Maitematikak

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 20a, 09:37

Testua: Igor Elordui Etxebarria, kazetaria eta euskara irakaslea

Berria egunkariaren azalako albistea, otsailaren 5ean: "Hizkuntz nagusia den herrietan du atzerakada agerikoena euskarak. % 90 euskaldunak zituzten 56 herrik 1981ean; orain, 13 herrik". Inguru erdaldunetan, populatuenetan, nabaria da euskararen aurrerakada. Baina zer gertatzen da gure herrietan? Ba, entzun nuen, behinola, matematikak kontra dauzkagula euskaldunok, eta bost euskaldun eta erdaldun bat berdin sei erdaldun direla. Hortik apur bat badago Soziolinguistikaren Klusterraren Ikerketak berretsi eta Berriak publikatu dituen datuetan. Esateko modu bat da, jakina, ze ez da eta matematika kontua; jarrera kontua da. Gura bada, maitematika kontu bat (copyrighta Pirritx, Porrotx eta Marimototsena da, nola ez). Lehengora etorrita: aspaldi gure koadrilan bost euskaldun ginen, eta gehienetan euskaraz egiten genuen. Orain zazpi gara, lehengo bostak eta herrira etorri diren beste bi, eta, esaterako, batek egiten badu batueraz eta besteak ez badaki, bagara sei euskaldun gehi, seguru, euskaraz egitea gurako lukeen beste bat. Zazpi gara. Maitematika behar dugu egin, hortaz. Gure herria, gure hizkuntza, eta gure lagunak maitez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).