Iñaki Beitia, lauroetar petoa: “Orain ez daukat pr

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 20a, 09:22
Iñaki “Arbildu” izanegaz da ezaguna Txorierrin eta inguruetan. Lauroetan jaioa, gizon polifazetikoa da eta gazte-gaztetik euki dau hartuemon estua euskereagaz eta euskal kultureagaz. Grina handia dau bertsolaritzarako eta urteak daroaz gai-jartzaile. Era berean, etxeko ohiturari eutsi eta zaldiak hazten dauz. Fabrikan ere egin dau behar orain dala gitxi arte. Beti korrika ibili dan gizona da, baina nasaiago dabil gaur egun, eta aukerea aprobetxau dogu bera hobeto ezagutzeko. Iñaki Beitia “Arbildu” ipini dogu Google bilatzailean eta bertsolaritza munduari lotutako hainbat sarreratan agertu zara. Bertsolaritzarako sua Mikel Zaratek biztu eustan. Lauroetan ibili zan abade eta gustetan jakon mezatan bertsoak botatzea. Bertso hau gatxa izango dok -esan neutsan behin (guk hikaz egiten geuntsan alkarri); egon trankil, nik irakatsiko deuat bertsotan -erantzun eustan berak. Amurizagaz be ikastaroren bat egin neban gero. Apurka-apurka lider-zatitxo hori atera jatan eta hasi nintzan gaiak jarten. Lauroetako jaietan ibili nintzan lehenengoz gai-jartzaile, geroago Taket eskolea sortu genduan Mungian eta inguruko herrietan be ibili nintzan gaiak ipinten. Nondik zabilz gaur egun? Deitzen deusten lekuetatik: Lauroetatik, Mungiatik, Tximelarre Galdakaoko auzotik... Bizkaiko txapelketetako lehenengo kanporaketetan be hartzen dot parte, eta joan dan urtean Loiun izan nintzan Euskerearen Eguna dala-eta. Zelango ezaugarriak euki behar ditu gai-jartzaile batek? Gaiak gaurkotuta izateaz gainera, nire ustez, ingurua eta publikoa be ezagutu behar ditu. Ez dalako bardin bertso-saioa Deustun, Zamudion edo Loiun egitea. Aurrean daukazun publikoa kontuan hartu behar dozu, eta publiko horrek zer gura dauan entzun. Bertsolariak be ezagutu behar ditu, zein gaitan dabilzan ondoen. Azkarra izan behar da? Bai, bertsolaria bera azkarra dan moduan. Eta lan guztietan legez, jakin behar dozu zeren gainean zabizan. Ezinbestekoa da bere papera? Duda barik. Bertso-afarietan eta, bertsolariak librean ixten dira batzuetan. Ingurua ezagutzen ez badabe, gaurkotasuna daukien gaiak erabiliko dabez, baina zer gertatzen da horreek agortzen diranean? Hori da hain zuzen be gai-jartzailearen papera. Gainera, saioa motel badoa, gai bat edo bestea sartu daiteke, mobimendua emoteko edo publikoari barre eragiteko. Izan be, gai-jartzaileak publikoa konektau behar dau bertsolariagaz. Ez da bakarrik gaia ipini eta hor konpon, ez. Adi egon behar zara publikoa gustura dagoan, saioa luzetxua ala laburra dan... Badago gai txarrik? Nik esango neuke batzuetan badagozala gai desegokiak, baina ez txarrak. Gertatu daiteke, esate baterako, gai bat oso polita dala pentsetea, baina gero saioa uste bezain ondo ez urtetea. Burura etorri jat behin Lizasori ipini eutsien gaia: hiru bertso, armairua zabaldu eta aspaldian erabili ez dozuzan zapatak ikusi dozuz han. Bada, egundoko bertsoak bota zituan! Gero, lehen aitatu moduan, bertsolariak ezagutu behar dira, zelango erraztasuna daukien gai batzuetarako edo besteetarako. Zelango gaiak dozuz gurago zuk? Gehienbat egunerokotasunari lotuta dagozanak, errazagoa dalako publikoagaz konektatzea. Baina edozein gai erabili ahal da. Bertsozale Alkarteak gai-jartzaileen eskolea sustatu eban igaz. Zer deritxazu? Ondo. Euskal Herrian afizinoagaitik egiten dira gauza asko, eta horreei errespetua zor jake, dudarik ez. Bertsolariak eurak, afizino