Andoni Lubaki, fotokazetaria: “Bizitza letra larri

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 22a, 09:29

Argazkiak: Ricardo García Vilanova, DAT eta Andoni Lubaki

Andoni Lubaki fotokazetaria izan genuen abenduan geure artean, Derion. Alde batetik, hitzaldi bat eman zuen eta bere bizipenak kontatu zizkigun, hainbat gatazka armaturen lekuko izan baita; bestetik, tailer bat zuzendu zuen, argazki-erreportajeak egiten ikasteko. Derio argazki-taldeak antolatu zituen jarduera biak, hitzaldia zein tailerra. Bokaziozko lana da zuena, gerra-kazetariarena, argi dago hori, ez da unibertsitatean irakasten den zerbait. Merezi du lan horrek? Nire ustez, bai. Esperientzia gogorrak bizi izan ditut eta denetarikoak jasan ditut: gosea, hotza, beroa… Baina gogokoa dudan tokian nago, neuk aukeratutako ogibidean. Ez dit inork agintzen, eta aske sentitzen naiz. Zorte handia dut alde horretatik. Zer ekarpen egiten dizu halako lan batek? Txikitatik izan ditut historia eta politika garaikidea gogokoak. Beharbada, ez naiz izango, adibidez, Bigarren Mundu Gerraren amaieran sinatu ziren itun handien lekukoa, baina neure begi aurrean gertatzen ari da historia. Esate baterako, Alepo hirian (Siria) nengoela, esan nion neure buruari: “Alepo erori zein ez erori, historian jasota dago han gertatutakoa, eta zu horren partaidea izan zara”. Bestalde, istorio txikiak ere gertatzen dira gertaera handietan, eta neuri halako istorioen bila ibiltzea gustatzen zait. Tailandia, Mendebaldeko Sahara, Libia, Irak, Siria, Egipto…, gatazkan dauden herrialdeetan zer da kazetari izatea? Bizitza “letra larriz” bizitzea da, txute bat. Oso bizirik sentitzen naiz, eta oso zorionekoa. Badakizue, gogoko lekuan, aldaparik ez! Muga handiak dituzue zeuen lana egiteko. Emango diguzu adibideren bat? Informazioa lortzea, esate baterako. Hemen badugu internet, eta edozein informazio kontsulta dezakegu, baina han ez. Afrika Erdiko Errepublikan, adibidez, Zoudenko generalaren atzetik ibili ginen Ricardo García Vilanova kazetaria eta biok elkarrizketa egiteko, eta oso zaila izan zen, ez zegoelako aurretiaz egindako elkarrizketarik, eta inork ez zekielako ezer hari buruz: zertaz bizi zen, zergatik atera zen bake-prozesutik… Bada, elkarrizketa hori lortzeko, zazpi egun eman behar izan genituen leku ilun batean, ia jateko barik… Hori bai, satisfazio handia izaten duzu helburua betetzen denean. Beste batzuetan, informazioa heltzen zaigu, baina ez dugu hura kontrastatzeko modurik izaten, eta ezin da argitaratu. Gero, jakina, gaixotzea ere gerta daiteke, eta hemen baditugu gizarte-segurantza, familia eta abar; han, berriz, ezer ere ez. Dena dela, han badago gauza on bat: hemen baino gehiago disfrutatzen da egoera gaitzekin. Eta gobernuek jarritako mugak? Gobernuek —baita hemengoek ere— inoiz ez dute zentsura hitza aipatuko, segurtasuna eta halako hitzak erabiliko dituzte zure lana mugatzeko. Beharbada, ez zaituzte zuzenean markatuko, baina haien alde dauden komunikabide edo kazetari batzuek bai egingo dutela hori. Adibide bat ipintzearren, Chris Hondros saria irabazi nuenean, Madrilgo komunikabide batetik deitu zidaten elkarrizketa egiteko. Gauzak zelan zeuden kontuan harturik, esan zidaten hobe zela ez aipatzea Gara egunkarian kolaboratzen dudala… Neuri modu horretan ailegatu zait zentsura. Beste leku batzuetan, jakina, ezin da askatasunez hitz egin; adibidez, Marokon, Saharari buruz. Gerra ikusten den bigarren edo hirugarren aldia lehenengo aldia bezalakoa da? Bidaia bakoitzak puntu ezberdin bat du, eta egoera berrietara moldatzen ikasten duzu. Azkartu egiten zara. Guk ez dugu konfort-gune izeneko hori. Azkartzeaz gainera, gogortu ere egiten zara? Gogortzen bazara, ziniko bihurtzen zara, eta, Kapuscinski kazetariak esan zuen bezala, zinikoek ez dute balio ogibide honetarako. Sentsibilitateari eutsi behar diozu, nahiz eta, batzuetan, hotza ere izan behar duzun. Adibidez, txerrikeria handiak egin dituen pertsona bat izan ahal duzu inoiz aurrean, eta pertsona hori, beharbada, oso jatorra da zurekin, ondo tratatzen zaitu, eta laguntzen dizu gauzak lortzen. Hala eta guztiz ere, ezin duzu inoiz ahaztu nor den eta zer egin duen. Aukeratu argazki bat. 2009. urtean Saharan eginikoa. Manifestazio batean ginen, eta ume batek mina bat zapaldu zuen: hanka galdu zuen. Argazkiak saldu nituen, eta protesia ipintzen lagundu nion lortutako diruarekin. Nire saririk handiena izan zen ikustea ume hori ibili egiten dela, korrika egiten duela, bizitza “arrunt” bat duela… Satisfazio handia da hori, eta horren aldean gainerako sariek ez dute ezer balio. Gaur, hemen; bihar? Ez dakit. Gerra-kazetaritzari dagokionez, konturatu naiz aldatuz doala joera. Orain eskatzen dizute bideoak bidaltzeko, “multidiziplinarioagoa” izateko, eta moldatu egin beharra dago. Uste dut, otsailaren erdialdera arte, hemendik ibiliko naizela, irakurtzen, informatzen… Gero erabakiko dut nora joan, gustatzen zaidalako asmoak bete ahala hartzea erabakiak, ez aldez aurretik. Hurbiletik Andoni Lubaki (Urretxu, 1982) gatazkan dauden herrialde eta eremuetan ibiltzen da argazkilari; esaterako, Argelian, Libian, Iraken, Sirian eta Birmanian. New York Times, The Guardian edo Al Jazeera bezalako nazioarteko komunikabideetarako egin du lan, baita Associated Press edota VICE News agentzietarako ere. Haren testuak beste argitalpen batzuetan ere agertu dira; esaterako, Gara egunkarian eta Argia aldizkarian. Gainera, Bostok euskal argazkilaritza-agentziaren sortzaileetako bat da. Chris Hondros eta Pictures of the Year sariak eskuratu ditu, besteak beste.