Gentzane Garcia, Logopedia ikaslea: “Kanpoan egot

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 23a, 09:14
t: Gaizka Eguzkitza / a: G. G.
Gentzane Garcia orain lau urte joan zen Bartzelonara Logopedia ikastera. Derioztarra erabat maiteminduta dago Kataluniako hiriburuarekin, eta pozik dabil bertan, baina familiaren eta adiskideen falta sentitzen du, noski. Hizkuntza ikastea izan da, hala ere, zailena; izan ere, Gentzanek katalanez egin behar izan du karrera. Zergatik joan zinen Bartzelonara? Ikastera joan nintzen. Batxilergoa bukatu nuenean, 18 urte nituela, ez nekien zer ikasi. Azkenean, Logopedia ikastea erabaki nuen, baina hemen ezin da ikasi. Beraz, Bartzelonara joan nintzen, oso hiri erakargarria iruditu zitzaidalako. Gaur egun ondo ezagutzen duzu hiria. Orain ere uste duzu erakargarria dela? Bai horixe! Hiri zoragarria da, dena gustatzen zait. Bartzelonak dena eskaintzen dizu, eta eguraldi zoragarria du, gainera. Gauza ezberdin asko daude Bartzelonan, baina denek dute beren xarma. Jendea itxia da hasiera batean, baina konfiantza hartzen dutenean, oso jatorrak dira. Eta egia da, xuhurrak dira kataluniarrak (kar, kar). Bertan lau urte eman eta gero, neu ere bihurtu naiz, beharbada, apur bat xuhur (kar, kar). Bartzelonan bertan bizi zara? Ez. Lehenengo urtean, Terrassa herrian bizi izan nintzen, ikasle-egoitza batean; bigarren urtean, Bartzelonara joan nintzen lagun batzuekin, pisu batera; hirugarrenean, beste aldaketa bat, baina Bartzelonan bertan. Han ez nintzen oso gustura ibili kideekin, eta aurten Terrassan bizi naiz berriro, pisu batean, beste lagun batzuekin. Nahiago izango nuke Bartzelonan bizi izan, baina Terrassa herri handia da, eta ikasle asko daude. Oso pozik nago hemen. Lau urte daramatzazu kanpoan. Nolako balantzea egiten duzu? Oso esperientzia gomendagarria da. Kanpoan egoteak, Kataluniak, erabat aldatu nau: gaur egun, helduagoa naiz, bakarrik bizitzen ikasi behar izan dudalako. Lehenengo urtea oso gogorra izan zen, ia asteburu guztietan etortzen nintzen etxera. Etxera etortzeko beharra nuen, baina apurka-apurka bizkortu eta moldatu egiten zara. Zelan moldatzen zara katalanarekin? Ondo, halabeharrez. Izan ere, katalanez ematen dituzte eskolak unibertsitatean, eta ni katalanez ikasten nabil karrera osoa. Lehenengo urtean, hizkuntza ikasteko ikastaro batean eman nuen izena, baina ez nuen ezer egiteko astirik izan. Orduan erabaki nuen neure kabuz ikasiko nuela katalana: klasean, telebistan... Hitz egitea ez da zaila, baina idaztea bai. Eta hori kostatu zait gehien. Arazoak izan ditut, baina, oro har, moldatu egiten naiz. Kanpoan bizi zara. Zer da gutxien gustatzen zaizuna? Ez zait batere gustatzen bazkaria prestatzea. Lehenengo urtean gorrotatzen nuen Bartzelonan lekuen artean dagoen distantzia handia; hainbeste denbora ematea leku batetik bestera joaten. Ohitura hartzen duzu gero, eta ez da hainbesterako, baina tira... Katalunian, adiskideen eta familiaren falta sentitzen dut; batez ere, nebarena, bera egun batetik bestera ari delako hazten eta izugarri aldatzen. Eta karrera bukatu eta gero, zer? Hezkuntza bereziko eskola batean nabil praktikak egiten, eta udan eurekin lan egitera gonbidatu naute. Ziurrenik, onartu egingo dut. Geroago, ez da-kit... Gustatuko litzaidake Euskal Herrian lan egitea, baina oso gustura nago Bartzelonan. Amak beti esaten dit ez naizela itzuliko (kar, kar). Lana topatzen dudan lekura joango naiz. Logopedia ikasten zabiltza. Zer da, zehatz-mehatz, logopeda bat? Logopedok tratamendua ematen diegu hizkuntzarekin edo ahotsarekin arazoak dituztenei: esate baterako, ahoskatzeko arazoak dituztenei, auto-istripua edo iktusa izan dutenei, nagusiei, umeei... Nahiko orokorra da. Alderdi bi ditu logopediak: hezkuntza eta klinika. Nik bigarrena dut gogokoen; umeekin lan egitea, batez ere. Gaur egun, praktiketan, haur autista askorekin egiten dut lan, eta poz-pozik nabil, nahiz eta oso gogorra izan: lehenengo egunetan, negar egiteko gogoa izaten nuen etxera itzultzen nintzenean (kar, kar). Zer egingo duzu etorkizunean? Non ikusten duzu zeure burua 10 urte barru? Ez dakit. Tamalez, logopedok ezin dugu eskola batean lan egin, irakasle-ikasketarik egiten ez badugu. Nik ez dut hori egingo; beraz... Kontsultaren lekukoa Azken hilabeteotan, Katalunia izan da hizpide nagusietako bat hedabideetan, independentziari buruzko kontsulta dela-eta. Hango lekukotasuna eman di-gu Gentzanek. “Pasio handiz bizi dituzte kontsulta eta horren haritik egin diren ekitaldiak. Nik ekintza batzuetan hartu dut parte, eta bereziki giza-katea iruditu zitzaidan hunkigarria. Txundituta gelditu nintzen, Euskal Herrian baino inplikazio handiagoa sumatu nuelako. Esate baterako, balkoietan estelada (Kataluniako bandera independentista) asko ikusten dira”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).