Lezamako Pelota Eskola: Aupa Lezamako pelotariak!

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 16a, 10:21
a: Guiomar Gordon
Azken bolada honetan oso emaitza onak lortu ditue Lezamako Pelota Eskolako mutilek, eta hori atxakiatzat hartuta, hareakaz egin dogu berba. Eskolak 35 urte daroaz Lezaman pelotarako zaletasunari eusten eta gaur egun 40 ume inguru batzen dira, astero-astero herriko frontoian entrenetara. Markel Zabalak 28 urte ditu, eta Ieltxu Beatok, 26. Txikitan Lezamako Pelota Eskolako ikasleak izan ziran, eta gaur egun monitoreak dira. “Pelotea da Lezamako kirola. Beti euki doguz pelotari onak. Profesionaltasun mailan ez dira oso nabarmenak izan, beharbada, baina zaletuen artean Lezamak eta gure pelotariek beti izan dabe ospe ona. Eta horrek horrela jarraitzea gura dogu guk, eta horretarako egiten dogu behar”, aitatu deuskue gazteek. Eskolan sei urtetik 28 urtera bitarteko mutilak dagoz, lezamarrak, gehienak. Eskolan ez dago neskarik. “Orain dala urte batzuk neska pare bat hasi ziran, baina azkenean itxi egin eben. Gatxa da neskak harrapetea”, esan dau Ieltxuk. Eskolakoak guztiak erakarten saiatzen dira. “Orain dala lauzpabost urte ume gitxi euki genduan eta gehiago lortzeko, Lezamako herri eskolara hurbildu ginan eurekaz behar egiteko. Gainera, udan pelota tailerrak antolatzen doguz”. Ikasleen adinaren arabera, Lezamako Pelota Eskolan jokoaren gorabehera guztiak irakasten deutsee mutilei. “Esate baterako, sakea eta korrika egiten irakasten deutsegu gazteenei. Era berean, pelotagaz lotura zuzenik ez dituen jokoak antolatzen doguz, psikomotrizitatea eta teknikea lantzeko. Izan be, gure ustez, oso osagarriak eta baliagarriak dira hasibarrientzat”, dino Markelek. Umeen artean danetarik dagoz. “Batzuek izena emon dabe eskolan bere koadrila be hona etorten dalako eta eurek bakarrik gelditu gura ez dabelako; beste batzuei izugarri gustetan jake pelota eta, zergaitik ez, profesionalak izan daitekez. Gaur egun, ohiko joerea hau da: pelotan jokatzeari ixtea, futbolean aritzeko. Baina guri kontrakoa gertatu jaku: batzuek itxi dabe futbola, pelotan jokatzeko. Athletic eta futbola oso presente dagoz herrian, eta kalte handia ekarten deusku umeak “lapurtzen” deuskuzalako. Horregaitik, horrelako jokabideek indarra emoten deuskue beharrean jarraitzeko”. Emaitza onak Eskolak garai txarrak bizi izan ditu, bai, baina azken lauzpabost urteotan oso talde polita osatu dabe eta emaitza onak heldu dira. Esate baterako, urtarrilean Uribe Kostako Txapelketea jokatu zan eta final gehienetan Lezamako pelotariak aritu ziran. Horrelakorik ez da inoiz gertatu eta Lezaman poz-pozik eta harro-harro dabilz. “Finala non eta herrian bertan jokatu zan eta etxean aritu ziranez, mutilak apur bat urduri ibili ziran. Halanda be, maila ederra erakutsi eben bai txapela irabazi ebenek, bai finala galdu ebenek”. Dana dala, eskolako arduradunentzat garaipena ez da garrantzitsuena. “Argi dago oso polita dala txapelak etxera eroatea, baina finalera iristea be ez da makala, eta horrek agerian ixten dau guk eta mutilok egunero-egunero egiten dogun beharra. Gure ustez, hori garaipena baino askoz garrantzitsuagoa da”. Emaitza onei azalpena emoteko, monitoreek eskolako kide guztien artean dagoan giro polita azpimarratu dabe. “Bikote batek Mungian jokatzen badau, beste guztiak joaten dira Mungiara partida ikustera eta kideak animetara”. Eta hori lortzeko oso lagungarria da gurasoen jarrerea, eta Lezamako eskolan ez dabe horren inguruko kexarik. “Gurasoak oso garrantzitsuak dira, izugarrizko babesea eta laguntzea emoten deuskuelako. Eurek beti dabilz umeen atzean. Gurasoek horrela jokatuko ez balebe, ziurrenik emaitzak ez lirateke hain onak izango. Benetan eskertzeko modukoa da beren inplikazinoa”. Hurrengo hitzordua Bizkaiko txapelketea da. Martxoan hasiko da ligaxka eta hori gainditzen badabe, maiatzean izango da finala. Emaitza onek itxaropena ekarten deutsee monitoreei, baina eurek ez dabe baikorregi azaldu gura izan. “Bizkai Uribe Kosta baino esparru handiagoa da, noski, eta ondorioz, pelotari gehiago dagoz, hau da, lehia eta maila handiagoak dira. Ahalik eta ondoen sartuko gara lehian eta irabazten badogu, ederto. Eta bestela, ez da ezer gertatzen”. Ez, ez da ezer gertatzen, pelotaz disfrutetan daben heinean. Ilusinoz beteta Bai Adrian Gordoni (Sondika, 8 urte), bai Aimar Busketi (Lezama, 9 urte) gustauko litxakie pelotari profesionalak izatea. Eta horregaitik gogor egiten dabe behar. “Frontoian aritzen gara eta askotan kalera joaten gara korrika egitera eta fisikoa lantzera. Entrenatzaileak onak dira, eta batzuetan zorrotz jokatu behar dabe gugaz, bestela... (kar, kar)”, esan dau Adrianek txantxetan. Euren ustez, Martinez de Irujo da pelotaririk onena, baina Aimarrek Olaizola bezalako pelotaria izan gurako leuke. “Atzean zein aurrean jokatzen dogu, baina Adriani aurrelari aritzea gustetan jako, eta niri, atzelari”, esan deusku. Bikotea aurton hasi da alkarregaz jokatzen, baina emaitza onak berehala heldu dira. Urtarrilean Uribe Kostako Txapelketea irabazi eben benjamin kategorian. “Ez dira pelotaririk teknikoenak, baina oso gatxa da eurei irabaztea. Gogor jokatzen dabe eta izugarrizko ilusinoa dabe. Boltsikoan beti daroe pelota bigun bat eta edozein paretatan hasten dira jokatzen. Neure burua, euren adina nebanean, ekarten deuste gogora”, esan deusku Ieltxuk, monitoreak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).