Gehienok urteetan Zamudioko bibliotekaria izan dalako ezagutzen dogu, baina, ziur asko, ez dogu jakin Amagoiak herriaren eta herritarren historiarako, genealogiarako, ohituretarako... grina handia dauala. Grina hori lerro honeetara ekarri dogu.
Zertan dauka interesa Amagoia Guezuraga Bilbaok?
Nire herriko historian, etnografian, ohituretan, herritarrak lehen zelan bizi ziran jakitean, zertan egiten eben behar... Ahal dodan datu eta informazino guztia batzea gustetan jat, neuk izateko eta jenteari ezagutzera emoteko be bai. Zer edo zer ikasteko. Gainera, uste dot Zamudiorako etorkizunean zer gura dogun aztertzeko be badala interesgarria. Hau guztia bat-bateko gauzea ez dalako; gu baino lehen jentea bizi izan da hemen.
Eta nondik edo norengandik jatortzu jakin-min hori?
Amamagaz bizi ginan, Lecunbarriko Kattalinagaz, eta berak beti kontau izan deuskuz antxinako gauzak, kantak... Amak eta izekoak be bai.
Noiz hasi zinan Historia, Genealogia, Etnografia... munduan sakontzen?
Genealogia asuntoan 1986. urtean hasi nintzan. Hemengo don Sabino abadeak laguntzen eustan zuhaitz genealogikoakaz nondik nora joan behar neban... 1987.-1988. urteetan, Etnografiari lotutako alkarrizketak egiten hasi nintzan Etniker Bizkaia taldeagaz. Janzkera, nekazaritza, abeltzaintza eta umeen jolasen gaineko datuak batu nebazan eta gero Atlas Etnográgico de Vasconia beharrean sartu ebezan. Eta Historiara.. ba kuriosidadeak berak eroaten zaitu... Asko gustetan jat dokumentuetan-eta topetan dodana herritarren testigantzeagaz batzea.
Adibidez?
Urteera bat antolatu da orain dala gitxi Aranoltza auzoan dagoan karobira, eta nik testutxu bat prestau neban azalpen eta datu batzukaz. Gauzea da, dokumentuetan ez dodala karobiaren inguruko datu idatzi zehatzik topau, orokorrak bai, ostera. Esate baterako, baserri biren arteko kontratua topau neban eta han zehazten zan soloan, urtean, zenbat kare bota behar zan, baina ezer gehiagorik ez. Gero, Etnografiari lotutako alkarrizketak egiten ibili nintzanean, alkarrizketatuetariko batek karobiaren gainean egin eustan berba.
Non arakatzen dozu?
Derioko artxibategian, Bizkaiko Foru Aldundikoan, Foru Agiritegi Historikoan, Foru Liburutegian... Simancaseko artxibategian be bai, edo Andaluzia aldeko artxibategietan... Batzuetan hara joan behar izan naz, baina aukera dago, gura dozuna lokalizau, eta informazinoa bialtzeko eskatzeko. Eta gero, jakina! herrikoen testigantzea be interesetan jat.
Denpora luzea dokumentu zaharren artean...
Bai, denpora asko behar da. Udako opor askotan, orduak eta orduak emon izan dodaz artxibategietan. Baina ez bakarrik Zamudioko datuak topetan, ez. Belendiz Arratzuko auzokoek , adibidez, laguntzea eskatu eusten auzoko eskolaren inguruko lantxua egiteko, eta Elorrioko batek be nigana jo eban, bere baserriaren historia liburu baten batu gura ebalako, eta nik lagundu neutsan liburuaren nondik norakoakaz. Eta inoz zamudioztarren batek laguntzea eskatu badeust, ba, lagundu deutsat, jakina.
Merezi dau?
Nire ustez, bai. Ameriketara joan ziranen datuak topetan be asko disfrutau dot. Ikasi dodalako eta oso gauza inportanteak topau dodazalako. Eta hara joandakoen seme-alabek, lobek... esan dabelako, beitu, Zamudion akordau dira nire aita edo aitite behin joan zala, interesa erakutsi dabe.
