Larrabetzuarra beheko mailetan hasi zan txirrindularitzan, eta urratsez urrats gailurrera heldu da. Orain dala hiru urte, munduko talderik onenetariko batek, Movistarrek, fitxau eban, eta aurton punta-puntako beste talde batera joan da, Sky talde britainarrera. Xabier zeruan dago.
Larrabetzuar peto-petoa zara...
Bai, amama Gaztelumendikoa zan eta ni be han jaio eta bizi izan nintzan. Gero neskeagaz urira joan nintzan bizitzera, eta gaur egun Gaztelumendin bizi naz barriro, anaiakaz batera egindako etxe baten. Badakizu, ahuntzak beti larrera (kar, kar). Bizitzea herrian egiten dot, baina, egia esateko, hainbeste egun etxetik kanpo emoten dodanez, etxean nagoanean nasaitasuna gura dot eta etxean egon gurago dot. Larrabetzu herri nasaia eta txikia da, badakit, baina, koadrilakoek esaten deusten moduan, gero eta eremutarragoa naz.
Egun pilo bat emoten dozu etxetik kanpo... Gogorra egiten jatzu?
Bai, batez be familiarentzat. Alaba bi dodaz eta gatxa egiten jat emaztea eurakaz bakarrik itxi behar izatea. Bitxia da, lasterketetan familia izaten dot gogoan, eta etxera itzultzeko irrikan egoten naz; eta etxean nagoanean, aldiz, hurrengo lasterketea noz etorriko zain egoten naz. Gurpil zoroa da (kar, kar).
Zelan hasi zinan txirrindularitzan?
Aitak eta osaba batek oso zaletasun handia euki eben txirrindularitzarako, eta eurakaz joaten ginan lasterketetara. Geroago, anaia, Mikel, txirrindulari egin zan eta gero ni be bai.
Anaia profesionala izan zan, baina zu ez, ordea. Gustauko jatzun?
Bakotxak jakin behar dau zein dan bere maila, eta nirea, argi dagoanez, ez zan nahikoa profesionala izateko. Guztira, zortzi urte emon nebazan txirrindulari, eta 20 urte nebazala itxi neban. Ez neban etorkizun handirik ikusten eta garai hatan Gasteizen nenbilen ikasten, eta horri emon neutsan lehentasuna.
Danetarik egin dozu txirrindularitzan, ezta? Txirrindularia, zuzendaria, prestatzailea... Arlo guztiak ezagutzen dozuz.
Bai, eta masajista eta mekanikari be ibilia naz. Punta-puntako taldeetan zagozanean, askoz gehiago baloraten dozu zelan lortu dozun goi-mailara ailegatzen. Gainera, besteen lana ezagutzen dozu eta hori errespetaten ikasten dozu. Eta nabaritu egiten da nor heldu dan zuzenean eta nor ibili behar izan dauan pausoz pauso behetik goiko aldera heltzeko.
Orain dala hiru urte, Movistar taldera, munduko talderik onenetariko batera, heldu zinan. Zelakoa izan zan aldaketea, zaletu mailatik goi-mailara?
Ni zaletu mailako taldeetan ibilia nintzan eta 2012an talde barik gelditu nintzan. Halanda be, prestatzaile fisiko ibili nintzan neure kabuz txirrindulari batzuakaz. eta 2013an Movistar taldera iritsi nintzan. Ez pentsa zaletu mailaren eta goi-mailaren arteko aldaketea oso handia izan zanik, nik gauza bera egiten nebalako. Baina egia da, Movistar bezalako talde bat talde zaletu bat baino askoz handiagoa da: egitura eta presino handiagoa, txirrindulari hobeak...
Movistar taldean urte bi emon zenduzan. Zelangoa izan zan esperientzia?
Oso ona. Ni pozik ibili nintzan, baita txirrindulariak eta taldeko agintariak be. Emaitzei jagokenez, primeran: urte bietan, UCI ProTour sailkapenean talderik onena izan ginan eta nigaz behar egiten eben txirrindulariek hainbat lasterketa irabazi zituen. Eta arlo pertsonalean be, pozik: goi-mailako talde batean jarduteko gauza nintzala erakutsi neutsan neure buruari.
