Miren Agur Meabe, idazlea: “Nire barruko apalak or

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 28a, 10:14
Argazkiak: Peru Iparragirre eta Itxaso Zarate
Idazle lekeitiarra maiatzean eduki dugu Zamudion, Lagatzu euskara elkarteak gonbidatuta. Bitsa eskuetan liburuaren poemarik esanguratsuenak hartu, eta ozen irakurri zizkigun. Telefonoz hitz egin genuenean, nahiko lanpetuta zenbiltzala komentatu zenigun. Zertan zabiltza? Zeregin askotan aldi berean: ikastetxeetara joan-etorrian, ikasleekin topaketak egitera; irakurle-txokoetako solasaldietan; eta tarteka emanaldiak edo hitzaldiak ere prestatu behar. Baita literatura ikastaro batzuk ere, Bilboko Esperientzia Gelatan. Irakurgai errazen sorta batean ere banabil parte hartzen; eta Elkar argitaletxearen Arian proiektuan, euskara nork bere kasa ikasteko. Lan aldetik estuegi nabil, bai. Hainbeste zereginen artean, idazteko astirik? Momentuan ezinezkoa zait idazteko patxada hartzea. Baina oraintsu aurkeztu dut azken liburua, Bihotzak dun-dun, umeentzako kontakizun luzea. Protagonistak, Leak, 9 urte ditu. Aita langabezian geratu da, eta familia kezkatuta dago. Egun batean, zarata handi bat entzungo dute: goiko Ixidro agurea jausi da. Eta Learen aita hasiko da zaintzaile (aita, ez ama, apropos). Ondorioz, zaharraren eta neskatxoaren arteko harremana hasi eta garatuko da. Truke horretan, Ixidrok gauza asko irakatsiko dizkio umeari, mundu zabalean ibilitako itsasgizona delako; Leak, bere aldetik, lagun egin eta kaleko haize freskoa eramango dio zaharrari. Idaztea eta bizitzea; gauza bera dira zuretzat. Adierazpen-batasuna dago nire bizipenenen eta testuen artean. Idatziz jartzean, errebelatu edo argitu egiten zaizkigu ordura arte zehaztugabeak ziren intuizioak. Zentzu horretan, nortzea (neure burua aztertzea) eta zertzea (liburua taxutzea) prozesu beraren bi alderdi bihurtzen dira. Beharbada, horrexegatik dauka zure barneko munduak isla zure lan literarioan. Beti idatzi izan dut nire barruko apalak ordenatzeko. Betidanik, idaztearen helburua emozioak gogoeta bihurtzea izan dut, eta gogoeta horiek makulu modura erabiltzea eguneroko bizimoduan aurrera egiteko. Batez ere poesia eta haur eta gazteei zuzendutako liburuak idazteagatik ezagutzen zaitugu, baina duela pare bat urte helduentzako eleberri bat argitaratu zenuen lehenengo aldiz: Kristalezko begi bat. Erronka izan zen? Beharrizana? Denetarik apur bat. Esperientzia mingarri bat prosaz adierazteko helburua jarri nion neure buruari. Alde horretatik, editore batek aspaldi botatako erronkarekin lotzen da, hark esan baitzidan neure buruaz idatzi arren beste ikuspuntu batetik eta beste tonu batekin egiten saiatzeko. Asko hitz egin da liburuaz. Ondoren, gaztelaniazko bertsioa taxutu nuen, eta polito zabaldu da. Udazkenean katalanez kaleratuko da, eta italierazko eta ingelesezko itzulpenak ere martxan dira. Helduentzako liburu gehiago egingo duzu? Nahiko nuke. Ea datorren udan zeri heltzen diodan. Gazteentzat nobela bat idazteko ideia darabilt, baina, egia esanda, ez dakit zer etorriko den. Aurreko galdera batean aipatu duzu Kristalezko begi bat liburua zeuk itzuli zenuela gaztelerara. Autoitzulpenaren aldekoa zara. Nahiago dut neuk egin, eta orain arte neuk itzuli ditut gaztelaniara bai poema-liburuak, bai haur eta gazteentzat idatzitakoak, gustatzeaz gain ariketa formal interesgarria iruditzen zaidalako. Gainera, testuaren jabea izanik, libre sentitzen naiz literaltasunetik pixka bat aldentzeko ere, komeni bada, bertsio berria egitera heldu gabe, noski. Bestalde, Kristalezko begi bat liburuaren kasuan bereziki, arrotza egingo zitzaidan hain istorio pertsonala inork emandako hitzetan berrirakurtzea. Emakume oparoa Miren Agur Meabe Lekeition jaio zen 1962. urtean. Irakasle-eskola eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu da hainbat urtetan. Euskaltzain urgazlea ere bada 2006. urtetik hona. Batez ere poesia eta umeei eta gazteei zuzendutako literatura landu ditu, eta oso ibilbide oparoa du arlo horretan. Bere lanek hainbat sari jaso dute eta horien artean hurrengoak aipa daitezke: Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuak (Kritikaren saria, 2001. urtean eta 2011. urtean hurrenez hurren); Itsaslabarreko etxea, Urtebete itsasargian eta Errepidea gazte liburuak (Euskadi saria, 2002. urtean, 2006. urtean eta 2011. urtean hurrenez hurren); eta Kristalezko begi bat (111 Akademiaren saria, 2013. urtean). Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007. urtean) eta Rosalia de Castro saria (2012. urtean) aipa daitezke. Nazioarteko idazleen arteko topaketetan hartu du parte, eta bere testuetariko batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).