Testua: Juan Antonio Trabudua, ELA sindikatuaren Txorierriko arduraduna
Bihozgabeak dira zenbakiak, errealitatea bere gordintasunean adierazteko ezgaiak. Hori hala izanda ere, maiz erabiltzen dira estatistika eran, eta bereziki erakunde publikoek atsegin dituzte. Gobernuen intereseko hipotesiak janzteko, neurrira eginiko jantzi bihurtzen dira estatistikak.
Urtarrilean Lanbidek plazaratutako datuen arabera, Txorierrin 1.092 langabe daude. Herriz herriko datuak aztertzen hasita, irakur daiteke Zamudion langabezia tasa %12,9 dela, gainerako herrietan gizonezkoak baino emakumezko langabeak gehiago direla edota Derion zazpi urtean langabezia bikoiztu egin dela.
Datuok eskuetan, 1.092 asko diren ala ez galdetu diezaiokegu geure buruari, edota langabezia tasa beste toki batzuetakoarekin alderatzen hasi. Baina oinarrian ezkutatzen dutena da Lanbiden izena emanda ez dagoena ez dela langabea. Edota ordu eta erdiko lau kontratu dituen emakumea lau langile bezala zenbatzen duela. Bi adibide horiei esker atera dezakegu ondorio, beraz, estatistikek erakutsi baino gehiago ezkutatu egiten dutela. Nahita egin eta interesagatik erabiltzen diren zenbaki bihurtzen dira.
Bistakoa da gure herrietako panorama ez dela lasaigarria. Langabezia hedatuta dago eta lana duten asko ere larri bizi da. Azken horien adibide direnak Zamudioko Parke Teknologikoan aurki ditzakegu erraz. Heziketa duten gizon eta emakumeak, egonkortasunik gabe kontratupean, behar adina lan ordu eginez, soldata txikia lortzeko hilabete amaieran. Eta euren buruari ondorengo galdera/eskaera egiten diotenak: “Heldu ahalko gara hilabete akaberara?”.
Errealitatea ezagutzeko gonbita egingo nieke estatistikak egiteko enkargua egiten dutenei. Erdu, (adibidez) Zamudioko Parke Teknologikora! Eurek sortutako estatistiketatik kanpo geratzen diren pertsonak ezagutuko lituzkete, inon agertzen ez direnak, baina izan badirenak. Eta hori ezagututa, ausartu ahalko lirateke datuen irakurketa baikorrik egitera?