Lainomendik 25 urte: Zidarrezko dantzak

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 29a, 12:37

Argazkiak: Lainomendi eta Aner Mentxaka

Derioko frontoia leporaino bete zan urtarrilaren 3an. Lainomendi dantza taldeak Lur dantza eta musika ikuskizuna eskini eban egun horretan bertan, eta hain ikusmin handia sortu zan, ezen batzuk ezin baitziran frontoira sartu. Ekitaldiak hasierea emon eutsan taldearen 25. urteurrenaren harira urtean zehar egingo diran ekintzei. “Dantza tradizionaletatik urten eta zerbait berezia eskini gura genduan”, adierazo deuskue Txaro Martinek eta Ixone Zubietak. “Istorio bat asmau genduan eta dantzak haren inguruan antolatu genduazan: lurra sikua egoan, ez ebalako euririk egiten, eta ondorioz uztarik be ez egoan. Nekazariak, arrantzaleak eta herriko jentea batu egin ziran konponbide bat topeteko, eta akabuan erabagi eben sorginei laguntza eskatzea. Oso ondo urten zan; eta gu geu zein publikoa, poz-pozik”. Asmo handiko eszenaratzea izan zan eta taldea gogotsu ibili zan beharrean, dana primeran gertatzeko. Izan be, asko dira zaindu beharreko detaileak: argia, soinua, materiala, arropea... “Beno, batek esan euskun ikuskizunak hunkitu egin ebala, eta bakarrik horregaitik merezi dau”. Buru-belarri dabilz urteurrenean murgilduta eta datozan hiletan be antolatuko dabez hainbat ekitaldi; ekintza bat hilabete bakotxeko, hain zuzen be. Salbuespena abuztua izango da, hil horretan atsedena hartuko dabe-eta. Ekintza batzuk oraindik erabat itxita ez badaukiez be, aurrerapena egin deuskue. Halan, Patxi Laborda dantzan aditua konbidatu dabe otsailaren 6an Euskal Inauterien inguruko berbaldia emotera. “Kultur Birikan egingo da eta oso berezia izango da, dantzak be buztartuko diralako”. Martxoari begira, beste berbaldi bat egiteko asmoa daukie emakume eta dantzaren gainean, eta urteurrenaren ekintza nagusiak apirilaren 18an eta 19an izango dira. “Besteak beste, umeentzako tailerrak, bazkaria eta erromeria eukiko doguz zapatuan. Domekan dantzen agerraldia eskiniko dogu eskualdeko gainontzeko dantza taldeakaz, eta ekitaldira Bakioko dantza taldea eta Errekaldeko dantza taldea be konbidatuko doguz, eurokaz lotura handia daukagulako”. Herriko jai nagusiak, San Isidro, maiatzean dira eta, betiko moduan, Lainomendik parte hartuko dau. Baita San Joan inguruko egitarauan be, ekainean. “Uztailean Santiago jaiak ospatuko dira eta pentsau dogu gustauko litxakigula Zutik dantza taldeko kideakaz batu eta alkarregaz zerbait egitea. Zutik Lainomendi aurretik Derion egon zan dantza taldea da”. Abuztuko geldialdiaren ostean, irailean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak euskal dantzaren eta jantzien gainean daukan erakusketea Deriora ekarteko asmoa daukie, eta urrian asteburuko txango bat antolatuko dabe. “Dantzari lotutako ekitalditxoren bat egingo dogu azaroan be bai, eta Gabonetako ekintzetan arituko gara”. Ekintzak adostu ahala joango dira hareen gaineko informazino zehatza emoten; adi egon, beraz. Euskerazko gunea Lainomendi taldea orain dala 25 urte sortu zan, umeei eta gaztetxoei euskeraz bizitzeko gunea eskainteko. “Dantza taldea ez ezik beste egitasmo batzuk be bultzatu ziran: eskupelota eskolea, txistu eta trikiti klaseak, tailerrak... Denporearen poderioz beste alkarte edo talde batzuk joan ziran osatzen, hala nola pelota eskolea edo Tximintx euskera alkartea, eta aitatutako arloak euren ardurapean hartzen be joan ziran, edo beste gune barriak sortzen, eta akabuan Lainomendi dantza taldea bakarrik lotu zan”. Txarok eta Ixonek