Inisitue Gazte Asanblada, 20 urte kalean

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 27a, 11:41
Argazkiak: IGA
Ospakizunetan dabil Inisitue Zamudioko Gazte Asanblada; izan be, aurtengo apirilean 20 urte beteko dira gazteen alkartea sortu zanetik. Zamudioko Gazte Asanblada (ZGA) izenagaz hasikeran, eta Inisitue Gazte Asanblada (IGA) moduan orain dala zazpi urtetik hona, hamarkada bi daroaz herriari bizitasuna emoten, eta gazteen beharrizanei, ahotsa. “Besteak beste, helburu honeek ditu IGAk: herriko gazteak aktibatzea, gazteak biltzeko toki autogestionau bat eskuratzea, feminismoa bultzatzea eta euskal kulturari lotutako ekitaldietan parte hartzea”, Maider Aretxabaleta halan hasi da taldearen ildo nagusiak azaltzen. Ekintza hezigarriak antolatzen ditue; esaterako, hitzaldiak eta antzezlanak; ekintza aktibatzaileak: udako zinema, urteerak, futbol txapelketea, musika kalejirak... ; eta ekintza erreibindikatzaileak: feminismoari lotutakoak, gazteen egoera estua salatzekoak... “Uste dogu gauza gitxi egiten dirala gure adin-tartean pentsauta, edo behintzat gitxi batzuek egiten dabela. Ondorioz, geu gara gazteak aktibau eta ekintza ezbardinetan parte hartzera animaten doguzanak. Gure jarduerea garrantzitsua da, inork baino hobeto ulertzen dogulako zein dan gure egoerea”. Zamudio asko aldatu da 20 urtean, fisikoki zein kultura eta aisialdi arloan. “Gure garaian ez egoan ezer”, esan deusku Ane Peral ZGAren sortzaileetariko batek. “Gazteek ez genduan non bildu, alkarregaz egon eta geure beharrizanak-edo asetzeko. Eta halango mobimendu bat sortu zan eta batzuk bildu ginan, helburu bat genduala: lokal bat lortzea, kultura arloko ekintzak egin ahal izateko”. Hogei urte pasa ostean, lokal barik jarraitzen dabe. “Kalean biltzen gara, herriko plazan edo eskolako patioan”, aitatu dau Maiderrek, “Urte asko daroaguz lokal autogestionau baten atzetik. Batzeko lekua izateaz gainera, ezinbestekotzat joten dogu, urteetan bildutako materiala han gordeteko. Era berean, askotan arazoak izaten doguz ekintzak aurrera eroateko, ez dogulako egitura finko bat. Alde horretatik be izango litzateke lokala mesedegarria”. Aurreko belaunaldietako kideak be plazan edo eleiza atarian batzen ziran, barikuro. “Bakotxak bere ekarpena ekarri, eta gero zerbait egiten genduan guztion artean. Kalejira asko egiten genduzan, etxeko tresnak-eta erabilita, gura gendualako herriak jakitea hor gengozala, behar egiteko gogoagaz”. Okupazinoari lotutako ekintza batzuk be egin zituen. “Bilera agindu bai baina bilera hori inoz ailegaten ez zalako, Udaletxeko teilatura igon genduan, udal lokaletara sartu ginan, antxinako udaletxeko bulegoetara, orain gazte estazinoa danera... Ondorioak ez ziran oso gogorrak izaten: polizia etorri, urtenazo eta kitu. Gauak be emoten genduzan plazan, kanpaldian”. Autogestinoa Nerea Arregik ZGAren azken urteak eta IGAren lehen urratsak bizi izan zituan. “ZGAk lortu ebana herriari egundoko bizitasuna emotea izan zan. Halan bada, gaur egun antolatzen diran ekintzetariko asko ZGA hasi zan bultzatzen; esate baterako, sasi-martxoa, Olentzero Eguna, San Joan, urteerak herritik...”. “Eta horri esker, gazte mobimenduak eragin handia euki dau Zamudion”, ganeratu dau Maiderrek. Autogestinoa gazte asanbladearen ardatz nagusietariko bat izan da hasikeratik. “Finantzazinoa lortzeko, txosnea ipinten genduan, txiskeroak saldu, kamisetak... Jentea behar egiteko prest egoan, musu-truk. Gazte Egunaren haritik antolatutako kontzertuak egun horretan bertan txosnan ateraten genduan diruagaz ordaintzen genduzan... Sorgailu bat ipini behar genduan elektrizidadea izateko, eta, jaia amaitzen zanean, dana garbitzera”, gogoratu dabe Anek eta Nereak. “Guk laguntza apur bat gehiago daukagu gaur egun. Herriko alkarte batzuek ahal daben guztietan laguntzen deuskue, eta Udalak argindarra ipinten dau Gazte Egunean. Garbiketarik be ez dogu egin behar”, aitatu dau Maiderrek. “IGAn 