Gosea senda daiteke

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 17a, 10:16

t: Gaizka Eguzkitza

Gosea senda daiteke. Lelo hori erabili zuen, azaroan, Bizkaiko Elikagai Bankuak Gabonei begira elikagaiak biltzeko eginiko kanpainan. Azken urte biotan, Txorierriko herri guztietan sortu dira elikagai-bankuak. Haiei esker, jateko aukera izaten dute egunero hainbat familiak. Bankuen arduradunekin hitz egin dugu, eta zerbitzu horren nondik norakoak azaldu dizkigute. Ainhoa Olaetak eta haren kuadrillakoek kudeatzen dute zerbitzua Loiun. “Iazko abenduan, poteoan genbiltzala, behartsuenei buruz hasi ginen berbetan. Laugarren garagardorako desagerrazita geneukan gosea mundutik (kar, kar). Eta Danontzat elkartea sortzea erabaki genuen orduan”. Martxoan hasi ziren elikagaiak banatzen, Larrondoko frontoian, eta horri esker eramaten dituzte bederatzi familiak jakiak etxera. Loiuko elkarte hori aktiboenetariko bat da Txorierrin. “Janaria ez ezik beste hainbat gauza ere behar dira etxeetan: xaboia, komuneko papera, haur-oihalak, hortzetako pasta... Kutxak uzten ditugu Loiu eta Erandiogoikoko dendetan, halako produktuak batzeko, eta jendeak bete egiten ditu”. Ez dute hori bakarrik egiten. “Irailean, eskola-materiala banatu genuen, eta barazkiak eta fruta freskoa ere batzen ditugu batzuetan. Mungiako baserritar batek, Iñaki Melgosak, sobera duena ekartzen digu, eta berdin herriko beste nekazari batzuek. Loiuko jaietan, saiheski-jana antolatu zen, eta jan ez zirenak ere geuk banatu genituen. Gabonetan, loteria atera dugu beste el-karte batekin, eta Olentzero Egunean umerik behartsuenei opari bana emateko asmoa daukagu”. Derion ere sortu behar izan zuten elkarte bat bankua kudeatzeko: Derioko Elikagai Elkarte Solidarioa (DEES). 2014ko urtarrilean jarri zuten zerbitzu hori abian, eta, guztira, 130 pertsonari ematen diete laguntza. “Ia 6.000 biztanle ditu Deriok, eta badago beharrizana. Bankuak 40 familiari baino gehiagori ematen die zerbitzua. Asko da hori”, dio Jose Ramon Elorriaga DEES elkarteko presidenteak. Deriora heltzen diren jakiak ez dira nahikoa eskariari erantzuteko; eskaintza osatzen saiatzen dira, beraz, Derioko lagunak. “Esnetik kooperatibak produktuak bidali dizkigu. Aurreko Gabonetan, saski bat zozketatu zuen Ipar-Alde abesbatzak, baina, irabazlerik izan ez zenez, saskiko produktuak eman zizkigun. Oso solidarioa da jendea, eta hori pozgarria da guretzat. Esate baterako, Bizkaiko Elikagai Bankutik lau kilo jasotzen bada pertsonako, aipatutakoen moduko dohaintzei esker, lau kilo eta erdi edo bost kilo eman ahal diegu...”. Sondikan, hiru elkarte Sondikan, hiru taldek kudeatzen dute elikagai-bankua: Goraintzaileak dan-tza taldea, Caritas eta Andre Mariaren Misiolari Frantziskotarrak. “Ekainean hasi ginen jakiak banatzen elizaren alboan dagoen lokalean”, esan digu Izas-kun Llona arduradunak. Sondikan ere ez da nahikoa jasotzen, eta herriko bankuak kanpaina batzuk eramaten ditu aurrera bere aldetik. “Gurdi bat ipini dugu Eroski supermerkatuan, jendeak bete dezan. Uztailean, futbol partida bat antolatu genuen Loiuko Bankuarekin batera. Ikusleek, txartela ordaindu beharrean, janaria ekarri behar izan zuten. Sondikako Azokan ere batu genituen elikagaiak, eta abenduaren 30ean antzeko zerbait egingo dugu kiroldegian egiten den Txiki Egunean”. “Geuri denetariko jakiak heltzen zaizkigu, baina, tamalez, ez da koordinaziorik izaten: hilabete batzuetan, arroz asko jasotzen dugu, eta hurrengoan, batere ez. Gogoratu behar da, gainera, jakiak batzeak lan handia eskatzen duela. Alde batetik, boluntario batzuk lanean ari gara elikagai-bankua aurrera eramaten; eta bestetik, janaria ekartzen digute herritar eta elkarte askok. Horregatik, guztiok izan behar dugu arduratsuak, bai boluntariook, dena ondo irteteko, bai erabiltzaileek, iruzurrak ekiditeko”, aipatu du Izaskunek. Antzeko era batean antolatzen dira Txorierriko beste elikagai-bankuak: herri bakoitzari