Kar, kar, kar

Aikor aldizkaria 2015ko api. 29a, 13:36

Testua: Jasone Astola, irakaslea

Barreaz hitz egitera natorkizue gaurkoan. Izan ere, bizitzako osagai dugu irria, kide iheskorra, ordea, sarri askotan, baina behar beharrezkoa eta onuragarria gure osasunerako. Zergatik eman garrantzia barreari, bada? Definizioz, umore ona nagusi den egoeren zein momentuen aurrean gizakiok dugun erantzun biologikoa dugu barrea. Ahoa nahiz aurpegiko beste zenbait atal mugituko ditugu barre egiteko eta nork bere soinua sortzen du barre egitean, soinu berezia; zaila edo ezinezkoa da, beraz, barre bera duten lagun bi aurkitzea. Barre egiteak onura ugari dakarzkigu, zalantza barik. Barreak eragin sendagarria duela diote aditu askok. Gogora dezagun, barre egitean, gure gorputzeko laurehun muskulu inguru aktibatzen ditugula. Barre-algarak bihotza indartu, arnastea hobetu, endorfinak jariatu, digestioa arindu eta harreman afektiboak sendotzen ditu, bestek beste. Estresari aurre egiteko, esaterako, baliabide ezin hobea da, eta nork ez du estresik jasaten gaur egun? Barrea eta umorearen garrantziaz konturatu zirenen artean Freud neurologoa aipatuko dizuet. Eragin negatiboa askatzeko, barre egiten zuten bere saioetan. Urte batzuk beranduago, zenbait ikerketa zientifiko egin ondoren, Freudek egiten zuena estresa askatzeko oso ona dela konturatu dira, gure kortexak karga elektriko negatiboak libratzen baititu barre egin ondoren. Dena den, ez da gaur egungo aurkikuntza; izan ere, duela 4.000 urte, txinatar tenpluetan osasun arazoak zituzten pertsonak bildu eta barrea erabiltzen baitzuten beraien arazoak konpontzeko. Barrea, estresa arintzeko izateaz gain, hobeto sentitzeko ariketa ere bada. Besteak beste, erlaxatzeko, kreatibitate handiagoa lortzeko, eta beldurrak zein depresioak desagerrarazteko erabiltzen da. Helduok, baina, haurrek baino barre gutxiago egiten dugu; barrearen onurak zeintzuk diren jakinda, ostera, horrek ez luke horrela izan beharko. Ez da beharrezkoa, hala ere, barrez itotzea barreak mesede egin diezagun. Sarri, irribarrea, irriƱo samurra, nahikoa da ingurukoak alaitzeko, beti ere benetakoa bada. Egin diezaiogun barre geure buruari, egin dezagun barre elkarrekin eta oparitu diezaiogun irribarre gozoa lagun hurkoari, debaldekoa da eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).