Olarreta Larrabetzuko pilota elkartea: Pilota berp

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 27a, 09:19
a: Idoia Andrés
Olarreta pilota elkartea 1999an sortu zen Larrabetzun, baina duela urte batzuk arazoak izan zituzten, ez zegoelako nahiko ume. Guraso batzuek taldeari eusteko eta, ahal den neurrian, berpizteko ardura hartu zuten, eta gaur egun argi dago lortu dutela helburua. “Duela urte batzuk Uritarrak futbol taldeak deialdia zabaldu zuen, herriko umeek futbolean jarduteko. Haiek futbola berpiztu zuten, baina kalte handia ekarri zigun horrek guri, pilotari. Duela urte bi hamar neska inguru baino ez ziren gelditzen paletan jokatzen Olarreta taldean. Nire alaba eta Amaia Etxebarriarena ziren haietako bi, eta gu sartu ginen taldean neskek jokatzen jarraitu ahal izateko, apur bat taldeari eusteko”. Horrela azaldu digu Alberto Rodríguezek zelan sartu zen Olarreta taldean. Denboraren poderioz, guraso batzuek bat egin zuten Alberto eta Amaiaren ahaleginarekin, eta guztion artean behin betiko bultzada eman zioten taldeari. “Uritarrak futbol taldeak egin zuen moduan, geuk ere pilota eta Olarreta taldea bultzatzeko kanpaina egin genuen herriko umeen artean, eta erantzuna oso ona izan zen. Gaur egun neska-mutil larrabetzuar gehienek kirol biak egiten dituzte: pilota eta futbola. Are gehiago, Uritarra futbol taldearekin hitz egin dugu eta datorren urterako entrenamenduetako egunak koordinatuko ditugu, umeak bietara joan ahal izateko”. Gorka Saratxu da Olarretaren alde lan egin zuten guraso haietako bat, eta gaur egun, baita Olarreta pilota elkartearen presidentea ere. “Guztira, 80 pilotari daude Olarretan, eta, hainbeste direnez, elkartearen egitura teknikoa eta administratiboa sendotu behar izan genuen: besteak beste, diruzaina, monitoreak, teknikoak eta gurasoak ditugu, eta guztien artean aurrera eramaten dugu taldea”, esan digu Gorkak. Pilotari gehienak larrabetzuarrak dira, hainbat adin, maila eta modalitatetakoak: sei urtetik 40 urte bitartekoak, eskupilotariak, gomazko eta larruzko paletan aritzen direnak, eskolako kirolean ibiltzen direnak, federatuak... Entrenamenduak normalean astean birritan egiten dituzte eta, taldekoek aipatu diguten moduan, oso giro polita dago kide guztien artean: batzarkideak, monitoreak, pilotariak... “Oso garrantzitsua da hori, taldea behar bezala kudeatzeko”. Olarreta kirol taldea izan arren, euren iritziz, irabaztea ez da garrantzitsuena. “Guk ez dugu nahi umeak lehian sartzea bakarrik, guk hezi egin nahi ditugu umeak: ikasi behar dute irabazten eta galtzen, kontrako pilotariak errespetatzen... Eta oinarri hori barneratzen badute, gu pozik. Gazte zintzo, kirolari eta osasuntsuak nahi ditugu. Hori entrenamenduz entrenamendu landu behar dugu. Gu etorri baino lehen taldean egon zirenek oinarri horiek ezarri zituzten eta guk filosofia berberari eutsi diogu”, aipatu du Gorkak. Garaipenak Eta lan horrek guztiak aurten eman ditu fruituak; hau da, txapelak. Esate baterako, Egoitz Leginak eta Asier Del Ríok osatutako bikoteak GRAVNI Txapelketaren gomazko paleta modalitatearen finala irabazi zuten gazte mailan. Gainera, Olatz Arrizabalagak eta Ane Villanuevak ere ekarri zuten txapela Larrabetzura, txapelketa eta modalitate berean, baina 22 urtez azpiko