Mikel Valencia, piano-jolea: "Pianoa eta institutu

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 23a, 16:19

Nafarroan jaio bazen ere, bost urte zituela etorri zen Sondikara bizi izatera. Mikel Valenciak 17 urte ditu eta ia hamar urte daramatza pianoa ikasten eta jotzen. Oraindik ez daki, Batxilergoa amaitzen duenean, musika ikasten jarraituko duen ala ez, baina argi du pianoa jotzen jarraituko duela. Zelan hasi zinen pianoa jotzen? Aita oso musikazalea da eta berak animatu ninduen musikan aritzera. Zortzi urte nituela sartu nintzen Leioako kontserbatorioan. Txikitan parkea nahiago nuen musika baino, baina gaur egun oso gustura jotzen dut pianoa (kar, kar). Zergatik pianoa? Hasieran aitak gomendatu zidan pianoa. Nik, ume guztiek moduan, gitarra jo nahi nuen, noski, baina pianoa ere polita iruditzen zitzaidan eta azkenean pianoa aukeratu nuen. Gaur egun uste dut bete-betean asmatu nuela, pianoa oso soinu-tresna aberatsa delako. Eta hori oso erabilgarria da soinu-tresna osagarri bat aukeratu behar duzunean. Baina ez pentsa, alde txarrak ere baditu pianoak: ezin duzu etxetik atera eta zurea ez den pianoa jo behar duzu askotan. Eta afinazioa ezberdina da pianoaren arabera. Beste musikariek, aldiz, adibidez euren flauta edo gitarra eramaten dute leku guztietara. Ni kanpora joaten naizenean, ordea, teklatua eraman behar dut. Orain ikasten zabiltza. Zein mailatan zaude? Alde batetik, Batxilergoko lehenengo mailan nago, Derioko institutuan; bestetik, musika ikasten dut. Musika eskola bukatzen duzunean, Maila Sendotua egin behar da (bost urte) eta ondoren, Gradu Profesionala. Ni azken horretan nago, 5. mailan, eta datorren ikasturtean, Batxilergoarekin batera, bukatzea dut helburu. Hurrengo pausua goi-mailako ikasketak dira. Eta Batxilergoa bukatzen duzunean, zer? Musika ala beste karrera bat ikasiko duzu? Ez dakit, oraindik ez daukat argi. Musika alde batera uzten badut, Matematika edo Ingeniaritzaren bat ikasi nahiko nuke; musikaren goi-mailako ikasketak egitea erabakitzen badut, aldiz, Musikenen edo horrelako lekuren batean sartzen saiatuko naiz. Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia da eta Donostian dago. Eta Musikene aipatu dut gertuen dudana delako. Modu batean edo bestean, pianoa jotzen jarraituko dut (kar, kar). Nolako irtenbide profesionalak ditu piano jolea izateak? Normalean pianoa ikasten dutenak irakasle ibiltzen dira lanean. Horren inguruan behin baino gehiagotan pentsatu dut, bai horixe!, eta ez deritzot txarto. Bestetik, piano jolea izanda oso zaila da kontzertuak ematea edo orkestra batean sartzea. Izan ere, piano-jole asko daude eta lehia handia da. Gainera, pianoari zuzendutako kontzertuak egon arren, orkestra batek ezin ditu horiek behin eta berriro jo. Baina argi daukat ni poz-pozik biziko nintzatekeela hara eta hona kontzertuak ematen. Zenbat ordu ematen duzu pianoan? Klasean zortzi ordu ematen ditut astean, eta horri gaineratu behar dizkiozu etxean ematen ditudan orduak, hau da, normalean beste 7-10 ordu astean. Institutua eta pianoa: hau da nire bizitza (kar, kar). Zaletasuna ogibide bihurtzea zaila izan daiteke. Zer deritzozu horri? Argi daukat musikari profesionalak izateak nolako aldaketa ekarri ahal didan, eta, nire ustez, oso gustura hartuko nuke. Jakin badakit azkenean musikari profesionala banaiz, egun osoa emango dudala pianoa jotzen. Pianoa ez da jotzen duzun soinu-tresna bakarra... Ez, txeloa ere jotzen dut. Maila profesionala egiten duzunean, beste soinu-tresna bat aukeratzera behartzen zaituzte, eta nik, aitaren eta piano irakaslearen gomendioari jarraituz, txeloa aukeratu nuen. Egia esan, gaur egun ez daukat denborarik txeloa jotzeko, pianoan erabat kontzentratuta nagoelako, baina egunen batean txeloko gradu profesionala ere egingo dut, agian. Presiorik sentitzen duzu jendaurrean kontzertuak-eta eskaintzeko orduan? Jendaurrean aritzea ez da erraza, normalean entseguak-eta bakarrik egiten dituzulako. Baina tira, ohitura hartzen duzu. Kontzertuetan lasai ibili behar duzu, baina ez lasaiegi, hori ere txarra delako. Gustuen inguruan hitz egingo dugu. Musika klasikoari dagokionez, zein da gehien gustatzen zaizun konpositorea? Eta musika klasikotik kanpo? Eta musikaz aparte, zer egiten duzu? Klasikoen artean, Liszt eta Chopin gustatzen zaizkit. Musikari dagokionez, denetarik entzuten dut, baina batez ere rockzalea naiz. Rage against the machine edo Berri txarrak bezalako taldeak gustatzen zaizkit, esate baterako. Batzuetan kantak moldatu edo konposatu egiten ditut, eta hori primeran datorkit belarria egiteko. Azkenik, kirola ere itzel gustatzen zait eta egunero zerbait egiten ahalegintzen naiz. Batez ere erraketa erabilita egin ahal ditudan kirolak aipatuko nituzke: tenis, frontenis, padel...