hasieratik-hasieratik daroe dantza taldean: lehenengoa, monitore eta presidente moduan; eta bigarrena, dantzari eta monitore moduan. “Ni Derioko monitore bakarra nintzan”, gogoratu dau Txarok. “Sondikako dantzari bat etorri zan guri laguntza emotera, eta nik Zutik taldean dantzari ibili nintzaneko dantzak errekuperau nebazan. Zamudiotik be etorri zan beste monitore bat, eta ostean, Bakioko dantza taldean ebilen beste zamudioztar bat... Gaur egun daukaguzan monitoreak hasierako dantzariak dira, eta ni neu”. Lehenengo urratsak hiru talde ebezala emon ebezan: mutikoak, apur bat nagusiagoak ziran neskak eta umeak. Gaur egun, zazpi talde daukiez: txikien talde bi, gaztetxoen beste talde bi, nagusien taldea, mutilen taldea eta andren taldea. Ehun eta hogei dantzari inguru dira. “Dantzarien kopuruari jagokonez, antzean gabilz urte batetik bestera, aldaketak egon daitekezan arren. Esate baterako, eta talde gehienek moduan, mutil gitxi izaten doguz normalean, baina urte baten mutil dezentek emon eben izena. Gainontzeko taldeek galdetzen euskuen ea zelan lortu genduan hori”, azaldu dau Ixonek. Dantza taldea zerotik hasi zan. “Ez genduan ez erroparik, ez materialik. Dantzarien gurasoak ahalegindu ziran euskal jantziak egiten eta Sondikako taldeak be inoz itxi euskuzan gona gorriak. Pixkanaka-pixkanaka joan ginan materiala sortzen eta gurasoek be diru-kopuru bat ipinten eben. Osterantzean, Udala hasi zan diru-laguntza bat emoten”. Entseguak egiteko lekuz be aldatu dira urte honeetan. “Kiroldegian hasi ginan, porlanezko gela baten, eta institutuan eta eskolan be ibili gara... Orain Kultur Birikan daukagu lokala, baita arropea eta materiala gordeteko txokoa be. Gela batzuk daukaguz entseguak egiteko eta guztiok batera egon gaitekez, izan be garai baten batzuk eskolan egiten ebezan entseguak, eta beste batzuk, institutuan”. Batez be eskualdeko dantza tradizionalak irakasten eutseezan taldeko dantzariei: Arku dantza, Bizkaiko dantzari dantza, Txulalai... “Ekitaldia beste talde batzukaz egiten badogu, guztion artean erabagiten dogu zer dantzatu, dantza barriren bat edo aspaldian egiten ez dogun dantzaren bat sartuko dan... Bestalde, ahalegina egiten dogu gure dantzariek gauza barriak be ikasi daiezan eta aspertu ez daitezan: dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia barriak, Iparraldeko dantzak edo normalean egiten ez doguzan dantza tradizionalak, batzuk aitatzearren. Horreek gure taldeko ekitaldietan dantzatzen doguz". Monitoreek be birziklatze-ikastaroak egiten dabez. “Logikoa da. Bakotxak badauka bere ikasteko modua, bere irakasteko modua eta bere dantzatzeko modua. Ondorioz, dantza bera aldatu egin daiteke apur bat leku batetik bestera. Inoz gertatu jaku beste herri batera joan, hango txistulariak joten amaitu, hango dantzariek be amaitu eta guk oraindino dantzatzen jarraitzea (kar, kar). Federazinoak dantzak errebisaten dauz noizean behin eta monitoreei zuzendutako ikastaroak egiten dauz bateratasuna egoteko”. Beharrerako prest Momentu berezi asko bizi izan dabez 25 urtean. “Hamabosgarren urteurrena etorri jat burura”, dino Ixonek. “Ohiko ekitaldiaz aparte, ez genduan ezer berezirik antolatzeko asmorik, baina Txarori omenalditxo bat egin gura geuntsan eta, berak jakin barik, beste entsegu bat antolatu genduan entsegu nagusiaz gainera. Susmoren bat egon zan... eta batez be harridura eta sorpresa, ekitaldiaren egunean (kar, kar)”. “Andren taldea lehenengoz urten zan dantzatzera eta nik esaten neban: baina ez dakiela hori dantzatzen! (kar, kar). Bestalde, Ixonek ez ekiana zan aldi berean beste hirugarren entsegu bat egiten genbilzala, berari be omenalditxoa egiteko (kar, kar)”, gehitu dau Txarok. “Hamazortzigarren urteurrena be ondo ospatu genduan. Hainbat ekitaldi egon ziran, bazkaria...”