Personen bizitzak jaiotzetik hil bitartean duina, osoa eta zoriontsua izan behar dauala danok pentsetan dogu. Ongizatearen gizartea eraikitzeko beharretan gabilz. Soldata eta etxebizitza duinak oinarrizkoak dirala ez dau inork zalantzan ipiniko. Zuzen ote gabilz, baina?
Zerbaitek huts egiten dauala argi ikusten dogu gaur egungo egoera honetan: sistemak harrateak eta trabak ipini baino ez dau egiten. Gura doguna ikasteko zein behar egiteko edo etxe duin bat izateko zailtasunak agerian dagoz: muga goian, eta gero eta gorago. Nork dauka eskatzen dan lan-bizitza osorako lan-ziurtasuna gaur egun? Zenbatek etxebizitza bat erosteko abala emon ahal deutsee seme-alabei? Izan be, etxe barik eta zorra ordaintzen makina bat dabil. Arriskua handitu egin jaku.
Lan-ezegonkortasunak zure familia murriztu beharra ekarten deutsu. Emakumezkoa bazara, lan-bizitza eskasa eta gogorra jatortzu. Oraintsu entzun dogu Google enpresa “aurreratuak” erabagi dauala emakumezkoak diran langileei beren obuluak izozteko aukerea oparitzea, produkzio-garaian haurdun gelditu ez daitezan eta zaharragoak diranerako-edo itxi dagien. Derrepentean galdera batzuk datoz burura: nork babesten dauz umeak? Eta emakumeak? Eta gizartea? Orain aitita-amamak badabilz seme-alabei umeakaz laguntzen, gero emakumeak umedun geldituko dira ia amamak izateko adina daukienean? Zein motatako gizartea eraiki gura dogu? Nork ordainduko ditu gure pentsinoak, urte batzuk barru behar egiteko jente nahikorik egongo ez bada?
Beharra topa ezinik, gazte askok atzerrira joateko aukerea hartu dabe. Bertakoek asko pentsau barik erabagiten dabe seme-alabak izatea; osterantzean, behar barik, etxe barik... ezin dabela ikusten dabelako. Familia da babestu daiken bakarra, alkarri laguntzeko gunerik hoberena.
Atzerakada handia egin dogula esan beharrik ez dago. Batzuek aukera gitxi daukie hemendik aurrera erretiro osoa kobretako, baina beste batzuek, arin baten, erretiro-plana Kaiman uharteetara edo antzekoetara dirua eroanda egin dabe.
Ai ene! Eta zaharrak? Zer egin zaharrakaz? Horreetaz hurrengoan egingo dogu berba. Bitartean, ahalik eta zoriontsuen bizi eta hurkoa lagundu, lagunak!
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).