Adrián Susmozas Rodriguez, La Vieja taldeko gitarr

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 14a, 12:23

Eszenatokian lau atso azaldu dira. Instrumentuak hartu eta rock and rolla egiten hasi dira. Arreta handiagoa ipini eta benetan lau atso ez direla konturatu dira ikusleak. Adrián, Eder, Aitor eta Xabier dira, La Vieja musika taldeko kideak, ileordea eta atsoen arropa jantzi dituztenak. Adrianek gitarra jotzen du taldean eta horren sortzaileetariko bat ere bada. Zamudioztarrak La Viejaren historia kontatu digu. Zelan sortu zen taldea? Ederrek, baxu-jotzailea eta abeslaria denak, lehenagotik zuen taldean sartu nintzen. Hilabete batzuetan ibili ginen kontzertuak ematen, baina beste taldekideek beste proiektu batzuekin saiatzea erabaki zuten eta taldea desegin zen. Ederrek eta biok jarraitu genuen elkarrekin. Rock talde bat osatzea hartu genuen helburutzat, Platero-eta taldeen estilokoa, eta orain dela bost urte inguru La Vieja sortu zen. Hasieran, beste talde batzuen bertsioak egiten genituen eta pixkanaka-pixkanaka gure abestiak konposatzen hasi gara. Orain dela urte bi serioago hartu genuen taldea eta handik hona gogor gabiltza lanean, ea musika munduan gure lekua egiten dugun. Zergatik La Vieja? Taldeari La Vieja Escuela deitzea pentsatu genuen hasieran, “egiteko lehengo era hori” apur bat errebindikatzeko. Baina luzeegia zen eta La Vieja izenaren alde egin genuen azkenean. Izen horrekin adierazi nahi dugu musika entzuteko, rock and rolla entzuteko, ez dagoela adinik. Zeintzuk dira La Viejak entzuten dituen taldeak? Extremoduro, Platero, Marea… Maketa bat duzue merkatuan. Maketa, La Vieja izenekoa, zortzi abestik osatzen dute. Apur bat denetarik dago: oso kañeroak diren abestiak, erritmo geldiagoa duten beste batzuk… Mi salvaje yo, esate baterako, Los Suaves taldeari omenaldi txiki bat da; Carretera y manta, AC DC taldeari; eta Te he dibujado abestia neska bati idatzi zion baxu-joleak. Ondo pasatzeko abestiak dira orokorrean. Une bakoitzaz eta egiten dugun gauza bakoitzaz gozatu behar dugula adierazi nahi dugu; eta rock and rollaz, jakina! Bideoklip bi be badituzue. Bai, Corazón de cuero eta Mi salvaje yo abestienak. Lehena Madriletik eta Mantxatik biran geundela grabatu zigun lagun batek. Mi salvaje yo bideokliperako atso mozorrotu ginen; eta beste lagun bat, Heriotza. Heriotza gure atzetik zebilen, gu harrapatzeko nahian, baina azkenean guk irabazi genion berari. Oso dibertigarria izan zen. Taka-Taka´s Tourrean zabiltzate murgilduta. Nora eraman eta eramango zaituzte “la viejonetak”? Kontzertuak batez ere Bizkaian eman ditugu, baina Madrilen, Ciudad Realen, Kantabrian, Zaragozan… ere izan gara. Maiatzean, Arnedon joko dugu (hilak 16), eta Bilboko Hika Ateneoan (hilak 22); ekainean, MungiRock aretoan (hilak 13), eta Rock Beer the New Santanderreko aretoan (hilak 19); eta uztailaren 4an, Tolosan, Langostino Motor jaialdian. Hainbat taldek bezala, kontzertuak zeuek topatzen dituzue. Esfortzu handia, ezta? Esfortzua eta dirua. Alde batetik, jotzeko aretoak han eta hemen topatu behar dira, haiekin harremanetan ipini, abesti batzuk bidali entzun ditzatzen… Eta bestetik, hara joan behar da. Normalean musu truk jotzen dugu, edo batzuetan edariekin ateratzen denaren portzentaje txiki bat ematen dizute… eta gasolina ordaindu behar da. Baina, tira, azkenean bazoaz, jotzea gustatzen zaizulako. Gu sarrera kobratzen hasi gara, bizpahiru euro. Nolako harrera dauka La Viejak? Ona. Badago taldetxo bat kontzertuetara beti datorrena. Lagunak dira, familia… Bestalde, kontzertuen ostean maketak saldu ohi ditugu. Urte bukaeran estudiora sartzeko asmoa duzue, zuen bigarren lana grabatzeko. Abesti berriak egiten gabiltza, eta uste dugu oso dotore geldituko dela. Oso abesti kañeroak egongo dira, beste batzuk erritmikoagoak izango dira, erritmo motelagoa duen abestiren bat… Ahal den arte Adrianek 26 urte bete berri ditu. Bateria jotzen ikasi nahi zuen, baina amak esan zion etxean ez zela halako tramankulu bat sartuko. DBHko laugarren ikasturtean zegoela, gurasoek gitarra erosi zioten. “Juanek, ile-apaintzaileak, irakatsi zidan gitarra jotzen. Gero, Eder ezagutu nuen eta bere taldean sartu nintzen. Nire kabuz ere ikasi dut, eta akademia batera joan naiz”. Taldekideekin gutxienez astean bitan entseatzen du, bateria-jolearen estudioan, eta gero, etxean, ahal duen guztietan. “Gure abestiez gainera, beste talde batzuenak ere jotzen ditugu, eta ondo egin behar da. Errepertorioa ere berritu behar da”. Rock and rollaren izar bihurtzea askoren ametsa da. Adrianek badaki hori oso zaila dela, “baina, aizue!, etorkizunean lortzen badugu, bada, primeran!”. Asko disfrutatzen du musika jotzen eta gustura dago eszenatokian. Horregatik, ahal den arte ailegatu nahi du musika munduan. Izan ere, etorri beharrekoa etorriko da. La Viejak bizitza luzea du aurretik.