Izen polita jarri diote: librea. Estatu Batuak eta Europar Batasunak TTIP hitzarmena (Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa) sinatu gura dute, merkataritza erregulatzeko ei dena. Baina, justu alderantziz: merkataritza desarautuko du eta, bertoko merkataritzaren kalterako, multinazionalen interesetara egokituko da. Ez dio elikadurari bakarrik eragingo, ez. Izenak dioen moduan, askoz zabalagoa da eta sektore guztietan izango du eragina.
Aurreko urteetan globalizazioarekin egin duten eran, merkantziak batetik bestera kontrol barik mugitzeko sortu da plana. Negoziaketak sekretupean egin dira, eta esango nuke multinazionalen lobby-en esku egon direla. Ez da inolako eztabaidarik sortu jendartean.
Berriro ere akats berdinak egitera goaz, tokian tokiko ekonomia deuseztatzera, energia gehiago kontsumitzera eta, ondorioz, kutsadura gehiago sortzera. Ez da erraza ulertzea, esate baterako, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldeak egin duen IPCC txostenaren aurkako neurriak hartu izana.
Jarduera ekonomiko txikiko ekimenak kaltetu egingo dira hainbat sektoretan. Europako gaur egungo kontrol sistemak desagertuko dira eta ingurumen-krisia areagotuko da. Espekulatzaileek bakarrik irabaziko dute eta kalte egingo zaio herrien etorkizunari.
Nekazaritzan izango duen eragina negargarria izango da, esan dugun moduan, elikadura ekoizteko arauak aldatuko direlako osasunaren, jarduera txikien eta ingurumenaren kalterako. Besteak beste, higiene eta osasun arautegia negoziatzen dabiltza, esaterako, ganadua elikatzeko hormonak eta antibiotikoak erabiltzeko erraztasuna, transgenikoak onartuko dituena.
Horren guztiaren aurrean, aspalditik aldarrikatzen gabiltzan aukera bultzatu behar dugu; hau da, elikadura-burujabetza eta agroekologian oinarritutako nekazaritza.
Baserritar eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena izango duen baserria behar dugu. Produktua baserritarren eskuetatik kontsumitzaileengana zuzenean heltzea ekarriko duena. Pertsonak, lurra eta animaliak errespetatuko dituena. Bere jardueran ingurumena kontuan hartuko duena. Azken batean, baserri eredu konkretu bat eskaini behar diogu gizarteari.