horretatik, tabernetan hasi ziran kantatzen eta, gero, Amuriza aitzindaria izan zan eskolak sortzen eta hobetzen. Egin dana hoberako izan da beti eta uste dot gai-jartzaileen eskolea be ildo horretatik doala. Sasoian dago bertsolaritza Loiun? Txorierrin? Lauroetan afizinoa badago, baina Loiun, berez, ez. Halanda be, harrituta lotu nintzan, eta onerako, jenteak Euskerearen Eguneko saioan euki eban erantzunagaz. Beste alde batetik, Txorierrin be badago afizinoa eta publikoa zorrotza da. Plazaz plazako saio askorik ez da egiten, beharbada, baina bertso-afariak egiten dira. Etxahunen eragina be badago hor. Etxahun aitatu barri dozu, Larrabetzun be Itallen bertso eskola dago, herri ikastetxeetan bertsolaritzea irakasten da... Zein da bertsolaritzearen, bertsolarien garrantzia, zure ustez? Gure kulturea da, azken baten. Bertsolariek eta bertso munduak izugarrizko inportantzia euki dabe euskerea zabaltzerakoan. Era berean, bertsolariek daukien kapazidadea be bada harrigarria; eta horretaz konturatzeko, txapelketetara kanpotik zenbat jente datorren ikusi baino ez dago. Izan be, bertsolaria bera espeziala da. Googlean jarraitu dogu sakontzen eta arbildu.wordpress.com webguneagaz egin dogu topo. Poniak hazten dozuz; Shetland eta mini Shetland errazatakoak. Zelan hasi zinan horretan? Etxean beti egon dira zaldiak; aitite be beti zaldi gainean ebilela gogoratzen dot. Haragitarako behorrak eta zaldiak ziran, eta hazitarako zaldia be baegoan. Inguruko baserrietakoek behorrak ekarten ebezan beragaz nahasteko. Eta aitak be zaldiak saldu eta erosten ebazan. Aitagaz joaten ginan azoketara eta behin, 17-18 urte nebazala, poniak ikusi genduzan Tafallan. Garai hatan poniak Iparraldean ziran ezagunak, ez hemen, eta guk ernari egoan behor bat erosi genduan, 75.000 pezeten truke. Kuriosoa izan zan, aitari ez jakolako idea bapez gustau, baina lehengusu bati eta bioi afizinoa sartu jakun eta halan hasi ginan poniak hezten eta hazten. Nortzuek erosten dabez poniak? Gehienek kapritxoagaitik erosten dabez, umeentzat. Baina azken urteotan lursailtxua dauan etxea egin dabe batzuek, eta ponia oso animalia egokia da han izateko, bedarra jateaz gainera, zaintza gitxi behar dabelako. Beno, zuk 30 zalditxu dozuz, denporea eskaini beharko deutsezu... Bai, bisitau behar dozuz, kumea izateko garaian adi egon, arragaz ipini, landaz aldatu... Bere lantxua badau; lan barik ez dagoalako ezer. Alabak laguntzen deust. Garai baten asko saltzen ziran; gaur egun? Leku guztietan legez, krisiaren eragina dago hemen be bai. Lehengo moduan ez da saltzen, baina tira, kumeak-eta saltzen doguz. Esan bezala, Iparraldeko zaldia da eta Espainia aldean ez dago hainbeste, eta eskatzen deuskue. Azoketara joaten zarie, ezta? Bai, batez be Loiura, Leioara eta Mungiara. Poniak eroaten doguz hara eta umeak hareen gainean ibilten dira, eta gurdian. Haragitarako zaldiakaz be jarraitzen dozu. Baina gitxi doguz. Hemen ez dago zaldikia jateko ohiturarik, nahiz eta baserri batzuetan txahalaren ordez zaldia hil, gero urte osoan okelea izateko. Lehen bizpahiru harategi egozan Bilbon, baina pentsetan dot Ermuan dagoala orain lotzen dan bakarra; beste barri bat zabaldu dala uste dot. Kantabria eta Iruña aldean badago ohitura gehiago, Valentzian, Katalunian... Mungian badago paketeak saltzen dauzan mutil bat, Unai; haragi-xerrak, gisateko... Nahiko ondo doakiola entzun dot. Goxoa da? Bai, goxoa da eta oso propiedade onak dauz; esate baterako, ez dau kolesterolik. Gai-jartzailea eta ganaduzalea zarala badakigu, baina