Jon Ricak (Lezama, 1996) futbolean jokatzen zuen txikitan, baina duela bost urte errugbia aurkitu zuen eta, harrezkero, ez du utzi. Mungiako eta Bilboko taldeetan jokatu du, baina ikasketak direla-eta Bartzelonara joan zen iaz, eta gaur egun bertako talde batean aritzen da.
Noiz eta zelan hasi zinen errugbian jokatzen?
Egin nuen lehenengo kirola futbola izan zen. Txikitan, Bizia taldean hasi nintzen jokatzen, Lezamako ume gehienek bezala. Gero, Sondika taldera joan nintzen, baina 2010ean errugbia ezagutu nuen, DBHko bigarren mailan nengoela, eta dena aldatu zen. Mungiako jokalari bi etorri ziren eskolara, errugbia irakastera eta ezagutaraztera, eta nik oso ondo pasatu nuen. Gainera, Mungiara joateko gonbitea egin ziguten, benetako entrenamendu bat egitera, eta orduan konturatu nintzen hau zela nire kirola. Erabakia argia izan zen: futbola utzi eta errugbian hasi nintzen.
Zein postutan aritzen zara? Zein taldetan ibili zara?
Nire postua erdi-melea da: taldekideei agindu behar diet zein jokaldi egin, norantz jokatu… Beste alde batetik, pilota banatu behar dut, hau da, hainbat pertsona pilatzen diren momentuan, nik pilota bertatik ateratzen dut eta taldekideei pasatzen diet. Taldeei dagokienez, Mungia Rugby Taldean hasi nintzen 13 urte nituenean. Urte bi pasa eta gero, jokalari gutxi egon ginen eta Universitario Bilbao Rugby taldea osatu genuen. Bertan hurrengo urte bietan jokatu nuen. Iaz, Bartzelonara etorri nintzen, eta orain Barcelona Universitari Club taldean nabil. Horretaz gain, Bizkaiko Selekzioarekin jokatu dut pare bat aldiz.
Zergatik errugbia? Zerk erakartzen zaitu?
Errugbia kirola baino gehiago da, beste kirolek ez duten gauza asko ditu: taldekideen arteko giro izugarria; epailearekiko eta aurkariekiko errespetua; hirugarren zatia, hau da, partida amaitu eta gero taldeok zelaiko tabernan edo taldeko txokoan biltzen gara eta bertan ogitartekoak eta edariak hartzen ditugu partidaren gorabeherak geure artean komentatzen ditugun bitartean... Horretaz gain, errugbia kontaktuzko kirola da, fisikoki asko eskatzen dizu eta horrekin asko disfrutatzen dut. Gauza horiengatik guztiengatik dut errugbia gustuko. Gainera, Espainia mailan gutxienen kirol bat da eta errugbilaria izateak bereizi egiten zaitu.
Jokatzeaz gain, errugbia ikustea ere gustatzen zaizu?
Bai, noski! Errugbia ikustea ere oso gustukoa dut, baina ez jokatzea bezainbeste. Normalean, internet bitartez ikusten ditut partidak, eta hainbat talde gustatzen zaizkit: Toulon talde frantziarra, Biarritz Olympique talde euskalduna, Reds talde hegoafrikarra, Munster eta Leinster talde irlandarrak… Era berean, Irlandako Selekzioa da nirea. Jokalariei buruz hitz egiten badugu, Brian O’Driscoll irlandarra da gogokoen dudana. Iaz utzi egin zion jokatzeari, baina tira... Zeelanda Berriko Quade Cooper eta Mathieu Bastareaud frantziarra ere gogoko ditut. Txapelketei dagokienez, batzuk ikusten ditut: Frantziako Liga, Heineken Cup errugbiaren Txapeldunen Liga, eta zelan ez, baita Sei Nazioen Torneoa ere. Aurten Irlandak irabazi du berriro (kar, kar...). Munduko Txapelketa ere oso ikusgarria da.
Errugbiak oso kirol bortitza ematen du, kontaktu handia duen horietako bat. Horrelakoa da benetan?
Bai, errugbia horrelakoa da, kontaktua eta aipatzen duzun bortizkeria hori arauen barnean daude. Baina ez pentsa, kanpotik gogorrago dirudi: zelaian zaudenean kolpe gogorrak egon arren, berdin zaizu, jokalariok jokatzen jarraitu nahi dugulako. Adibidez, nire bigarren urtean, plakaketa ilegal bat jaso nuen eta klabikula apurtu zidaten. Aurkaria ni baino hiru aldiz handiagoa zen (kar, kar). Horrek ez zidan beldurrik eman: banekien ondo osatuko nintzela eta prest egongo nintzela errugbian jokatzen jarraitzeko. Eta zorionez hori gertatu da. Horren haritik, esaldi eder bat irakurri nuen behin: futbolean, 11 jokalarik 90 minutu ematen dituzte lesionatuta daudela antzezten; errugbian, aldiz, 15 jokalarik 80 minutu ematen dituzte ondo daudela antzezten.
Bartzelonan, ikasten... eta jokatzen
Joni izugarri gustatzen zaio kirola, eta horregatik joan zen Kataluniara, kiroleko goi-mailako zikloa ikastera. “Kataluniara etorri nintzen eguraldia ederra delako eta nire gurasoen lagun batzuk hemen bizi direlako”. Jonen bizitza erabat aldatu da, baina gazte lezamarra gustura dabil. “Katalana ikasi dut eta horrek lagundu egin dit hemengo bizitzara moldatzen. Izan ere, hemen leku guztietan entzuten duzu katalana, benetan maitatzen dute euren hizkuntza. Euskaldunok berdin egin beharko genuke”.
Jon Bartzelonan bertan bizi da, klaseko bi ikaskiderekin batera, eta bere bizimodua ikasle batena da. “Klaseetara noa, gimnasiora, lagunekin kalera… Etxean egingo nukeen bizitza, baina hiri erraldoi batean eta jende berriarekin (kar, kar)”. Eta noski, errugbian jokatzen du, BUC, Barcelona Universitari Club taldean, Estatuko Bigarren Mailan. “Errugbia hemen Euskal Herrian baino askoz ezagunagoa da eta jokalari eta talde gehiago daude. Katalunian beste era batean jokatzen dute eta beste era batean ulertzen dute kirol hau”.
Gaztea eta ...