Eta zergaitik aldatu? Zergaitik Sky taldea?
Ez naz taldez aldatu, Sky edo haren txirrindularien maila Movistar taldearena baino hobea dalako. Eskaintza interesgarria iruditu jatan, txirrindularitzan Sky taldea kirol zientzian gehien inbertitzen dauana dalako. Oso talde barritzailea eta ekintzailea da. Gainera beste kultura bat, beste hizkuntza bat eta beste behar egiteko era bat ezagutzeko aukerea emoten deust Sky taldeak.
Hasikera baten, zuzendari aritu zinan, baina orain prestatzaile fisikoa zara. Hori ez da atzerapausoa? Zer gurago dozu?
Nik prestatzaile fisikoa izan gurago dot, besteak beste, txirrindulariakaz hartu-emon hurbilagoa eta zintzoagoa dozulako. Batzuetan, Movistar zein Sky taldeetan laguntasuna emon deutset zuzendariei, baina prestatzaile fisikoa naz batez be. Normalean, prestatzaile fisikoak zuzendariak baino maila txikiagoa dau, baina horrek niri ez deust ardura. Dana dala, Sky taldean ez da hori gertatzen; prestatzaileok poderetsuak gara, askotan zuzendariak baino poderetsuagoak. Prestatzailea urteko egun guztietan dago txirrindulariakaz hartu-emonetan, eta beharra ondo egiten ez badau, zuzendariak be ezin izango dau bere beharra ondo egin. Beraz, zein da garrantzitsuena? Prestatzailearen beharra. Eta filosofia hori Sky taldean baino ez dago, bitxia emon arren.
Gero eta garrantzi handiagoa dabe prestatzaileek, ezta? Emoten dau kirola zientzia bilakatzen ari dala...
Bai, eta horregaitik dabe zientzia-gizonek edo teknikariek gero eta eragin handiagoa txirrindularitzan. Lehen, txirrindularitzea erromantikoagoa zan, baina denporearen poderioz, beste kirol guztietan gertatu dan moduan, gero eta kontrol handiagoa dago. Txirrindularien arteko aldeak oso txikiak dira, eta dana neurtu eta kontrolau behar da, irabazi ahal izateko: bizikletearen pisua, eguraldia, gurpilak, txirrindularien indarbarritzea, elikadurea, hurrengo etapearen profila, aurreko egunean txirrindulari bakotxak emon dauan errendimendua...
Hainbeste kontrol egoteak ez deutso kirolari erromantizismorik kentzen?
Bai, baina kontrolak gauza onak be ekarri ditu. Esate baterako, txirrindularien segurtasuna handitu dau, eta gainera, kontrolari esker, txirrindularien arteko aldeak murriztu dira eta, ondorioz, ikusgarriagoak dira lasterketak. Bizitzea aurrera doa, eta kirola be bai. Ezin deutseguz aurrerapen teknikoei bizkar emon.
Irakurrita daukat metodikoa, serioa eta zehatza zarala beharrean... Horrelakoa da?
Beharrean langilea eta serioa izan behar zara, bestela... Zoriontsua naz, neure beharra izugarri gustetan jatalako. Onerako edo txarrerako, nik ez dot ordutegirik, bardin deust zenbat ordu egon behar dodan. Goi-mailako kirolean holan ibili behar da, ez dago jaiegunen eta astegunen arteko desbardintasunik. Eta buruan beti martxan egon behar da. Ni pozik nabil holan, txirrindularitzea beharra baino gehiago pasinoa dalako. Zehatza edo serioa nazala? Ez dakit, ni ahalik eta ondoen egiten saiatzen naz.
Argi dago txirrindularitzea maite dozula. Zelango eragina euki dau dopinak kirol horretan? Kalte handia ekarri deutso, ezta?
