Kartzarot taldeak Arima ez da galtzen lana aurkeztu eban zapatuan, Satélite T Deustuko aretoan. “Pozik eta gustura ibili ginan. Ia ordu biko kontzertua emon genduan eta uste dot soinu polita atera genduala. Gainera, jentetza batu zan aretoan eta sarrera eta disko pilo bat saldu genduan”, esan deusku Asier Vicario lezamarrak, taldearen abeslaria danak.
Zazpi abestik osatzen dabe Arima ez da galtzen diskoa. Asierrek azaldu deuskun moduan, abestietariko hiru 90eko hamarkadaren hasieran idatzi ebezan, baina, zoritzarrez, han aztertzen diran gaiak indarrean dagoz gaur egun. Halan, Ume gaixoak abestian, gerren eta goseteen ondorioz, mundu osoko umeek jasaten daben egoera latza salatzen dabe; Indartsuen erosotasuna kantan, gazteen langabeziaren gainean egiten dabe berba; eta 7ak bateginik abestian nazionalismoaren atomizazioaren inguruko salaketa egiten dabe. Gainontzeko abestiak azken urteotan joan dira konposaten. Patakon abestia Galdakaoko bidelapur ospetsuari omenaldi bat da, eta Stop kaleratzeak kantan etxegabetzeak eta hareen inguruko problematikea aztertzen dabez. Sehaska kanta abestian gurasoak diran heinean daukiezan kezkak jaso dabez, eta Zure deia Watsapean kantea beren buruari egindako omenaldia da. “Kartzaroten itzuleraren historia da; eta bai, gure alde erromantikoa landu genduan bertan”. Aiora Rementeria Zea Mays taldearen abeslariak eta Rafa Rueda musikariak kolaborazioa egin dabe Sehaska kanta abestian, baina ez dira diskoan parte hartu daben bakarrak izan. “Disko hau jai bat izan da guretzat eta han parte hartzeko gonbidapena luzatu geuntsen bai aspaldiko lagunei, bai lagun barriei. Esperientzia polita izan da”.
Kartzarot taldea 1989. urtean sortu zan. Euskeraz abesten eben heavy metaleko bandak agertu ziran garai hatan, eta Kartzarotek bere lekua egin eban hareen artean. Hamar urte ostean banandu ziran eta 2013. urtean barriro alkartu ziran, Lezaman 20 urte lehenago emondako kontzertu baten grabazinoa ospatzeko. Gainera, Iberia Metálica diskoetxeak CD batean jaso zituan taldearen aurreko lan biak. Gauza batek bestea ekarri eban eta taldekideek entseguak berrartu zituen; antxinako abestiak landu zituen eta kanta barriak urteten hasi ziran. Emaitzea Arima ez da galtzen lana da, Kartzarot taldearen esentziaren islea dana. “Menditik ninoiala ustelduta egoan enbor bat topau neban, baina barrukoa ukitu barik ebana. Argazki batzuk bota neutsazan diskoaren portadea izan leitekelakoan, eta momentu horretan etorri jatan izenburua. Izan be, urteak pasau diran arren, eta hori kanpotik nabaritzen bada be, geuk be ukitu barik daukagu barrukoa. Lehengo arima bera daukagu, bai gustetan jakun musikari jagokonez, bai gure kezkei, aldarrikapenei... jagokenez”.
80 hamarkadako heavyaArima ez da galtzen autoekoiztutako diskoa da. “Beste aukera batzuk euki doguz, baina horrek baldintza batzuk onartzera behartzen genduan, beharbada, eta guk gura genduan diskoa % 100ean gurea izatea. Bagenkian non grabau gura genduan, zein soinua gura genduan, zelako diseinua...”.
Bateria izan ezik, Grabasonic estudioan grabau zana, diskoa Sound of Apocallypse Asuako estudioan grabau da. “Heavy metala bereziki zaintzen dabe han eta horregaitik jo genduan hareengana. Egia esan, oso pozik gagoz emaitzagaz. Ordu pilo bat emon dogu estudioan, detaile bakotxa zaindu gura gendualako, eta estudiokoek pazientzia handia euki dabe gugaz. Lan ona urten jaku, 80ko hamarkadako heavy metal estilokoa”.
Txorierrin, hurrengo lekuetan erosi daiteke diskoa: Oxangoiti, Goxo-goxo Lohitzun eta Grisson (Lezama), Aretxabala (Larrabetzu); Susterrak (Zamudio); Akelarre (Derio); eta Atarrabi (Sondika). Promozio-beharrak egin behar dira orain eta dagoeneko hiru kontzertu itxi ditue: lehenengoa, maiatzaren 23an, Zamudioko jaietan; eta beste biak, Lezaman. Halanda be, Asierrek esan deusku ez dabela kontzertu asko emoteko asmorik, ezta astirik be. Kartzarot gelditzeko itzuli dan be ez daukie argi. “Kontzertu horreek prestauko doguz, baina bien bitartean ez dakigu zer gertatuko dan. Disko hau grabau gura genduan eta halan egin dogu, baina orain batek daki... Ilusino handia dogu eta uste dogu honek jarraitasun bat eukiko daula, baina ezin dogu esan norainokoa izango dan. Eta hobeto, horrek presinoa arintzen deuskuelako”.