kategorian. “Neskek eskarmentu handia dute eta euren txapelak ez gaitu ustekabean harrapatu. Mutilena, aldiz, ez zegoen batere argi. Hasiberriak dira eta finala oso gogorra izan zen. Partidaren azken txanpan 19-24 izan zen markagailua, baina sei tanto jarraian egin zituzten eta azkenean 25-24 irabazi zioten Nafarroako bikoteari”. “Beste final batzuk jokatu eta galdu egin ditugu, baina tira, pozik gaude gazteek lan txukuna egin dutelako. Garaipena ez da helbururik garrantzitsuena, baina agerian uzten dute atzean dagoen lana, seriotasuna... Gainera, txapelek ilusioa ekartzen die gazteei eta pilotarako zaletasunari eusten diote”. Horretarako, ereduak ere badira onak. Esate baterako, Adrián López pilotari larrabetzuarra sendo dabil zaletu mailan, eta duela urte batzuk Bizkaiko Kluben Lau t´erdiko Txapelketa irabazi zuen. Adrián profesional mailan debuta egiteko zorian ibili da. “Bere adineko pilotaririk ez dugu, baina umeek erreferentetzat hartzen dute”. Pilotari dagokionez, Olarreta taldea ere bada erreferentea Larrabetzun. Frontoiaren 30. urteurrena Larrabetzuko frontoiak 30 urte bete ditu aurten, eta Olarreta Pilota elkarteak, noski, bat egin du ospakizunekin; are gehiago, Udalarekin eta Xaker zein beste herriko talde batzuekin batera antolatu ditu ospakizunak. “Larrabetzuko umeak oso era naturalean etortzen dira frontoira, normalean zabalik dagoelako. Frontoia herriko beste plaza da, baina estalia, herriko areto estali bakarra, hain zuzen ere. Frontoia oso lagungarria da batez ere euria egiten duenean, eta batez ere guraso eta umeentzat. Neguan jendea sartzen da jolastera eta babestera. Eta frontoian ez da bakarrik pilotan jokatzen, ez horixe!: dantzak, Inauterietako desfilea, antzerkia, umeentzako jolasak, saskibaloia, bertsolariak, aizkolariak...”, esan digu Gorka Saratxu Olarreta taldeko presidenteak. Guztira, hiru pilota-jaialdi antolatu dira, urteurrena ospatzeko. Lehenengoa maiatzaren 15ean egin zen. Gaztelumendi abesbatzak saio bat eskaini zuen, eta ondoren, frontoiaren garrantzia azpimarratzen duen bideo bat ikusteko aukera egon zen. Geroago, herriko pilotari batzuek ezohiko partida bat jokatu zuten. Izan ere, Itallen bertso eskolako ikasleak botilero aritu ziren eta bertsoak tartekatu zituzten partidan zehar. Eguna borobiltzeko, gauean pala partida laburrak jokatu ziren formatu amerikarrari jarraituz, hau da, ikusleek apustuak egiteko aukera izan zuten. “Oso borobila izan zen jaialdia. Abesbatzak barruan abestu arren, primeran entzun zen. Eta bertso-pilota partida berezi hura ere oso polita izan zen. Bertsolariak zein pilotariak fin ibili ziren eta ikuskizun ederra eskaini zuten”. Bigarren jaialdia maiatzaren 23an egin zen. Goizean, oroimenezko ekitaldi batek eman zion hasiera jaiari, eta ondoren, Bizkargi dantza taldeak emanaldi txiki bat eskaini zuen. Jaialdi horretan, Larrabetzuk erronka bota zion Zornotzari, eta herri bien arteko pilotariek pilota partidak jokatu zituzten hainbat mailatan. Indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria egin zen, eta arratsaldean, pala partidak jokatu ziren. Azkenik, abuztuan, Andra Mari jaietan, hirugarren jaialdia egingo da, eta bertan pilotari profesionalak arituko dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).