Bai, dopinak krisi bortitza eragin eban txirrindularitzan, baina egurra jaso arren, zaletu kopuruari eutsi deutso. Gaur egun, zorionez, oso kirol garbia dogu, oso kontrolauta dago. Eta horrelakoa da txirrindulariek eurek halan eskatu dabelako. Izan be, eurek onartu eben Adams pasaporte biologikoa, hau da, esan behar dabe egunero-egunero non dagozan eta zer egiten daben. Tenislariek, aldiz, ez eben onartu. Txirrindulariek duintasuna galdu dabe, argi eta garbi jokatu gura dabelako. Horrek ez dau esan gura dopinik egon ez danik. Dopina egon da, beharbada badago eta beharbada egongo da, txirrindulariak erabat kontrolatzea ezinezkoa dalako. Baina mentalidadea aldatu egin da, eta gaur egun, taldeok borrokatzen dogu dopinaren kontra. Sky taldeak, esate baterako, dopinaren inguruan ibili ziran guztiak kaleratu zituan. Oso zorrotzak dira eta argi daukie gauzak zelan egin gura dituen. Halanda be, esaten da kirol zikina dala, baina ez nago ados: kontuan izanda txirrindulariei zenbat azterketa egiten jaken eta zenbat gainditzen daben, txirrindulariak ez dira positibo gehien emoten daben kirolariak. Dana dala, gaur egun txirrindularitzeak beste arazo batzuk ditu...
Zeintzuk?
Batez be ekonomikoak, eta UCI Protour zirkuitutik kanpo. Goi-mailan ez dago krisirik, baina beheko mailan gorriak ikusten ditue. Talde gitxi dagoz, eta gazteek ez dabe aukerarik profesional mailan aritzeko. Talde txikiak doguz faltan.
Ibilbidea
Jaiotze lekua eta urtea:
–Larrabetzu, 1978a.
Ikasketak:
–Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna. Beharrean egoala, 2005etik 2010era bitartean, doktoretza eta masterra egin zituan.
Taldeak:
–Olarra (2001-2004)
–Seguros Bilbao (2005-2010)
–Caja Rural (2011)
–Movistar Team (2012-2013)
–Team Sky (2014-...)
Talde barritzailea
Xabierrek zortzi txirrindulariren prestakuntzea zuzentzen dau Sky taldean, eta horrezaz aparte, batzuetan lasterketetara joaten da zuzendariari laguntzera. Besteak beste, Italiako Giroa, Esloveniako Tourra, Donostiako Klasikoa eta Espainiako Itzulia dagoz bere egutegian. Talde britainiarra munduko onenetariko bat da. Askotan, Apple informatika enpresagaz alderatzen da, benetan barritzailea dalako. “Erreferentziako taldea da Sky, eta guztiek sartu gura dabe taldean. Hemen pare bat urte emoten badozu beharrean, edozein tokitara joateko aukerea eukiko dozu. Antolakuntza ederra dago taldean, dana neurtzen dabe, eta oso talde handia eta profesionala da. Harritzeko modukoa da, benetan”.
Xabierrek Tim Kerrison txirrindularitza modernoaren guru barriagaz egingo dau behar Sky taldean. “Tim australiarra da, isila, jatorra eta oso langilea. Dana neurtzen dau zenbakietan. Nire ustez, ikuspuntu hotz batetik aztertzen dau txirrindularitzea; ikuspuntu erromantikoa botaten dot faltan, bera zientzia-gizona dalako. Baina asko daki eta oso persona argia da”.
Baina Kerrison ez eze, Chris Froome eta Bradley Wiggins munduko txirrindularirik onenenetarikoak be larrabetzuarraren taldekideak dira. “Erabat ezbardinak dira. Esaten da Bradley harroputza dala, baina ni ez nago ados. Nire ustez, presino handia jasan behar dau, Erresuma Batuan oihartzun handia daualako. Gizon nasaia, langilea eta lotsatia dala uste dot. Izugarrizko txirrindularia da eta hainbat lasterketa irabazi ditu. Profesional hutsa da, txirrindularirik profesionalenetariko bat, zalantza barik. Bestalde, Chris oso gizon zintzoa, esker onekoa, isila eta umila da. Nortasuna adierazo behar dauanean, adierazo egiten dau, baina era berean, badaki taldekideen beharra eskertzen. Oso erraza da beragaz behar egitea. Nasaiak eta langileak dira biak. Euren artean hika-mikak egon dira, baina oro har oso giro ona dago taldean”.
Gai nagusia