Hitz ederra da erabakimena, ezbairik gabe. Inguruko hizkuntza erromantzeetan, nik dakidala behintzat, ez dute halakorik. Hainbeste adierazteko, hainbat berba behar izaten dituzte hizkuntza horiek, euskarak ez bezala. Baina, hitzaren beraren edertasunaz haratago, euskaldunek dagiten beraren erabileraz nahi nuke zertxobait esan lerrootan.
Izan ere, erabakimenak, edo erabakitze-eskubideak, zehazkiago, nahastu egiten ditu euskaldunak, teoriaren eta praxiaren arteko talka gorgarria leherrarazteraino nahastu ere; hain da inkoherentea jendaurrean zerbait aldarrikatu eta, egunerokoan, intimitatean edo, guztiz kontrakoa gauzatzea, egunean-egunean.
Erabakitzen hasita, dena da erabakigarri, uneoro aritzen baikara erabakitzen, gustatu edo ez. Jaikitzen garenetik eta oheratu arte, egunero, hitzetik hortzera aritzen gara deliberatzen. Sarritan, halere, erabakitzen ari garela ohartu ere egin gabe erabakitzen dugu. Taberna honetan ala hartan sartu, ogi hau edo beste hori erosi, lagunekin kaleratu ala familiarekin etxeko epelean gelditu… Txitean-pitean. Baina ez diegu horrelakoei batere garrantzirik ematen, eta, gaur goizean zuria dela xedatu duguna, arrastian edo gauean beltz bilakatzen dugu, kontrako erabakia hartuta.
Gizarte kontuetan, ordea, serioago-edo jokatu nahi ohi dugu, beti. Jakitunago hartzen ditugu erabakiak, edo horretan ahalegindu egiten gara, nolabait, erabakitzen dugunagatik epaituko gaituztelakoan. Bestek gutaz zer dioen kezkatu egiten gaitu, azken batean. Jendarteak, beraz, axola digu, eta, esaterako, bat egiten dugu denok, euskaldunek, euskaradunok eta euskara-gabeek, erabakitze-eskubidearekin, herri bezala zer izan nahi dugun deliberatzeko dugun eskubidearekin, alegia. Eta eskubide hori ukatzen digutela jakinik, batuago eta sendoago dirudigu, gainera.
Baina itxura sendo batek barrunbe ahula ezkuta dezake, euskaldun askotxoren kasuan gertatzen den bezalaxe. Hainbatek, kalean-eta, ozen aldarrikatzen dute berez dagokien erabakimena eta, aldi berean, etxean-edo, erdara gorrian bizi dira euren artean. Etxetik kanpo ere, zorigaitzez, ez dira gutxi horrela aritzen direnak, erdara hutsez, euskararen eta Euskal Herriaren eskubideen defendatzailerik sutsuenetakoak direlarik ere. Eta hala erabaki dutelako jokatzen dute horrela, ez inork jazarrita, aspaldian bezala.
Kolono batek baina, bertakotu nahi lukeen kolono horrek, nekez uler dezake horrelakorik, eta erraz, ordea, erabakimena aldarrikatzetik urrundu, horregatik epaituko dutela jakinagatik. Koherentziaren izenean euskaraz jabetzen hainbesteko nekea hartu duen kolonoak, agian, ez du asmatu bere kolonia berria hautatzen.