15 gazte inguru gagoz, baina badagoz beste gazte asko, alkartekoak ez diranak, baina beti laguntzeko prest dagozanak”. Gazte Asanbladearen lehengo kide biek indartsu ikusten ditue gaur egungo kideak, gogoagaz. “Mobimendu bat dagoan heinean, eta gazteak euren kezkak eta ideak aurrera eroateko batzen badira, ba hori positibotzat hartu behar da beti”, esan dau Nereak. Halan be, IGAren beharra ez da Zamudiora bakarrik mugatzen, Txorierri osora zabaltzen da. “Txorierriko gainerako gazte alkarteakaz batu gara ekintzak batera antolatzeko”, azaldu dau Maiderrek. “Irailean, Txorierriko I. Gazte Topaketea egin zan Lezaman, eta “Gazteak Txorierrin, euskaraz goxo-goxo” lelopean, euskarearen erabilerea bultzatzeko ekintzak egiten gabilz. Halan, 15 egunetik 15 egunera herri baten biltzen gara eta gune bat ipinten dogu, jentea etorri eta euskeraz egin daian. Ekintzok oso harrera ona daukie orokorrean”. Okupazinoaren kronikea Hasikeran aitatu dogun moduan, aurtengoa urte berezia da Zamudioko gazteentzat, eta 20. urteurrena dala-eta ekitaldi ezbardinak antolatuko ditue urte osoan zehar. “Hil bakotxeko hirugarren barikuan zerbait egitea pentsau dogu. Urtarrilean, adibidez, asanblada irekia egin genduan oraingo eta lehengo kideen artean, eta otsailean, argazki erakusketa bat. ZGAk aurrera eroan eban okupazinoaren kronika bat egiteko asmoa be badaukagu, eta herriko jenteagaz bideo bat grabauko dogu”. Ekintzak zehaztu ahala emongo dabe hareen barri. Gazteen ohiturak be asko aldatu dira hamarkada bi honeetan. Orain dala urte batzuk, esate baterako, modan ipini ziran gazteen lonjak eta, auzokideakaz egon leitekezan arazoak alde batera itxita, normaltzat joten dan fenomenoa da gaur egun; pentsauezina, Aneren garaian. “Beno, Zamudio herri txikia da eta gazte guztiek ezagutzen dabe alkar. Baina egia da, gazte lokal bat egongo balitz, bertan adin eta gustu askotariko gazteak batuko liratekela. Eta horrek, azken baten, hartu-emona ahalbidetzen dau”, esan dau Nereak. Eretxi berekoa da Maider. Lokal autogestionaua da euren helburuetariko bat, beharrean jarraituko dabe, “oraindik gauza asko dagozala egiteko”, herriko gazteen beharrizanei ahotsa emoten, eta ekitaldiak antolatzen. Gazte Eguna Gazte Eguna IGAk urtean zehar antolatzen dauen ekintzarik indartsuena da, zalantza barik. Hiru egunetan egingo dabe aurten: apirilaren 10ean, 11n eta 14an. “Barikua umeei zuzenduta egongo da eta, besteak beste, jolasak eta hainbat tailer egongo dira. Zapatua gazteon eguna izango da. Txupinazoa goizeko 10etan botako dogu eta egunean zehar honeek eukiko doguz: gazte eskaintza, trikipoteoa, bazkaria, olinpiadak, Sakatu elektrotxaranga eta ekitaldia. Kontzertuak gaueko 11etan hasiko dira: Haxotz, Txapelpunk, Garilak 26 eta sorpresa bat. Bestalde, apirilaren 14an, martitzenean, brindisa egingo dogu. Meriendea prestauko dogu eta Daltondarrak taldeak kontzertua eskiniko dau. Susterrak tabernan izango da”. Zamudioko Gazte Eguna sasoian dagoan jaialdi bat da, bai lehen, bai orain. “Urterik urte joan zan indarra hartzen. Bazkaria egiten genduan hasieran, gero txosnea ipini, kontzertuak ekarri...”, gogoratu dau Anek. “Batez be, aurreko eta osteko egunak oso gogorrak zirala gogoratzen dot nik”, esan dau Nereak, “Goizeko 7etan gelditu eta hurrengo egunean goizeko 10etan, beharbada, ailegaten ginan etxera, baina ez parrandan ibili ginalako, ez, beharrean ibili ginalako baino: dana lotu, txosnea montau, txandea egin, desmontau, plazea garbitu...”. Zamudio eta Txorierriko gazteak ez ezik, Algorta edo Elorrio lako herrietako gazteak batzen dira Gazte Egunean. “Guraso askok be hartzen dabe parte, eta seme-alabak plazara ekarten ditue. Kontzertuetan be gazte asko biltzen dira”. Gazte Asanbladako kide ohiak be han izaten dira. “Txandaren bat egiten dogu txosnan... Noski, nostalgiaz ikusten da. Gaztezaroagaz gogoratu eta hunkitzen zara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).