Horrelaxe bizi ei gara inguruotan, kolonizatuta. Baina, ohiko kolonoez gain, aspaldion, bada bestelako kolonizatzailerik gure artean. Jai eta ospakizunen aitzakian gailentzen zaizkigun usadio kolonizatzaileez ari naiz, hain zuzen. Izan ere, egunotan bukatu den udagoien epel honetan, badira horren erakusgarri batzuk, bai horixe.
Aurton, oharkabean joan zitzaigun benemeritaren Pilarika eguna, domeka izan baitzen. Baina urritik azarorako jauzian, Halloween etorri zen, sendo eta harro etorri ere, bere katamalo, makillaje eta kontsumo-markak hautsiz. Inoiz baino biziagoa dirudi, gure artean, amerikar jai honek; eta, gure artean diodanean, euskaldun, euskaradun eta naziozalerik sutsuenen artean ere nahi dut azpimarratu. Eta, jakina, jaiarekin batera, beraren inguruko ohitura eta hizkera ere ate joka izan ditugu aurton; zorioneko “truco o trato”, esaterako, etxe barren-barreneraino sartzen ahalegindu zaigu eta.
Arriskuaz ohartuta, abisu ematera etorri zitzaigun Aitzol gaztea, bere txotxongiloen laguntzaz, kontuz ibil gaitezen jai itxurako kanpoko ospakizunekin, gure ohiturak baztertzera datozela, eurenak hobeak direlakoan. Eta horrela heldu ginen Euskararen Nazioarteko Egunera. Itzela eguna! Erdaldunik petoenek ere ospatu zuten, beste behin ere, euskaradun gizajookin elkartasunean edo. Eta euskaldun artistenek ondo kobratuta eskaini zizkiguten beren espektakuluak. Euskararen alde musu-truk? Ez horixe, euskarak ere dirua behar du eta! Akabo militantzia kontuak, ez eta egun bakar batean ere. Gainerako 364etan, datorren urtekoari atarramentu hobea zelan atera pentsatzen emango dugu denbora; erdaraz pentsatuta, halere.
Eta, atoan, Durangoko azokan ginen. Euskarazko ekoizpen samaldak eta bertaratutako jendetzak isilean gorde zuten Konstituzioa ospatzen ari ginela, urtero legez. Azoka-egun gutxi izaki, aprobetxatu egin behar, hiru jaiegun errenkadan gutxitan izaten baitira egutegian. Eta, horrela, Olentzero egunera ere iritsi gara. Jesus jaio dela esatera datorrela? Bai, zera! Opariak dakarzkigu, eta kito! Zertara joan ginen, bada, Durangora Konstituzio egunean? Opariak erostera, hain zuzen. Baina, argi ibili, irakurle maiteok, ezen gero eta Aita Noel gehiago ikusten baitira gure leiho-balkoietan, eta Coca-Colaren gorri biziak ikazkinaren arre nabarrak baino distira handiagoa du umeen begietan.
Gauzak horrela, irakurle, baietz jakin zerk kolonizatuta bizi garen azkenaldion. Zeuk ipini ergatiboa eta asmatuko duzu, zalantzarik gabe. A! eta ez ahaztu ilbeltzaren 5ean Kabalgatara ere joan beharra dagoela, ea zer dakarkiguten Ekialdetik! Bien bitartean, baina, ondo amaitu eta hobeto hasi, eta, euskaraz bada, hainbat hobe.