dagokion jaki sorta prestatzen du Bizkaiko Bankuak, eta haren bila joaten dira herrietako ordezkariak hilean behin. “Txorierrin bankuak sortu baino lehen, Bilbora, Zorrotzaurrera, joan behar izaten zuten herritar behartsuek elikagai bila, eta horrek gastu bat ekartzen zien. Orain, behintzat, gastu hori desagertu da”, dio Jose Ramonek. Jakiak jasotzen direnean, paketeak egiten dituzte herriko arduradunek, Udaleko gizarte-laguntzaileak aurretiaz emandako zerrendaren arabera. “Edozeinek ezin ditu produktuak jaso. Gizarte-langileena da behartsuak sailkatzeko ardura, eta horren arabera banatzen ditugu guk jakiak. Erabiltzaile batzuek iruzur egin digutelako kexatzen da jendea batzuetan, baina guk ezin dugu pertsona guztien egoera aztertu, ez delako hori geure lana. Ez dugu inoren janariarekin jolastu nahi”, dio Ainhoak. Elikagai-bankuen erabiltzaileak etorkinak dira normalean, baina hemengoak ere badira. Besteak beste, lekaleak (dilistak, indabak, e.a.), arroza, pasta, latak eta gailetak sartzen dira erabiltzaileek etxera eramaten dituzten saskietan. Herriko arduradunek, hala ere, beste elikagai batzuen falta somatzen dute. “Esnea eta olioa gutxi jasotzen dugu, Cola-cao eta haurrentzako pure gisako janaria eta ahia ere gutxi”. Enpresa, hornitzaile eta supermerkatu handien stocken arabera, beste jaki mota batzuk ere jasotzen dituzte. “Azken bolada honetan, maionesa pilo bat ekarri digute. Ez dakigu nori eman (kar, kar)”, esan du Izaskunek. Lezamakoa, lehenengoa Txorierriko lehenengo bankua Lezaman jarri zen martxan 2013ko udan, Jubilatuen Elkartearen eskutik. Lehen, Caritas elkarteak ematen zuen zerbitzua. “Parrokiako batzar batean sortu zen gaia, eta Bego Intxaurbek, Mari Carmen Bilbaok eta hirurok hartu genuen proiektua aurrera eramateko ardura”, esan digu Mariasun Oleagordiak. Lezaman, 10-12 familiak jasotzen dituzte jakiak Udaletxeko beheko lokaletan. Askotan, jasotakoa ez da nahikoa izaten, eta elkartekideek euren poltsikotik betetzen dituzte zuloak. Herritarrengana ere jotzen dute, janariaz gainera, garbitasuneko eta higieneko produktuak ere lortzeko. “Herrian beti ibiltzen gara gauza eske, eta beldurra digute (kar, kar)”, dio Mariasunek txantxetan. “Herri txikietan, guztiok jakiten dugu zer gertatzen zaion ondokoari. Gure erabiltzaile gehienei lotsa ematen die elikagaiak eskatu behar izateak, baina, tira, zer egingo diogu, behar handia dago-eta”. Zamudiori dagokionez, Lagunandre elkarteko sei taldekidek kudeatzen dute zerbitzua. 2014ko apirilean jarri zen bankua abian, eta 40 familiari ematen diete janaria gaur egun Caritasen lokalaren alboan, eliza ondoko aparkalekuan. Zamudion ere egiten dira kanpainak jasotzen dituzten elikagaiak osatzeko. “Zamudioko Truiondo zahar egoitzak lagunduko digu aurten, eta kutxa handi bat ipiniko dugu bertan, jendeak nahi duena utz dezan kutxa horretan: esnea, olioa...”, dio Eva Mendozak. Larrabetzun, 2014ko urtarrilean eman zioten hasiera elikagai-bankuari, eta Gure Etxea jubilatuen elkartea da haren kudeatzailea. Guztira, 11 familiari ematen diete janaria, eta Gure Txokoaren lokaletan banatzen dira jakiak, eskola ondoan. Karmele Etxebarriari hiru lagunek laguntzen diote janaria jasotzen, sailkatzen eta banatzen. “Zaila da herri txiki batean eskatzea”, dio Karmelek. Zaila da, bai, baina gosea senda daiteke horrela. Hazia, Phoenixen Elikagai Bankua irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, boluntarioek osatua. Lehenengoa 1967an sortu zen Phoenixen (Arizona, AEB). 80ko hamarkadan, Kanadan eta Frantzian ere sortu zuten, eta 1995ean Bizkaian eratu zen. Iaz, Bizkaiko Elikagai Bankuak 3.511 tona elikagai banatu zuen, 2012an baino % 13 gehiago. Elikagaiek 6,5 milioi euroko balioa dute merkatuan. Bere jarduerari esker, hainbat sari jaso ditu Bankuak. Batez ere, Mercabilbaok, supermerkatu handiek eta nekazaritza-kooperatibek hornitzen dute Bizkaiko Bankua, baita hainbat enpresa, erakunde eta lagunen ekarpenek ere.