zein da zure ogibidea? Hogeta hamazortzi urte egin dodaz Unileverreko fabrikan, Leioan, eta aurretiko erretiroa hartu barri dot. Mantentze-beharretan hasi nintzan eta handik Kalidadera pasau nintzan. Enpresea ez da oso ezaguna, beharbada, baina Tulipán eta Ligeresa moduko markak esaten badodaz, jenteak ezagutuko dauz. Margarinak eta saltsak egiten dira bertan, maionesak, ketchup... Unileverri esker, mundua ezagutu dot, izan be, Holandako enpresa da eta egoitza nagusia han dagoenez, batzarrak-eta han egiten dira. Europan zehar be badauz lantoki asko eta herri gehienak bisitau dodaz. Ingelesa be ikasi neban. Makinak muntatzera etozanak kanpotarrak ziran, alemaniarrak gehienbat, eta ingelesez egiten eban. Nik ez nekian eta koskatxu hori sartu jatan: kinuakaz ezin gara beti ibili -pentsau neban. Zelan dator etorkizuna? Batez be nasai. Bizitzan beti ibili behar izan dodalako korrika: baserria, AEKn izan nintzanean, ikasketak, beharra... Eta familia bat be badaukat: emaztea, alaba bi eta amaginarreba. Aurretiko erretiroa hartzeko aukerea abenduan emon eusten eta orain ez daukat presarik; hori da diferentzia. Gaur ezin bada, bihar egingo da, dinozu. Izan be, orain libre nagoala ez dot gauza askorik buruan sartu gura, ez; orain arte ezin izan dodanaz disfrutau gura dot, eta hori nabil ikasten. Auzoaz harro Iñaki Beitia Lauroetan jaio zan orain dala 57 urte. Grabagailua martxan ipini eta atoan itxi deusku argi bera Lauroetakoa dala, eta harro dagoala. “Pasa dan egunean edadeko batzuei entzun neutsen orain mundu guztia dagoala harro Loiukoa edo Lauroetakoa izateaz. Baina sasoi baten Lauroetakoa izatea apur bat mespretxuzkoagoa zan. Hau auzotxu bat da, eta Loiun beti euki dabe harrokeria-puntu hori; Txorierriko beste herri batzuetan euki daben moduan”. Arbildu baserriko semea da. “Hiru anaia gara. Ni gazteena naz, baina besteak baino publikoagoa nazenez, Arbildu izenagaz gelditu naz”. Baserria Pedro de Arbilduak egin ei eban eta Iñakiren aitite be Arbildua zan: Marcos Beitia Arbildua, hain zuzen be. “Mikel Zaratek azaldu eustan ermitan Merindadeko batzarrak egiten zirala aspaldian. Izena hortik dator, antza; harri bildua”. Antolakuntza munduan ibiltea gustau jako betidanik, egunean egotea, ikastea eta, ahal dan neurrian, laguntzea. Euskaltzalea da, eta parte-hartze aktiboa dauka auzoko kultura-bizitzan, euskal giroa eta euskerea beti bultzatuz. Halan, AEKn hasi zan 17-18 urtegaz, gau eskolak emoten eta Txorierriko arduraduna be izan zan. San Migel Lauroetako jaiak orain dala 40 urte hasi zan antolatzen beste auzotar batzuekaz. “Aurretik be egon zan komisino bat, baina desagertu egin zan diru-laguntza ezagaitik eta guk jaiak berreskuratzea pentsau genduan. Zer antolatu? Bertsolariak, herri kirolak, herri bazkaria... Orain dala gitxi sari bat emon deuskue Lauroetako jai-batzordeari eta kazetari batek galdetu euskun zein zan sekretua gurea moduko auzo baten hain jai arrakastatsuak egiteko. Bada, bertokoak kontuan izatea, besterik ez”. San Migel jaiez gainera, Jubilatuen Eguna egiten dabe orain dala 20 urtetik hona, eta bertso-afaria be antolatzen dabe. Euskerea gehiago erabili beharko litzatekeen arren, Iñakiren ustetan, Txorierrin bide onetik goaz eta ekintzak egiten dira. “Behar dogun gauzetariko bat Baserri Antzokia da. Lehengoek jarraituko dogu gurean, baina beharrezkoa da leku bat gazteak alkartzeko eta gauzak egiteko. Txorierrirako oso garrantzitsua izango dala pentsetan dot”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).