino ez daukat buruan. Eta ahal den neurrian, baita neure maila hobetzea ere. Gaur egun, 7C+ mailan nago, eta 9ra ailegatu nahiko nuke. Horretarako, gogor entrenatu behar dut”. Helburu hori lortzeko, ziurrenik lagungarria izango litzateke entrenatzaile baten aginduak jasotzea, baina Mikelek ez du hartu nahi horrek eskatuko lukeen konpromisoa. “Ni erabat autodidakta naiz, eta nahiago dut lagunekin ibili eta hormak geure kabuz eskalatu. Etorkizunari begira, aldiz, gerta daiteke entrenatzaile batekin aritzea, zergatik ez, horrek aurrera pausoa emango lidakeelako, baina oraingoz ondo nabil ondo lagunekin”. Mikel oso gaztea da oraindik, eta auskalo zer ekarriko dion bizitzak. Oraindik ez du erabaki datorren urtean zer ikasiko duen. Bitartean, eskaladaz gozatzen dabil, nahiz eta horretarako Txorierritik kanpo joan behar duen. “Txorierrin ez dago instalazio onik entrenatzeko, eta Leioakoa da gertuen dudana. Derion badago rokodromo txiki bat, baina ez da oso aproposa. Larrabetzun ere badago pareta bat, eta, oso ondo dagoen arren, apur bat urrun daukat. Gainera, ez du argi artifizialik, beraz, neguan, goiz iluntzen duenean, ezin da entrenatu. Ea Udalak animatzen diren zerbait egitera”.