Joan dan urteko maiatzeko zubian, Taberna Ibiltaria taldeko kideak Zamudion bakartu ziran, euren lehenengo diskoa grabetako. Behar neketsua emon daikeena esperientzia atsegingarria bihurtu zan. Izan be, lagun artean hobeto abesten da, batez be tripea zegaz bete eta eztarria zegaz busti badago. Emaitzea uste baino eskari handiagoa daukan CD bat da.
Hamabost urte daroaz Taberna Ibiltariak gure herrietako txokoak, jaiak eta ekitaldiak bere kantakaz girotzen. Eta 15 urte be emon dauz bere lehenenengo diskoa plazaratzeko. Alfon Atela taldekideetariko batek zergaitia azaldu deusku. “Guk ez dogu inoz disko bat ataratea buruan euki, gurea jentea kantetan ipintea zala beti pentsau dogulako. Baina gauza bi gertatu dira: alde batetik, emonaldietara hurbiltzen ziran atzerritarrek diskoaz galdetzen euskuen; eta bestetik, aurten Boisera bueltau gura dogu, eta diskoaren bidez diru-laguntza apur bat lortu ahal genduala pentsau genduan”.
Batzar bidezko erabagiak hartzen dira taldean, eta halan erabagi eben zelango diskoa kaleratuko eben. Diskoa ohiko eran grabatzeko aukerea aztertu ondoren, hau da, bakotxak berea grabau eta gero dana nahastu, beharrak Taberna Ibiltariaren esentzia euki behar ebala atera eben ondorio. Eta horretarako, taldekide guztiek aldi berean grabau behar ebela. “Gutariko batzuek badabe harreman profesionalagoa musika munduagaz, eta eskura euki doguzan aukerez baliau gara grabazinoa egiteko. Buru-belarri ibili ginan Zamudion, oso-oso gustura, eta oso pozik gagoz emaitzeagaz”.
Diskoa 12 kantak osatzen dabe, Tabernaren Ibiltariaren emonaldietan ohikoak diranak. Hareen artean, Zenbat gera, Behin batean Loiolan eta Baratze bat dagoz. Baita gaztelaniazko kanta bat be: Navarra tiene cadenas. “Egia da gure errepertorio gehiena euskerazkoa dala, baina lekuaren arabera, edo Euskerearen Eguna moduko ekitaldi zehatzak ez badira, erderazko kantaren bat be joten dogu: Fitorenak, rancherak... Aitatutakoa oso kanta berezia da guretzat, gehienetan kantetan dogu, eta horregaitik pentsau genduan diskoan sartzea”.
Taberna Ibiltariaren kideek euren saioetan ezagunenak diran kantak aukeratu ebezan diskoan sartzeko. Modu asanblearioan. Halanda guztiz be, hain errepertorio zabala daukienez, akabuan 20 kanta baino gehiago grabau ebezan. “Jakina, disko batek iraupen mugatu bat dauka eta ezin izan genduzan guztiak sartu. Zer esan gura dau horrek? Bada, ziur asko, beste disko bat kaleratuko dogula. Zehatz-mehatz ez dakigu noz, baina uda pasata izango da. Diskoan bideoklip bat sartzeko asmoa be badogu, eta bertan Bizkaiko hainbat lekutako irudiak agertuko dira”.
Autoekoizpena
Taberna Ibiltariak autoekoizpenaren aldeko apustua egin dau diskoa atarateko orduan. “Lehen esan dogun moduan, taldekide batzuen esperientzia kontuan hartuta, guretzat halan egitea errazagoa izango zala pentsau genduan. Gainera, merkeagoa be bada”. Taldearen jarraitzaileei kalidadezko beharra eskaini gura eutseen eta formatu eta diseinu dotorea asmau dabez diskorako. Liburuxka txiki bat be sartu dabe CD-an eta han kantuen berbak batu dabez. Diskoa orain dala urte batzuk hil zan taldekide bati dago eskainita, Txetxu Arrillagari.
Ikusmina sortu dauan diskoa da, eta Atelaren esanetan, bitxikeriaren bat be ekarri deusku. “Adibidez, hainbat aldiz ipini dabe Bizkaia Irratian, eta batzuek esan deuskue Elkar dendara joan dirala erostera, baina ez dabela topau”. Izan be, diskoa eskuratzeko, Taberna Ibiltariagaz ipini behar da hartuemonetan euren facebook-en bidez: facebook.com/Taskaedanda. Arin ibili beharko da, ataratako aleak uste baino arinago joan jakezalako. “Pentsetan gabilz, beharbada, ale gehiago atera beharko doguzala”. Barri ona, beraz, taldearen jarraitzaileentzat.
Musika