. Lainomendi dantza taldeak parte-hartze aktiboa dauka Derion antolatzen diran ekintzetan. Halan, euren urteko ekitaldiez gainera Inauterietan hartzen dabe parte, San Isidro jaietan, Olentzero Egunean... “Eta kanpotik deitzen badeuskue, hara be bagoaz dantzatzera. Bizkaiko Dantzari Egunera be urtero joaten gara; eta Euskal Herriko Dantzari Egunera, ahal dogun guztietan”. Era berean, ekarpena egiten dabe euskal kulturea eta folklorea herrian bizirik iraunarazoteko, eta euskerea sustatzen dabe, taldean dana euskeraz egiten dalako, hizkuntzea oso ondo menperatzen ez dabenek be. Igaz Derio dantzan liburua emon eban argitara eta bertan dantzak herrian gerra aurreko urteetatik gaur egun arte euki dauan bilakerea jaso eben. Taldeko dantzari gazteenek lau urte dabez, eta nagusiek, 60 urte baino gehiago. “Oso lagun ezbardinek osatzen dabe dantza taldea eta uste dogu hori oso inportantea dala. Nahiko talde handia gara, eta gaztea, eta jentea pozik dago, oso giro ona dagoalako. Batzuk taldea hainbat arrazoirengaitik itxi behar izan dabe, beharbada, baina asko bueltau egin dira gero”. Publiko leiala be badaukie. “Batez be dantzarien gurasoak datoz gure ekitaldietara, aitita-amamak, senideak... baina beste talde batzukaz dantzen alardea egiten dogunean, edo ekitaldi bereziren bat antolatzen dogunean, jentetza handia batzen da. Herrian egin dogun azken ikuskizuna, Lur, adibidea izan da. Penea izan zan batzuk frontoira sartu ezin izana...”. Hurrengorako edukiera handiagoko lekua topau beharko da. Talde batek hainbeste urte irauteko formulea zein dan argi dago: beharra, gogoa, ilusinoa eta giro ona. Dantza ekitaldi bat ikustera hurbiltzen garenean, guk dantza bakarrik ikusten dogun arren, atzean ahalegin handia dagoalako, eta sentimentu handi bat. “Bereziki aitatu beharra dago Lainomendin badagoala talde bat beharrerako beti prest dagoana; gogotsu gainera. Ekitaldi inportanteak antolatzen doguzanean, hareei jagoke beharrik gogorrena. Eskertzekoa da, talde hori ez balego ezin izango gendukezalako ekintzak aurrera eroan”. Zidarrezko ezteiak dabil Lainomendi ospatzen. Urrezkoak buruan? “Beno, dantza taldea hasi zanean nik honeen adina neban”, esan dau Txarok Ixoneri begira. “Beraz, beste 25 urte beteko doguz, ziur”. Ixoneren aurpegierea ikusita, geuk be ez dogu zalantzarik. Taldearen zaleak Talde guztiek daukie leku batetik bestera laguntzen dabezan zaleak eta Lainomendi ez da salbuespena. “Gurasoak ezinbestekoak dira guretzat, beti dagozalako laguntzeko prest: umeak entseguetara ekarteko, beste herri batera joan behar badogu umeak hara eroateko... Lainomendiren parte dira”. Halan, bada, dantza taldeak 2015. urterako atera dauan egutegian ikusi daikeguz dantzariakaz eta dantzari ohiakaz batera. “Egutegia urteurrenaren haritik egin dogu. Zerbait ezbardina genduan buruan, eta ohiko argazkiak atera beharrean, ahalegina egin dogu irudi bereziak eta dibertigarriak ateraten”. Polito lotu jake. Noiz eta zer Otsailak 6: Euskal Inauterien gaineko berbaldia, Patxi Labordaren eskutik Martxoa: Emakume eta dantzaren gaineko berbaldia Apirilak 18 eta 19 : Urteurrenaren ekintza nagusiak Maiatza: San Isidro Ekaina: San Joan Utzaila: Santiago Iraila: Euskal dantzen eta jantzien gaineko erakusketea Urria: Asteburuko txangoa Azaroa: Dantza ekitaldia Abendua: Gabonak