Gizarte-sareak, ezinbestekoak dira behar horretarako, ezta?
Bai. Hareen loba batzuk Facebooken bidez topau dodaz. Hango artxibategietan be arakau dot, euskal etxeetara deitu... Jentearen laguntzea ezinbestekoa da halako beharretan.
Eta zer egiten da hainbeste datu eta informazinogaz?
Nik dana gordetan dot, jentea hiltzen danean egiten diran gomutagarriak eta guzti. Oso baliagarriak dira datu batzuk ikusteko, familien arteko loturea zein dan jakiteko. Informazino asko eta asko eskuz idatzi eta paperean gordetan dot. Ez dakit, nire sistemea da; fidagarriagoa dala uste dot.
Topau dozun datu esanguratsuren bat esango zenduke?
Ba, ez dakit esanguratsua dan, baina San Antolineko Kofradiaren gaineko datu bat, 1.500 eta pikukoa, topau nebanean, “subidoi” handia izan zan niretzat. San Tomaseko ermitako jaiak egiteko baimena noz eskatu zan be bai, Udalaren antolamendua zelangoa zan, lehen auzo bakotxak ordezkari bat ebalako... Testamentuen zehaztasuna be aitatzekoa da: alabari buruko hau itxiko deutsat, nire baserriko hilobian lurra emotea gura dot... Gauza kuriosoa topau neban behin: batek bere ondorengoari ez dakit zenbat “abeja” itxi eutsan, eta ni bueltaka ibili nintzan asuntoagaz, arraroa egiten jatalako. Erleak? Ba, gero konturatu nintzan, argizariak egiteko, jakina, erleena behar zala. Lapurreten gaineko datuak be badira interesgarriak. Bati, esate baterako, lapurtu eutsien Gasteizko feriara joiala, eta zorrakaz lotu zan. Asko disfrutetan da halako gauzak topetan, eta bila zabiltzana agertzen ez bada, amorrua emoten dau.
Eta Ameriketara joan ziranen gainean?
Pelayo Aldana Ameriketara 13 urtegaz joan zala topau neban erregistroan, eta nik pentsau neban: Baina zer egiten dau 13 urteko mutiko batek itsasontzian, hemendik Liverpoolera, eta handik New Yorkera? Erregistroan begiratzen jarraitu neban eta amaren lehengusu bategaz joan zala ikusi neban... Askok txarto pasau eben han, batez be lehenengo joan ziranek: urteak eta urteak mendian eta herrira bakarrik Gabon inguruan bajau, bakardadea, hezkuntza-arazoak... Seme-alaba edo loben esanetan, batzuek ez eben gauza askorik kontetan Zamudioren inguruan, mingarria zalako, beharbada. Beste batzuek, ostera, bai... Guk senideak doguz han eta etxera etorri ziranean “ventana”gaitik galdetzen euskuen. “Zein leiho?” esaten geuntsen guk. Ba, antza, aititak kontau eutsen, erromerietara joaten zanean, logelako leihoa zabalik itxi ebala, gero ordu txikietan-edo handik sartzeko. Interes handia daukie hemengo gauzetan, amerikarrak diran arren, sustraiak beste herri batzuetan daukiezalako.
Herriko baserrien inguruko lantxua be egin dozu.
Bai. Baserri bakotxa mundu bat da maila guztietan. Baserriak ez dira bakarrik arkitektura eta itxurea, genealogia eta han bizi izan diran familiak be badira. Baserriko izenak be badira inportanteak, batzuek maizterren izena hartu dabelako. Esate baterako, bere izen ofiziala Lekunbiz behekoa dan arren, guk baserri hori Fuentene moduan ezagutzen dogu. Zergaitik? Bertan iturri bat egon zalako? De la Fuente abizenetik dator, agian?
