Patxi Laborda, dantza irakaslea eta neguko folklor

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 11a, 12:46

Mozorroa erantzi berri dugu, eta maskara kendu. Baina badakigu zergatik mozorrotzen garen? Lainomendi Derioko dantza taldeak Patxi Laborda neguko folklorean aditua gonbidatu zuen otsailean, aurreko galderari erantzuna ematera. Berbaldi didaktikoa izan zen eta dantzari batzuk hizlariarekin batera aritu ziren. Hitzaldi dantzatua eduki genuen emaitza. Zergatik mozorrotzen gara? Horri erantzuteko, lehenik eta behin ulertu behar dugu inauteriak zer diren. Antzinako inauteriekin alderatuta, gaur egun gauza asko mantentzen dira, batez ere estetika aldetik. Garai batean estetika horren atzean bazegoen funtzio bat eta gaur egun hori birziklatu egin dugu. Garaiak ezberdinak dira: XXI. mendean jakin badakigu udaberria era natural batean etortzen dela, elurra zer den ere badakigu... Lehen ez zegoen ezagutza zientifikorik eta gauzek naturarekin zuten harremana. Hori galdu egin da gaur egun. Inauteriak betiko jaiak dira. Noiztik egiten dira Euskal Herrian? Galdera bikaina da, baina ez dago data jakinik. Inauteriek ekiknozioarekin dute zerikusia eta horren inguruko erritoak herri guztietan ospatzen dira. Ziklo aldaketari lotutako erritoak dira eta horiek kultura guztietan daude. Eta nolakoak dira inauteriak Euskal Herrian? Zerk bereizten ditu? Geologian lurra aztertzen denean, hainbat geruza daude, bata bestearen gainean, eta han ikusten da aro bakoitzean zer gertatu den. Euskal Herriko inauterietan gauza antzeko bat gertatzen da, hau da, denetarik dugu: inauteri zaharrak; modernoak; gaur egungoak direnak, baina antzinakoen antza dutenak; berri-berriak direnak eta itxuraz oso modernoak direnak... Gainera, gauza berriak asmatu egin ditugu inauterietarako, adibidez, dantza berezi batzuk. Leku askotan eurena mantentzen saiatu dira; guk, aldiz, gauza berriak sortu egin ditugu arazorik gabe. Eta hori ona ala txarra da? Oso ona da. Tradizioak bizirik badaude, aldatu egiten dira. Tradizioak hil eta jaio egiten dira. Tradizioa antzina egiten zen zerbait da eta denboraren poderioz aldatzen edo bilakatzen ez bada, ez da tradizioa, argazki finko bat edo berregite bat baizik. Eta guk inauterietan ez dugu berregiterik egiten, gurea jai garaikidea da. Eta euskal inauterien artean, ezberdintasun nabarmenak daude? Bai, badaude komuneko osagaiak: noiz egiten diren, mozorroa gure ingurua imitatzeko tresnatzat erabiltzea... Baina alde ezberdinak ere badaude, noski. Inauterietako erritoak metaforez josita daude eta batzuk oso nabarmenak dira eta beste batzuk, ez hainbeste. Gizarte baten isla dira inauteriak? Euskal Herriko inauteriek zer esaten dute euskal gizarteari buruz? Bai, gizartearen isla ez ezik bere garaiarena ere badira inauteriak. Gaur egun hiriko inauterietan Spiderman mozorrotzen gara, esate baterako, baina garai batean pertsonaiak asmatzen ziren, adibidez, Ziripot, Lantz herrian. Gaur egun hori pentsaezina da, baina antzinako gizartea oso ezberdina zen. Inauteriak askatzeko era bat ziren garai batean, baina gaur egun ez daukate zentzu bera. Edozein gauza egin daiteke inauterietan? Gaur egun oieskeria txikiak egiten ditugu, baina antzina denetarik egiten zen. Maskara janzten zuenak edozein gauza egin ahal zuen, kontrolik gabe, eta hori arriskutsua zen. Horren haritik, Francoren garaian herri txiki askotan debekatu egin ziren inauteriak, errito paganoak zirelako. Eta ez pentsa herrikoak kexatu egin zirenik. Izan ere, inauteriak aitzakiatzat hartuta, astakeriak egiten ziren: emakumeek beldur zioten kalera bakarrik ateratzeari, mendekuak hartzen ziren, lapurtzeko eta jipoiak emateko aprobetxatzen zen... Horregatik, herriko nagusi askok ez zituzten inauteriak berreskuratu nahi. Inauteriek betiko arimari eusten diote edo denborarekin galdu dute esanahia? Garai berrietara egokitzen jakin behar da. Antzinako erritoak gaur egun egiteak ez luke zentzu handirik izango. Espirituari eusten badiogu, ondo dago. Ulertu behar dugu zer ziren inauteriak, zer dagoen horien atzean eta koherentzia izan behar dugu. Gaur egun XXI. mendeko inauteriak dira eta antzinako osagaiak egokitu behar ditugu. Horrela, koherentziari eutsiko diogu, hau da, sinesgarriak izango dira. Bilakaera badago eta hura gure nortasunari lotzen badiogu, inauterien jarraipena bermatuko dugu. Dantzaria Patxik 47 urte ditu eta iruñarra izan arren, Sestaon bizi da. Betidanik interesatu zaio folklorea eta gaur egun aditua da. “Olentzeroa ikertzen hasi nintzen eta handik aurrera Inauteriak, Agate Deuna... Izan ere, haien artean oso harreman estua dago. Folkloreari buruz gehiago jakiteko, dantza talde batean sartu nintzen eta horrela hasi nintzen dantzatzen. Taldean nire zaletasuna lan bilakatu zen eta gero pasio ere bai”. Patxi musikaria eta dantza irakaslea da, baita Aiko taldeko kidea ere. “Gaur egun dantzek plazetan ez dute freskotasunik, antzina zegoen alde ludikoa galdu da. Hori penagarria da eta lehengo sena hori, inprobisatzeko grina edo oieskeria-puntu bat, berreskuratzeko, Aiko taldea sortu genuen”. Eta ez, horrek ez dauka gure aldizkariarekin zerikusirik.