Zuk badakizu zergaitia?
Ez, hori topetan nabil. Ikerketea horretan datza hain zuzen be: datuak topau, hemen eta han ikusi, kontrastau... eta ez datu hutsagaz lotu.
Herriko ondarea aztertu dozu. Jakitun gara herrian dagoanaz?
Ez dakit. Baina badakit oso ondare aberatsa dogula eta hainbat ekitaldi eta urteera antolatu ahal dirala: ermitaz ermita egiten dan moduan, ba, baserriz baserri, auzoz auzo, herritik be bai, eleiza, Zamudiotorre, Kadalso baserria... Penagarria da azken horren egoerea.
Zure saltsan zabilz artxibategietan; dakizuna, topetan dozuna, besteei jakinarazoten be bai?
Hitzaldi batzuk emon dodaz, Bilbon egin zan Familia-historiaren gaineko Kongresu batean hartu dot parte, Ondarearen Europako Jardunaldien haritik, igaz Derioko Seminarioan egin zan mahai-inguruan... Lagatzu euskera alkartekoakaz be ibili naz “Ermitaz ermita” ekintzan azalpenak emoten, baserriz baserri be bai, lehen aitatu dodazan jardunaldiak dirala-eta... Gustetan jat. Testu bat irakurri eta “ba, bale” esan daike jenteak, baina gauzak zuzenean ikusten diranean, beste interes bat sortzen da.
Artxibategian sartzen zaran hurrengoan, zer ikertzeko izango da?
Uf! Ez dakit! Ahal dodan guztia aztertuko dot. Hainbeste gauza dagoz: eskolea, neskak noiz hasi ziran hara sartzen, irakasleei zelan ordaintzen jaken, baserriak, Larragoiti familia...
Hurbiletik
Amagoia 1967. urtean jaio zan. “Garai hatan Zamudio Bilbokoa zan, baina ni zamudioztarra naz, e! Ama Zamudioko Lecumbarri baserrikoa, eta aita, Belarrene Goikoelexaldeko auzoko Amaricaguena-mayor baserrikoa”. Historian lizentziaua da eta “Noblezia-zuzenbidea, genealogia eta heraldika” masterra dauka eginda. Euskal Kulturan graduondokoa be badau. Urteak emon ditu Zamudioko liburutegian eta gaur egun irakasle dabil Elorrioko institutuan.
Antzinako alkartearen presidentea be bada (antzinako.org). “Euskal Herriko genealogiston alkartea da, baina Iparraldeko eta Argentinako, Amerikako kideak be badoguz. Berrehun kide inguru gara. Informazinoa partekatzen dogu, datu-basea daukagu eta Antzina aldizkaria argitaratzen dogu urterik bitan. Kideei zuzendutako ikastaroren bat be antolatzen dogu, bisitaren bat...”. The Basque Branch alkartearen kidea be bada. “1993. urtean beka bat lortu eta Renoko unibersidadera joan nintzan. Han Lisa Corcostegui eta Maria Barinaga-Tipton ezagutu nebazan eta bertako jenteak genealogian eban interesa kontuan hartuta, alkartea sortzeko proposamena egin eusten. Jenteari laguntzen deutsagu euren arbasoen sustraietan arakatzen; hareek handik eta nik hemendik. Adibidez, Who is who programea daukie han eta behin Gabilondo abizena eban bat konbidau eben, Mexikotik ailegau zana. Gabilondo Zumarraga eta Gabiria inguruko abizena da. Ba, ni hara joan nintzan informazino bila. Datuak batu, txostena idatzi eta bialdu”.
Euskalkultura.com eta Zamudio orain! argitalpenetan kolaboraten dau eta blog bat dauka: zamudioztarrakatzerrian.blogspot.com.es. Gaur arte liburu bi argitaratu dau: Elementos heráldicos en la iglesia de San Martín de Artega de Zamudio eta Txarribodea Zamudion.
Gai nagusia